Josu Juaristi
GAUR8

Haustura digitala eta soziala Europar Batasunean

Europako Batzordeak txosten ugari ateratzen ditu: europar komisario bakoitzak bere zuzendaritza orokorra du eta talde bakoitzean dauden teknikoek eta adituek makina bat esparru eta eremu aztertzen dituzte. Guztiek, elkarren ondoan jarrita, Europar Batasunaren erretratua izateko balio izan ohi dute.

Agenda Digitalerako zuzendaritza orokorrak eta Hezkuntza eta Kulturakoak indarrak batu zituzten orain dela gutxi Europar Batasuneko hezkuntza sisteman teknologia eta eduki digitalak nola ari diren txertatzen eta erabiltzen ikusteko. Argazkia orain dela pare bat aste erakutsi zuten, eta koloretan baino gehiago zuri-beltzean atera dela esan beharko genuke. Datu batzuk oso esanguratsuak dira:

- Europar Batasun osoa hartuta, 9 urteko ikasleen %60k ekipamendu digital eskasegia du edo ez du.

- Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle gehienek tresna berriak ez dituztela menperatzen onartu dute, eta, ondorioz, tresna horiek behar bezala erabiltzeko formakuntza beharko luketela onartu dute (irakasleen %70ek ikasteko gogoa adierazi dute).

Baina arazoa ez da, inondik inora, gela bakoitzean ordenagailu, eBook edota bestelako tresnak jartzea, baizik eta horiek behar bezala txertatzea formakuntza eta eduki digitaletan. Hezkuntza sistema berritzaileak behar direla adierazi du, oso garbi, Europako Batzordeak txosten honetan. Hori ez baldin bada horrela egiten, Europar Batasunak bi ondorio nagusi pairatu beharko ditu: barne haustura handitzea (estatu batzuk askoz ere aurreratuago daudelako kontuotan) eta kanpora begira lehiakortasuna eta lidergoa galtzea. Eta egoera konpontzeko gero eta denbora gutxiago gelditzen dela ohartarazi du Europako Batzordeak.

Berez, paradoxa bat da gertatzen ari dena: teknologia digitalak erabat integratuta daude gure ekonomia eta gizartean (gizartearen sektore zabal batean, behinik behin), gure seme-alabek (askok, behintzat) ederki asko ezagutzen dituzte, ezagutu, eskatu eta erabili (gehiegi sarritan, beharbada, edo era ez oso egoki batean), eta oso txikitatik gainera. Baina teknologia digitalek, edota, hobeki esanda, hezkuntzako eta erakundeetako agintariek, ez dute lortu hori era normal eta natural batean txertatzea hezkuntza sisteman, formakuntza sisteman. Orokorrean, Europar Batasuneko hezkuntza eta formakuntza sistemek ez dute lortu teknologia eta eduki digitalen potentziala integratzea eta aprobetxatzea.

Esan bezala, batez besteko datuak dira txostenean nabarmentzen direnak, baina estatuz estatu aztertuz gero hausturaren argazki osatu bat ateratzen da. Krisiaren kudeaketak haustura soziala areagotu egin du, krisiaren kudeaketak aukera gutxiago eskainiko dizkie pobreei eta gero eta pobreagoak direnei, eta horren ondorioak sekulakoak izan daitezke, izaten ari dira jada.

Irakurketa ohiturak

Txosten honek eta beste lan batzuek, gainera, beste hainbat elementu kezkagarri jarri dituzte mahai gainean. Orain aipatuko duguna oso adierazgarria da: gure seme-alabek gutxi eta gaizki irakurtzen dute, eta plazeragatik, eskolako «aginduetatik» aparte, ia ezertxo ere ez. Kasu honetan ere, sekulako haustura ari da sortzen Europar Batasunaren barruan: estatuen eta klase sozialen arteko haustura alde batetik, eta genero haustura bestetik, oraingo honetan, mutilen kalterako. Esate baterako, 15 urteko mutilen %25,9 baldin bada gutxi eta gaizki irakurtzen duena, 15 urteko nesken artean portzentajea %13,3 da. Alde handia da, estatu bakoitza mundu bat bada ere.

Ez pentsa, dena dela, arazoa irakurketa ohituretan eta ahalmenetan dagoenik; datuak oso antzekoak dira matematika eta zientzietan ere. Tresnak, berez, egon badaude, krisiaren kudeaketa txarrak hori guztia linbora bidali badu ere. Hezkuntzaren etorkizuna on posizioan egon beharrean off egoeran dago, eta horrek Europar Batasuneko arazoak larritu besterik ez ditu egingo.

Recherche