Ibon Goitia Bereikua
Lekeitioko Azkue ikastolako zuzendaria

Hel diezaiogun, behingoz, herri honek behar duen eskolari

Gureak ez diren Curriculumak eta arauek gidatzen gaituztelako. Behingoz, onartu beharko genuke egun dugunak ez digula balio herri libre, jendarte aurrerakoi, feminista, osasuntsu eta alai bat eraikitzeko.

Une batez, Ibilaldiaren azken prestaketa lanen itolarritik burua atera eta, gaur [duela astebete] Herri Urrats dela ohartu naiz. Zenbat oroitzapen: egun berezia izan ohi zen Herri Urrats gurean. Euskal Herrirako eskola euskaldun eta librea desio genuen. Gure herria nahi genuen bezalakoxea: Euskalduna eta librea!

Bi orduko bidaiarako autobusetan sartu eta segituan gurasoen arteko zurrumurrua: «Ekarriko zenuen DNIa ezta? Eta umeena?...». Muga madarikatua! «¡Buenas! Saquen sus DNIs o pasaportes». Ai eneeee!

Bereizten gintuen muga berak batu egiten gintuen hango eta hemengo euskaldunak. Batu haurrek geure hizkuntza, historia, kultura ezagutzearen eta bizitzearen alde. Horixe zuten ametsa: egunen batean Euskal Herriko eskola izatea, ez Frantziakoa ez Espainiakoa, Euskal Herrikoa. Eta amets hori helarazi egin ziguten geuri ere, barru-barrura sartzeraino. Barruak bultzatu nau, gaur, hau idaztera.

Kezkaz bizi dut gure herrian hezkuntzak jasaten duen egoera. Are kezka handiagoz zenbait sindikatu, eragile, eta abarren eskutik zabaltzen ari diren hainbat diskurtso. Diskurtso horiekin espainiar eta frantziar markoak indartu eta geurea kaltetzen dutelakoan nago. Denbora gehiegi eskaintzen diogu nork bere hezkuntza proiektua defendatzeari –korporatibismoari–, gutxiegi, ordea, herri honek behar duen hezkuntza sistemaz hausnartzeari. Egoera horretan galtzaile bakarra gure herria dela ikusten ari gara.

Horren adibide bat da, esaterako, euskararen erabilerak beheranzko joera hartu duela. Ildo horretan, adituek diote euskara irakastea ez dela nahikoa, haurrak euskalduntzeko kultur trasmisio osoa egin behar dela. Eta arlo horretan herri bezala epeltzen ari omen gara. Horri erantsi beharko genioke, XXI. mendeko hezkuntza erronkei iragan mendeko tresnekin erantzuten ari garela. Haurrak, soilik merkatu lehiarako prestatzen ditugu: PISA, diagnosi probak edo selektibitatea bezalakoekin haurren ongizatea eta beren gaitasuna mugatzen ari gara. Bestalde, euskalduna ez den beste kulturetatik datozenei euskaldun gisa bizitzeko baliabideak emango dizkien eta aniztasuna arazo baino indargune bihurtzen jakingo duen hezkuntza sistemarik ez daukagu. Gizarte kohesioa sustatzetik urrun dago gure eskola. Zergatik hori guztia? Gureak ez diren Curriculumak eta arauek gidatzen gaituztelako. Behingoz, onartu beharko genuke egun dugunak ez digula balio herri libre, jendarte aurrerakoi, feminista, osasuntsu eta alai bat eraikitzeko. Eta ondorioz, arreta osoa jarri geure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari.

Zer-nolako Euskal Herria izan nahi dugu? Eta horretarako nolako eskola behar dugu? Galdera horiek dira erantzuten hasi beharko ginatekeenak. Abiapuntua, bederen, argi: euskaldunon bihotz, buru eta begietatik mundura begiratzen irakatsiko duen eskola behar dugu. Haurra erdigunean jarriko duena; bere ikasteko berezko gaitasuna aitortuta mundua aztertu, ulertu eta bere ondorioak eraikitzen lagunduko diona. Finean, jendartearen ongizatea eta zoriontasuna lehenetsiko dituena.

Haien ametsak orain gureak dira. 2019ko Euskal Herrian guztion artean marraz dezagun herri honek behar duen moduko eskola publiko eta burujabea. Horretarako gai bagara, bakoitzak beretik eta guztiok batera, egingo dugu bidea!

Recherche