Patxi Azparren

Herioa ate joka hasi zenekoa

Nork esango zuen, 2020ean herioa besteen etxetatik irten, ipuinetatik atera, eta gure ateetan jo zezakeenaz ohartu ginen. Ezustean harrapatu gintuen eta ez genuen jakin izan nola erantzun.

Jakin nahi ez genuena badakigu; ez gara unibertsoaren erdigunea, inork ez gaitu sortu, inork ez gaitu zaintzen, gutariko bakoitza soilik une batez biziko da eta behin betiko desagertuko da eternitate osorako.

Errealitate gordinaren susmo hori gizaki guztiok izan dugu eta kultura guztiek ukan dute. Bizi-itxaropena 30 bat urtera mugatzen zelarik, eta umeen erdiak gurasoen besoetan hiltzen zirenean, susmo horrek sortzen zuen oinaze hura erlijioekin baino ezin zen apaldu. Egun ere, gerra ala pobrezia larria pairatzen duten tokietan erlijioak berpizten dira, jendarte-egitura egonkortzeko eta hartu-eman pertsonalak arautzeko baliagarriak baitira.

Gure testuinguruan, aldiz, lehenengo aldiz historian, jaiotzean gehienok 80-85 urteko bizi-itxaropenarekin munduratzen gara eta horrek zeharo aldatu du, oso epe laburrean, gure jarrera. Batetik, inoizko bizitza luzeena izan dezakegu aurrean; bestetik, inoiz baino kontzienteago gara zein laburra den.

Gurea bezalako jendarte oparoetan, gaztetxoak garela, etxe gehienetan hiru belaunaldi eserita ikusteko parada dugu, birraitona-amonak ezagutzea ez da salbuespena eta bizitzaren hasierako urte horietan, mahaian eserita, denbora amaiezina dela ematen du. Sentsazio horrekin koxkortu ginen eta aurreikuspen horrekin ekin genion gaztaroari.

Nork esango zuen; 2020an herioa besteen etxeetatik irten, ipuinetatik atera, eta gure atea jo zezakeela ohartu ginen. Ezustean harrapatu gintuen eta ez genuen jakin izan nola erantzun.

Ziurtasunak nahi genituen, baina ez adituek, ezta gobernuek ere, ezin izan ziguten horrelakorik eskaini. Beste ugaztunek egiten duten lez, elkartu nahi genuen, baina «arerio» berri honek dituen ezaugarriak direla medio, etxe zuloetan giltzapean geratu ginen, supermerkatuko produktuak irensten, telefonoari itsatsita, ulergaitzak ziren mezu kontraesankorretan itotzen.

Ziurtasunak galtzen direnean helduleku bila edozein euskarri  izan daiteke baliagarria. Oraingo honetan bi izan dira erabilgarrienak: errealitatea ukatzea: «negazionismoa»; bertsio ofizialari ortodoxiaz eustea. Bi euskarri labainkorren arteko guztia ukatu egiten da. Zalantza, kritika, susmoa herejiaren tokian kokatzen dira, eztabaida aske, atsegin eta emankorrak desagertuz; irainak, haserreak eta ezin ulertuak nagusitu dira.

Lerro hauetatik izurrite garai hauetan, "Izurria" liburuaren egileak aldarrikatu zuen moduan: zalantza dutenen dantzaren aldeko hautua egingo dut.

Elkartasuna, askatasuna, ardura eta sen kritikoa uztartzeko gai ez bagara, iparrorratza galdu dugulakoan nago. Azalpen xume eta inozoek ezin diote egoera konplexu honi erantzun eraginkorrik eskaini; gobernuek egiten duten errelato kontraesankor eta aldakorrak ez du herritarrongan sinesgarritasunik lortuko. Keinu autoritarioek zauri larria utziko dute gure etorkizun hurbilean, eztabaida antzuek gogaituko gaituzte eta bukaeran... noraez horretan, arrantzan zein ehizan, krisi guztietatik elikatzen diren betiko marrazoak garaile.

Recherche