Ramon SOLA

Herrikoiak izatea baino, herria izatea hobe

Herrikoiak izatea ongi dago, baina herria izatea askoz hobeto. Eta aldaketa hori lortzeko askoz eragingarriagoa da Udaletxe plazatik –kaletik, teilatuetatik, bai eta udal barrutik ere noski–

Euskal Herriko jaiak urtean zehar gure auzo, herri eta hirietan izandako bilakaeraren neurgailu apartak dira. Egunez egun aldatzen doan gizarte baten indar harreman berria azaleratzen dute. Esaterako, begi-bistakoa da egungo Donostiako Aste Nagusia ez dela duela hiru, bost, hamar urteko bera. Ukaezina da ere, datu eta gertaera askorengatik, aurtengo sanferminek Iruñea berritu bat irudikatu dutela. Gauza berrien artean urte luzez aldarrikatutako Jai Gunearen sorrera nabarmendu behar da, aurten, inortxok ere espero gabe, lortua. Arrakastatsua izan da jai gune herrikoi eta euskalduna; arrakasta itzela izan dela esango nuke prestaketarako izandako denbora apurra kontuan hartuta.

Auziaren inguruan, hori bai, galdera bat gelditu da airean. Zergatik egin du Iruñeko Udalak, hamarkada luze baten ondoren, honelako gune herrikoi bat baimentzeko hautua? UPNko alkateak ez du azalpen garbirik eman. Ez dirudi Enrique Maya eta bere taldekideak bat-batean demokrata zintzo eta aukera guztiak errespetatzearen zale bilakatu direnik. Nolabaiteko tranpa izan zitekeela ere pentsa zezakeen baten batek, jakina delako honelako guneen bitartez zer-nolako maiztasunez elikatzen den errepresioaren gurpil zoroa. Baina ez da horrelakorik gertatu. Aukerok baztertuta, nire iritziz, zergati eta helburu jakinak zituen aurtengo baietzak. Zergatia, UPNri jadanik koste handiagoa zekarkiola debekuak onarpenak baino. Helburua, erabakiarekin jende multzo errebeldeenaren aldarrikapenak Iruñeko erdialdetik urruntzea; begi gehienen bistatik ezkutatzea, alegia. “Indioen erreserba” mapan marrazten imajinatzen ditut.

Lortu al dute? Bistan da ezetz. Batetik, Nafarroan salaketa kalera eramateko arrazoien zerrendak zein protesta egin nahi duen jende kopuruak gainezka egin dutelako aspaldi. Eta, bestetik, Jai Gunea bertako antolatzaileek asmatu egin dutelako irizpidean eta antolakuntzan, beraiena jaiaren beste osagarri bat baino ez zela nabarmenduz (Gose, Obrint Pas, Reincidentes, Pirritx eta Porrotx eta abar luzea ez ziren inoiz egitarau ofizialean sartuko). Etorkin batzuei Jai Gunean hip-hop gaua ederki disfrutatu zutela entzutea pozgarria eta adierazgarria izan zen. Baina, txanponaren beste aldean, hainbat iritzik zer pentsatua eman didate. Esaterako, Jai Gunearekin sanferminek kutsu herrikoia berreskuratu dutela sostengatu dutenena, aurreko hamarkadan ere ez baitut ezagutu jaiok baino gauza herrikoiagorik, legerik gabekorik eta agintarientzako deserosoagorik (peñak eta beren pankartak erakusle urtero); alegia, hitz bakarrean esateko, iraultzaileagorik. Jai Gunearen gehiegizko apologia horretan “ghettoaren nostalgia” ere sumatu dut batzuetan, beste garai batean ezinbestekoa zen aterpearen beharra-edo.

Esan bezala, zorionez, Jai Gunea ez da hori izan eta arrakasta izan du. Baina zorionez ere, politikoki oso esanguratsuak diren pasarteak Iruñea erdi-erdian gertatu dira, botere ustelaren aurpegian bertan eta mundu osoko begien aurrean, txupinazoko arrantzaleen bitartez –izugarria zuena!–, prozesioan protesta egin zuten ehunka ahotsei esker, zapi aldarrikatzaileen eskutik, euskaraz aritu diren guztien ahotik...

Garrantzitsua iruditzen zait eztabaida, aldaketa politikoa ez baita bazterketatik etorriko, are gutxiago autobazterketatik. Herrikoiak izatea ongi dago, baina herria izatea askoz hobeto. Eta aldaketa hori lortzeko askoz eragingarriagoa da Udaletxe plazatik –kaletik, teilatuetatik, bai eta udal barrutik ere noski–, Curia kaletik, San Lorenzo elizako ataritik, zezen plazatik, Sadarretik eragitea –hots, herria dagoen tokietatik– , Arga ibaiko bestaldetik eragitea baino. Taberna jatorretatik bai, baina merkatalgune handietatik ere bai. Euskaraz bai, baina gazteleraz ere bai. Ez dezagun “herrikoia” izatea herria izatearen parez pare jarri, kontrajarriak balira bezala, are gutxiago Nafarroan aldaketarako gogoa herriaren gehiengoarena den garai honetan.

Recherche