Hezkuntzan gastu mugak gehiegi PISAtzen du
Duela gutxi argitaratu dira 2025ean egindako PISA proben emaitzak. 2022an Hezkuntza Departamentuak harrotasunez erabili zituen emaitza haiek eta orain, ordea, «hiru gaitasuni buruzko kanpo azterketa partziala eta hezkuntza sistema aztertzeko balio ez duena» bihurtu da PISA, bere hitzetan. Ebaluazio tresna bati buruzko iritzia lortutako emaitzen arabera aldatzea ez da onargarria, baina, zoritxarrez, oso ohituta gaude politika munduan horrelako jokabideak ikustera.
Balorazio horiek alde batera utzita, ELAtik adierazi izan dugu ELGAk (OCDE) bultzatutako tresna bat ezin dela inoiz objektiboa izan, daukan izaera ekonomizista eta neoliberala dela medio.
Hala ere, badirudi hezkuntza sisteman zerbait ez dabilela ongi. Esan genezake hezkuntza sisteman txertatu izan diren politika neoliberalek bilatzen zutena lortu dutela, kapitalismoaren eskakizunei men eginez. Hau da, gaitasun jakin batzuetan pertsona «konpetenteak» prestatzea, sistemaren makineria martxan mantentzeko pieza hutsak, baina oinarrizko gabeziekin eta intelektualki azpiprestatuak.
Izan ere, paradoxikoa da ELGA izan zela, hain zuzen ere, bere garaian, beste erakunde batzuekin batera, hezkuntza paradigmaren aldaketa bultzatu zuena, DeSeCo (Definition and Selection of Competencies) bezalako kontzeptuak sortuz. Horren arabera, euren ikuspuntutik gizartean bizitzeko ezinbestekoak diren gaitasunak definitzen dira. Helburua hezkuntza gizarte eraginkor baterako pertsona funtzionalak ekoizteko tresna bihurtzea da. Hau da, gizabanako bakoitzak mekanismo sozialak funtziona dezan egiten duen ekarpena da axola duena, ez ezagutza, aberastasun intelektuala edo pertsona bakoitzaren gaitasun kritikoa. Orain, berriz, ELGAk berak sortutako ebaluazio tresnak, PISAk, ohartarazten du agian hori ez zela ikuspegi egokiena. Adimen artifizialaren adibidea ekartzen digu gogora, non haren sortzaileak diren tresna horrek dakartzan arriskuez ohartarazten digutenak. Kapitalismoaren txiribueltak.
Nafarroan irakasleek urte asko daramatzate gure sistemaren gabeziak zein diren adierazten. Ratioak murriztu behar dira, irakaskuntza-ekintza desburokratizatu behar da, giza baliabideak urriak dira aniztasunarekiko arretan (orientazioa, laguntza, pedagogia terapeutikoa, logopedak eta abar), irakasleen lana gehiago baloratu behar da (soldata, prestigio soziala)… Azken batean, gehiago eta hobeto inbertitu behar da. Giza baliabide gehiago eta pantaila edo baliabide digital gutxiago behar dira. Eskolak ezin dio bizkarra eman errealitate teknologikoari, baina gero eta gehiago dira geletako gehiegizko digitalizazioaz ohartarazten duten ahotsak, PISAren emaitza txarrak deszifratzen saiatzen direnak barne. Aldiz, gero eta irakasle gehiagok salatzen dute gisa horretako zenbateko materiala iristen den ikastetxeetara, eskatu gabe eta beharrezkoa izan gabe. Aldiz, borrokatu beharra dute, askotan emaitzarik gabe, laugarren maila batean jardunaldi erdiko irakasle bat lortzeko edo orientatzaile baten lanaldiaren hiru laurden jasotzeko.
Eta horri erantzunez, Nafarroako 2027ko aurrekontuetarako gastu muga iritsi da. Egia da departamentu guztietan handitzen dela aurrekontua, baita Hezkuntzan ere. Gertatzen dena da, gehien handitzen direnak aztertuz gero, hamar daudela hezkuntza arlokoaren aurretik, eta soilik hiru atzetik. Horrek begi bistan uzten du zein den Gobernu honek hezkuntzari ematen dion lehenespena, PISAren emaitza txarrei erantzuna emateko garaian, adibidez. Orain hezkuntza sistema bat ebaluatzeko balio ez duen tresna delako izanen da, ziur aski. Egia esan, iragarritako %5,8 handituta ere, gobernu akordioan onartutako BPGren %5era ez da inoiz iritsiko, eta are gutxiago Unescok aholkatzen duen eta ELAk gutxienez eskatzen duen %6ra.
Oraindik aurrekontuen aurreproiektua ez dago erabat zehaztuta, eta horren gaineko erabakiak har daitezke. Nafarroako Gobernuak bi buelta eman beharko lizkioke gure hezkuntza sistemaren errealitateari. Inbertsioa handitu beharra du eta baliabideak hobeki kudeatzeko erabakiak hartu. Entzun, arren, irakasleei. Orain PISA izan da, baina irakasleok urteak daramatzagu egoera honetaz ohartarazten. Ez izan zalantzarik: gauzak aldatzen ez badira, mobilizazioetara itzuliko gara, berandu baino lehen.