Josu Iraeta
idazlea

Hilobi zurituak

Ez da sarrera txukuna, egia da, baina nazka, nazka egin da nago, nazkatua eta haserre, ezin dut onartu behin eta berriro gertatzen ari zaiguna, ez baita besteen arazoa, gurea baizik. Egia da, ez da lehen aldia gaia honi gogoz heltzen diotena, baina zoritxarrez, ez dut uste azkena izango denik. Itxuraz, hedabideek gaur bai baina bihar ere bai, jakinarazten diguten astakeria ezinbestekoa dirudi. Emakumearen aurkako indarkeriari buruz ari nahiz.

Urteak daramagu indarkeria sexista gora eta behera, baina ni ez nago ados; ez arazoa aztertzeko garaian, ez Elizaren jarrerarekin, ezta aurre egiteko aukeratutako zigor metodologiarekin. Ezta ere, ez nago ados kanpotik etorritako zerbait dela esaten denean, eta gainera, beste hainbat arazori aurre egitekotan bezala, zigorra ez da erabaki egokia.

Zerbait esatekotan, gaur ere, atzera begira jarriko nahiz, hortik bai dator gaitzaren harra.

Gure arbasoen Euskal Herrian natura zen biziraupenerako ardatz. Hala talde eta jendarte bizitzan, nola norbanakoarenean, inguruarekiko menpekotasuna erabatekoa zen. Eguzkiak, urak, suak, ilargiak, kazkabarrak… garrantzi handia zuten bizitza modu hartan.

Hainbestekoa izanik, ezinbestekoa zen indar haien kontrola bilatzea, kalteak saihesteko. Aldekotasunak erritoen bitartez bilatze horrek, eraman zuen denborarekin erlijioa osatzera. Lurra, ilargia, zerua, eguzkia…

Gure arbasoaren erlijioak, beraz, naturan du sorburua eta sinesmen hartan oinarritutako jardunak sustrai sakonak utzi ditu Euskal Herrian, Neolitikotik Erdi Aroa arte.

XVI mendean kristautasuna Euskal Herri osoan hedatu zenean aldaketa sakona ekarri zigun. Besteak beste, lurraren jabegoa ulertzeko kristautasunetik zetorren eredu pribatuak ekarri zituen, lehen desberdintasun ekonomiko-sozialak.

Eliza kristauak laster eutsi zion ordura arte lurralde hauetan ohi zen erlijio eta usadioak deuseztatzeari. Ohituren jarraitzaileak deabruarekin loturak izateaz akusatu zituzten; haurren odol xurgatzeaz, uzta txarrak bultzatzea… Erroma inperialeko zerbitzariek lehenago kristauarekin egin zuten gauza berbera errepikatu zuten hauek, beste erlijio bat jarraitzen zutenekin.

Poliki-poliki adigai berri hauek jendartean lekua eginez joan ziren eta kristautasuna kasu batzuetan sinesmen zaharretara  egokitu egin zen (udako eta neguko solstizioa) beste batzuk arbuiatu egin zituzten sineskeria  hutsa bailiran, eta kristau sinesmena kontraesan zuzenean jartzen zuten beste haiek suntsitu egin zituzten, debekuen bitartez (ilargiaren gurtza, inauteriak, eta abar.).

Testuinguru horretan kokatu behar ditugu sorginak, heresia eta Elizak bultzatutako errepresioa. Gerora, Espainiako eta Frantziako estatuek bere egiten dutena, mugaren alde honetan katolizismoa erlijio bakar gisa inposatuta. Adibide garbia daukagu Nafarroako Gorteek 1533an adierazten  dutenean: “Gotzainen absentismoaren erruz, diozesiak husten ari dira eta horren ondorioz, sorgin zaletasuna ugaltzen”.

Garai horretan heldu zen emakumea errepresioaren jomuga lehentasunezko bilakatzera, eta ez kasualitatez. Emakumea eremu magikoarekin lotzen da, gaizkileekin. Kristautasunarentzat, emakumea bekatu-iturria da eta bere errito zein festako ardura guztietatik aldendu egiten du. Zeremonia eta jendarte kristauan gizonekoa da bide guztien jabe.

Garai hartan, emakumea ez zen deus, sorginkerian jarduteko, gizakumeak ekartzeko eta gutxi gehiagorako balioa ematen zitzaion. Hala ere, esan behar da errito guztiak ez zirela kristautasunaren aurkakoak. Berez, apaiz kristauak ere egon ziren inkisizio kasuetan nahastuta. Baserri giroan, asko meza ondoren ere biltzen ziren leize-zuloetan, denen partaidetzarekin jaiak ospatzeko. Kristauen ereduan, aldiz, zeremoniaren protagonista bakarra apaiza zen eta –duela ez hainbeste bezala– bildutakoei bizkarra emanez ziharduen.

Horrelakoa zen garai hartako “aginte klasea” eta Elizaren bitartez osatu zuen poliki-poliki, euren iteresen defentsarako egitura. Emaitza benetan kaltegarria: gaur egun irauten duen “kristau morala”.

Jokabide mota guztiak arautu zituzten. Ohitura zaharren eta kristau sinesmena aurrez-aurre jarri eta haiek moral gabeak  jo zituzten. Horrela sinesmen zaharrak moral gabeak  izatera heldu ziren, naturaz goragoko loturarekin. Sorgin eta herejeen gauzak.

Ez ziren denak berdinak, beraz, nahiz batzuk sorgin gorputzik gabekoak izan, kalte eta gaitzen sinboloa, besteak, -gorpuzdunak alegia– jasan zituzten errepresioaren ondorio zuzenak. Torturatu eta sutan erre zituzten, hainbat eta hainbat. Zenbat holako? Auskalo.

Arazoa –ikusi dugun bezala- ez da gaurkoa, mendez mende datorren arazoa baita eta egun duen kalte ikaragarria, nire ustez, jatorria ukatzean datza. Jatorria ukatzen zaion gaitzari, neurri berean irtenbidea ukatzen bai zaio.

Larria oso larria da eta ez da nolanahi konponduko, heziketa egokien bidez ez bada. Hor dago arazoa gaindituko duen tresna bakarra; heziketa egokia, haurrekin hasita.

Hasieran esandakoaren ildotik, ez dut ikusten instituzioetatik bultzatzen diren kanpainak arazoaren amaiera ekarriko duenik. Ez dut ikusten Eliza Katolikoak, –sortzaile nagusietako bat izanik– beharko lukeen indarrez arazo honi heltzen dioenik. Are gehiago, nire ustez bizkarra ematen ari da, eta hori lotsagarria da.

Mendez mende gordean egindako astakeriak onartu ez izanak, elizak hustu bakarrik ez, kristau gizarteari egindako zauri sendaezinaren borreroak zarete.

Zelibatoa omen errudun.

Recherche