Josu Iraeta
idazlea

Historia ate joka dugu

Azken hauteskunde kanpainan, gizarte eta politika munduan frankismoaren  ondoko sustraien aztarnak, «askok» bizirik dituztela erakutsi digute. Egoera hau duela hainbat hamarkada aldendu zela esan ohi da, baina eguna joan eguna etorri, hori egia denik ezin segurtatu inola ere.

Hedabide espainiarrek saltzen duten «egiari» neurriak hartzen ohitua dagoenak ongi badaki, beste lurralde batzuetan -sinesgarri gertatzen ez bada ere-, espainiar Estatuaren ingurumen politikoan zitalkeriak eragin duen egungo egoera nahasi eta interesgarria, ETAk jarrera armatuari uko egitetik  eta ezker abertzaleak  EH Bilduren izenpean duen indarrari zor zaiola. Ezin dute irentsi.

Errealitate berri hau abiapuntu duten ondorioak gauzatzen ari dira nola batzuk ala besteak. Beldur diote aldaketari, aski ongi «erroturik» dauzkaten jarrerak galduko dituztelakoan, eta mugitu ez direnik ezin esan. Erabat mugitu dira, eta baita ahaleginak egiten hasi ere aldaketa hori saihesteko.

Abagune interesgarri honen baitan, autodeterminaziorako urratsak emanez ibilbide latza burutzen diharduten herri desberdinen antzera jokatzeak, gure iparrorratz zaharrak zuzentzen gaitu, ezagunak zaizkigun bide edo bidaxkatik ibil gaitezen. Betiere, aurkariak eta etsaiak elkarrekin nahasten ibili gabe. Honek badu bere garrantzia.

Denbora irabaztearren edo, batzuek zuzenketak egitera eta aldi berean, beren pentsamoldea eguneratzera beharturik daude, baldin eta gizarteko zulo ilun batean jautsiko ez badira. Hor agerian, ibilbide politiko luze bezain traketsaren ongi merezitako zerga. Zorionez beste batzuek poliki-poliki bada ere, jakin ahal izan dugu mundu horretatik eskaini gaituzten segadak saihesten.

Egia zera da, zinezko pertsonak sentitu nahi eta gertaerak eszenatoki batean egokitzeko moduan bilakatu zaizkiela. Beharturik gertatu dira irudikatzera, errealitate bezala normaltasunez fikzioa erakustera. Baina denborak, halere, bakoitza bere lekuan jartzen du, beraz antzerki modu horretatik at, beren egitasmoa zinez fikzio bilakatu da, eta arrazoi hutsal baten alferreko eta kostu handiko ariketa aldi berean. Pena.

Erdipurdiko emaitzak direla eta, denok Madrilera begira daude, -Urkullu jauna barne, noski– baina ez da batere zaila arrazoi desberdin eta aurkakoak badirela tartean ulertzea. Sakonak direnak guztiak, Estatutuen eta Konstituzioaren erreformari dagokionean. Eztabaida horretan, politikaren aldetik ziurra dena puntu honetan datza; Konstituzioaren eguneratze prozesua gutxi edo gehiago garatzeko edo eguneratzeko ahaleginean, edota, erregimenaren makillaje hutsa den helburu.

Betiko «adituak» diotenez egoera politikoa iraultzeko behar adina indarrez hornituta agertuko denez EH Bildu, eta eztabaidaren muinean kokatzen bagara, hau ez daiteke, espainiar indar politikoen arabera agertzen ari diren bezala erakustera eman, faltsukeria delako. Eta faltsukeria hau zertan datza, ba alde batetik «demokrata» direnek Konstituzioaren eraberritzea beharrezko dela uste dutenek, eta beste aldetik «tradizionalistak» jartzen dituzte, ukiezineko testua dela segurtatuz.

Hau tranpa da. Izatekotan, eztabaida zuzena eta bakarra hau da; alde batetik, espainiar nazioko hiritarren pluraltasun bezala hartu behar dela uste dutenak, eurek soilik aldatu dezaketen testu baten aurrean, eta, bestetik, egungo egoera hau behin betiko agortua dela uste dugunok, eta beharrezkoa dela bertako nazio desberdinei ateak zabaltzea, soberaniaren baitan inolako eskusartzerik gabe eta bakoitzak bere antolaketa eredua landuz.

Arazoa ez da, beraz, erreformista eta inmobilistak diren arteko eztabaida. Antzekorik ez duen beste egoera batean gaude. Hitzari bide eman behar zaio, eta arrazoiak neurtu eta soseguz argudiatze lana egin. Egoera jakin honetan, ez da batere gomendagarria, eta adimenaren aldetik eskasa, hunkipenez iritzi publikoa manipulatzea, horretarako babes mediatiko ikaragarri eta lotsagabeena erabiliz.

Demokraziak bermatu behar duena da, herritarrei aurkeztu behar zaien egoera, argi eta garbi zer nahi den azaltzea, asmo guztiek ezagutzeko eskubidea errespetatuz. Eta berdin zilegitasun osoz, gure geroari buruz, izatez dagokigun eskubidea gauzatzeko asmotan gabiltzanona ere errespetatzeko modua bermatuz.

Estatu espainiarrean inork ezindu uka –begi bistan dagoelako– Estatu ezberdinen artean banandutako zenbait herrialde badirela. Ez gara euskaldunak soilik egoera ez-ohiko hori bizi dugunak. Badira Estatu gabeko nazio gehiago ere, hala nola Katalunia eta Galizia. Bidean aurrera gogor eginez helduko da utopikoa ez den arrakasta.

Nahiko argia da batzuentzat atseginago dela –orain arte bezala– agintekeriazko lizun usaina jariatzen duen legegintzak erabiltzea, ustez gainditurik dauden beste denbora batzuetarako egokiago izan zirenak.

Amaitu da, doilortze progresiboa nagusitu da sisteman. Espainiar «demokraziak» ustelkeria maila guztiak gainditu ditu. Demokrazia herritar guztientzat ez bada, ez da demokrazia.

Jaun-andreok, norabidea zuzendu eta gizartea engainu batean edukitzen ez jarraitzeko garaia da, panorama politikoa manipulatzeko baino balio ez duten metodoak alde batera utzita.

Litekeena da, okerreko bidetik jarraitzea, baina nire ustez, gobernu espainiarrak hobe luke, beraien iragan lainotsuari uko eginez, arrazoiari eta adimenari bide eman. Horrela izanik, denontzat mesede. Historia ate joka dugu.

Recherche