Patxi Azparren

Hogei urteren buruan... berriro espainola

200.000 herrikidek eskatu zioten Udalbiltzari nazio aitormena jasotzen zuen agiria; berrehun lagunek uko egin genion espainiar edota frantziar naziotasunei derrigorrezko karnetak Bruselako Legebiltzarrean utzita. Euskal desobedientzia abian zegoen.

Dolu egunak ditut azkenekoak, zorionez ez zait inor hil, aldiz dolu moduko bolada dut arlo politikoan, hogei urtez Espainiako nortasun agiria gabe bizi ondoren, aste honetan komisarian ditxosozko karneta egin dudalako.

Duela bi hamarkada, Lizarra-Garaziko Akordioaren lehenengo urteurrenarekin batera, euskal naziotasunaren aldeko kanpainari ekin genion. Aurretik zenbait lagunek Gasteizen zegoen Gobernu Zibilaren bidez, gutun bat bidali genion Espainiako erregeari bere subditoak izateari uko egiten geniola esanez. Aipatutako akordioaren urteurrenean Frantzia eta Espainiako nortasun agiri batzuk jaso genituen nazioarteko erakunde batera eramateko asmoz. Bide batez, indar handia hartzen ari zen Udalbiltzak kudeatuko zuen EHNAren aldeko aldarria.

Lorezko uneak izan ziren: ETAren su-etena, behin betiko izan zitekeen menia, Udalbiltza bateratua eta kementsu, Lizarra-Garaziko Akordioa indar betean, intsumisoaren garaipena gertu eta gure piramide demografikoa gazte-gaztea. Ez genuen zalantzarik, unea zen, jauzi soberanista eta desobedientea egiteko garaia zen, behin behineko eszenatoki hori iraunkorra izan zedin.

200.000 herrikidek eskatu zioten Udalbiltzari nazio aitormena jasotzen zuen agiria; berrehun lagunek uko egin genion espainiar edota frantziar naziotasunei derrigorrezko karnetak Bruselako Legebiltzarrean utzita. Euskal desobedientzia abian zegoen, euskal demokrazia aldarrikatuz, gure errepublika burujabea eraikitzen hasteko. Bestelako desobedientzia ekintzak eta ekintza zuzen ez-bortitzak egin ziren urte horietan. Horren ondorioz, argi gorriak piztu ziren Madrilgo Auzitegi Nazionalean (kolonialean) eta euskal desobedientzia 18/98 sumarioaren baitan kokatu zuten.

Hogei urte hauek ematen duten behatokitik argi dut txukun aritu ginela, bide eraldatzaile bat zabaldu genuela eta abagune historikoa hori zela. Halere, eszenatokia zeharo aldatu zen hortik gutxira: Lizarra-Garaziko Akordioa hautsita, Udalbiltza zatituta, errepresioa areagoturik eta erakunde armatua amildegira zeraman bidetik behera.

Kanpainari eutsi genion, baina ez genuen indarrik izan agenda politikoan desobedientzia zibila erdigunean kokatzeko. Hilabete batzuetarako lortu zen, baina ez zuen ganorazko jarraipenik izan.

Harro, pozik, itxaropentsu, modu publikoan eta kolektiboan uko egin nien Espainiako naziotasunari eta Nortasun Agiriari; apal, goibel, komisaria batean pertsonalki burumakur, keinu pribatuan eskatu dut espainiar karneta. Duela hogei urte eman nuen hitza jan behar izan dut eta liseriketa oso latza egiten ari zait. Karnetik eta pasaporterik gabe egon naizen urte hauetan hamaika pasadizo izan ditut, gutxi batzuk txarrak, asko dibertigarriak.

Ziur naiz egindako lan hark eragin ona izan zuela. Erreferentzia hor geratu da etorkizun hurbilean beste bide batzuk jorratzen lagun dezakeena, baina egiari zor, porrot egin genuen eta hasierako ekintza hura modu publikoa egin genuenez, nolabait azkeneko keinu pribatu hau plazaratu behar nuela sentitu dut.

Arlo pribatuan suertatu zaizkidan aldaketa batzuek behartu naute Espainiako karneta egitera, baina horrek ez dit sabeleko mina kentzen, ezta gutxiago politikoki justifikatzen ere, desobedientzia zibilari ekiten zaionean, beste borroka iraultzaileetan lez, konpromisoari eutsi behar zaio-eta.

Eusteko kemenik egon ezean, porrotaren aitormen publikoa dugu jokabide zintzoena. Hortaz, lagunok, mesedez eskatuko nizueke gutun hau barkamen eskaera eta porrot aitormen gisa hartzea.

Inguruak eta testu-inguruak ez didate lagundu. Independentismoaren ordezkari nagusiek uko egin diote prozesu independentistari, EAE delako eremuan Espainiarekin konfederazio eskatzen ari da, hurrengo oporrak dira gure herrikide askoren kezka nagusia, Catalunyako prozesuari hesiaren beste aldetik babestuta so egite ari gatzaizkio... Aitzitik, noski, porrot aitormen batean ez da batere egokia besteengan bilatzea errua, hori dela eta, gutun hau amaitzeko kezka nagusienetariko aipatu nahi nuke, porrotaren adierazgarrienetako bat izan baitaiteke.

Euskal desobedientzia bultzatu genuen taldek eta pertsonek irizpide ezberdinak genituen arlo askotan, baita borroka armatuaren gaian ere. Ni, publikoa izan denez, borroka armatuaren aurkakoen artean lerrokatu eta aritu naiz beti. Nire jardun soziopolitikoan helburutzat hartzen nuen ETAren amaiera bizkortzen laguntzea, eta benetan uste dut horretan lagundu genuela. ETArik gabeko Euskal Herria leku hobea da, hobea bizitzeko, hobea borrokan jarraitzeko. Halere, zintzotasunez aitortu behar dut oso kezkatuta nagoela jendarte honek hartu duen norabideagatik eta oso triste jartzen nauela paradoxa batek. Hots, ETA aktiboan zegoelarik, euskal desobedientziari eusteko gaitasuna eduki genuen eta aldiz, orain itxuraz, kemena guztia galdu dugu, gure belaunaldiek, behintzat. Hortxe da hain justu nire kezkaren muina, ETA ote zen konpromiso gehiago hartzera behartzen gintuena? Erantzuna baiezkoa balitz tamalgarria bezain kezkagarria litzateke.

Hogei urte eman ditut espainiarra izan gabe, ez dut asmorik hogei urtez espainarra izaten jarraitzeko. Espero dut gogo honekin bat egiten dugun guztiok gai izango garela gure askapen prozesuari ekiteko. Espero dut lehenbailehen Catalunyako Errepublikarekin batera Euskal Errepublika ere aske izango dela hurrengo urteetan. Gure belaunaldikoek ez genuen asmatu, belaunaldi berrien esanetara jartzeko tenorea da.

Recherche