«Homo roboticus vs sapere aude»
Giza kontzientziaren iratzargailurik gabeko formazioa erabat hutsala delako, gure batxilergoko ikasleen curriculumetan Filosofiaren presentzia defendatu beharrean gaude
Zorigaitzeko Lomce legeak beste hainbat ikasgai humanistiko-teknologikoekin batera, Filosofiaren Historia irakasgaia gogor astindu du batxilergoko curriculumetan. Antza denez, belaunaldi gazteek pentsamendu autonomoa, gogoeta arrazional-emozionala, izaera kritikoa, alternatiboa, probokatzailea, berri- tzailea… hainbat errealitateren kuestionatzailea edo antidogmatikoa ez dute zertan landu. Homo roboticus versus sapere aude. Merkatu ekonomiaren, ekoizpen neurrigabearen, lehiakortasun indibidualistaren, gizarte antolaketa hierarkizatuaren eta teknokraziaren sakralizazio ideologikoa nagusitzen diren garai hauetan, formakuntza humanistikoa antzua, baliogabea, ez-produkti- boa, errentagarritasunik gabekoa dela esaten zaigu. Gizateriaren aurrerabide ahuletan, sentsibilitate eta kultura huma- nistiko, sozial eta filosofikoak ekarpen kuestionaezina burutu dutela ahazten badugu, akabo. Demokrazia bera greziar filosofiaren gizarte eraikuntzarako proposamen filosofikoa izan zela hazten badugu, akabo. Formazio humanistikorik gabeko progresorik ez dago, autoritate akademiko, politiko eta juridikoek kontrakoa esan eta, lege bidez, heziketa humanistikoa baliogabetzen badute.
Belaunaldi berriek jaso beharko duten formazio integratzaile, orokor eta multidiziplinarra, jakintza humanistikoek errealitate poliedrikoak pentsatzeko, harremanak gizakoitzeko, injusti- ziak kuestionatzeko edo egoerak eraldatzeko erremintak ematen dituzte. Gizarte bezala, oso garesti ordaintzen ditugu kultura humanistikorik gabeko heziketa sistemaren ondorio akritiko, pasibo, doktrinal eta sumisoak. Sokrates, Platon, Aristoteles, Hipatia, Descartes, Hume, Voltaire, Olimpe de Gouges, Kierkegaard, Marx, Schopenhauer, Nietzsche, Beauvoir, Arendt eta Habermas, beste askoren artean, batxilergoko ikasleek ezagutu, gozatu, kontrastatu, astindu edo besarkatu behar dituzten pentsatzeko formak direla aldarrikatzean, formazio akademiko tekniko eta zientifikoarekin erabat lotutako ezagutza gizakoia defendatzen dugu. Kalitatezko formazio integral eta konpetenteak ezin du jakintza filosofikoa alboratu.
Giza kontzientziaren iratzargailurik gabeko formazioa erabat hutsala delako, Filosofiaren presentzia gure batxilergoko ikasleen curriculumetan defendatu beharrean gaude oraingoan ere. Norbanakoaren eta kolektiboaren aurrerabideak ezin dio heziketa humanistikoari bizkarra eman. Belaunaldi berriek merezi duten heziketa eredu progresista, humanista eta eraldatzaileari so eginik, badago zeregina. Lomcek eta bertako Heziberrik garbi izan beharko lukete Leizezuloaren metafora platonikoak erakutsitakoa: Ez dagoela heziketa filosofikorik gabeko formazio humanistikorik. Beste era batera esanda, ez dagoela itzalen haitzulotik ihes egiteko askapen biderik, errealitatearen giza kontzientzia bidelagun ez badugu. Yes we Kant.