Aster Navas

Horra hor, ornitorrinkoa

Nik ere uste nuen errealitatea lurralde sendo eta iragazgaitza zela, harik eta gaur, aterki baten azpian, horrela ez dela ulertu dudan arte: harrigarriena, etengabe sartzen dela errealitatean; egunerokotasunak eta fikziozkoak ez dutela mugarik beren artean eta askotan, elkar inbaditzen dutela. Esate baterako, euria: ura zerutik erortzen da eta erabat normala iruditzen zaigu. Aterkia ireki eta normaltasun osoz aurrera jarraitzen dugu: bagoaz lanera, eskolara, ile-apaindegira, San Mamesera... aparteko zerbaiten aurrean ez bageunde bezala. Harridura apur bat gehixeago sortzen digu elurrak, irudimenaren eremukoa bakarrik izan daitekeen substantzia zuri eta galkor horrek. Baina, batez ere iparraldeko herrialdeetan, fenomeno sinestezin hori ere normaldu egin dugu.

Euriaz gain, horra hor aita santuarena eta kardinalena: beraien jantzierak, Jainkoaren bikarioa izatearena, fumatarena... Horra hor denok nahasi gaituen itzalaldia; horra hor desagertu diren 15 gigawattak. Agian fikzioaren lurraldera pasatu dira.

Ohiz kanpokoaren eta ohikoaren arteko muga definiturik ez hori ederki azaltzen du Julio Cortazarrek "Parkeen jarraipena" ipuinean: narrazioaren protagonista besaulki batean lasai irakurtzen ari den bi maitaleri buruzko istorioa bere bizitzan −bere heriotzan esan beharko genuke− bertan sartzen da. David Uclesek errealismo magikoa berreskuratzen du –"Etxe hutsen penintsula"− Gerra Zibila beste era batez erakusteko.

Beharbada, ametsa, literatura eta zinema badira bi munduak lotzen dituzten zubiak. Agian, horiek dira beste aldeko argia pasatzen uzten duten leiho bakarrak. Neurri handiagoan edo txikiagoan, badaude orriak eta fotogramak errealitatea ederki islatzen dutenak eta errealitatean badaude film edo eleberri batetik ateratakoak diruditen ezusteko une ugari ere. Horra hor Trump eta Zelenski, San Pedro baselizan, bata bestearen aurrean eserita eta hizketan; horra hor beraien alboko hirugarren aulki hutsa.

Suaz gain, horra hor, ornitorrinkoa: ugaztun honen ezohiko itxurak −arrautza-errulea, pozoitsua, ahate-mokoaren formako muturra, kastore-buztana eta igaraba-hankak zituena− aztoratu egin zituen naturalista europarrak lehendabiziko aldiz aurkitu zutenean. Faltsutzat jo zuten; muntaketa bat. Wikipedia, bere deskubrimenduari ekitean, "Ehun urteko bakardadea" liburuko pasadizo bat kontatzen ari dela ematen du: John Hunter kapitainak, Hegoaldeko Gales Berriko bigarren gobernadoreak, 1798. urtean ornitorrinkoa topatu zuenean animaliaren marrazki bat eta ale baten azala bidali zituen Britainia Handira. Hain pizti bitxia ikusita, zientzialari britainiarrek iruzur baten aurrean zeudela uste zuten; taxidermista treberen batek ahate baten mokoa kastore baten antzeko animalia baten gorputzari josi ziolakoan zeudela.

Gaur egun adituek normaldu egin dute ornitorrinkoa eta «monotremen» familiatik datorrela diote haren itxurari garrantzi guztia kenduz. Nik, hala ere, amesgaiztoren batetik ihes egin duela uste dut; ipuinen batetik erori dela edo filmen batetik ihes egin duela. Eta gixajoak ez dakiela nola itzuli Irudimenaren erresumara.

Ornitorrinkoaz gain, horra hor zilborra, Pisako dorre inklinatua, Gene Hackmanen heriotza, aldizkako baraua eta sugandilen isatsarena; sugandilei galdutako isatsa berriz haztearena... Musuak. Catherine Zeta Jones auzotik ikustea...

Baina, bereziki, euriarena. Bai.

En fin.

Recherche