Alex Aranzabal
Eibarreko presidente exekutiboa

Ibilbide zoragarria

Gaur, 2014ko abuztuaren 24a, Eibar taldeko zaleen eta eibartar guztien oroimenean gorderik geratuko den eguna da. Izan ere, futbol maila nagusienean debuta egingo du herriko taldeak, hain zuzen ere klubak 75. urteurrena ospatzen duen denboraldian. Data hau, helburu bilakatu beharrean, ibilbide zoragarri baten hasiera puntu bihurtu behar dugu orain, azken urteotan pilatzen joan garen ilusio guztia akuilu.

Sociedad Deportiva Eibar1 1940an jaio zen, herriko bi talderen fusioaren ondorioz: Sociedad Deportiva Gallo eta Unión Deportiva Eibarresa. Garai hartan, Eibar, gerra zibilean jasandako bonbardaketen ondorioz, erabat suntsitutako hiria zen. Gutxika, baina, Eibarrek berrindustralizazioaren eta populazioaren igoeraren bideari ekin zion berriz ere.

Eibarrek bere lehenengo hamar denboraldiak kategoria erregionaletan igaro zituen, 70eko hamarkadaren erdialdean berriz ere itzuliko zen kategoriara. Guztira, kategoria erregionalean 13 denboraldi aritu da Eibar bere historian, 28 Hirugarren Mailan, 7 Bigarren B Mailan, 26 Bigarren Mailan eta aurten munduko ligarik onenean jokatzeko erronkari aurre egin beharko dio. «Erronka» hitza, gainera, Eibar taldearen eguneroko hiztegiaren parte bihurtu da, zailtasunak saihesten ohitu baita elkartea kirol eremuko zein arlo sozialeko espektatibak gaindituz.

Lehen Mailara igotzeak aurrekaririk gabeko lorpena suposatu zuen, eta unibertso futbolistiko osoaren mirespena merezi izan du. Ez da gutxiagorako izan kapital zabalkuntza prozesuan eskuratutako lorpena ere, horri esker araudiak eskatutako baldintza guztiak betetzea posible izan baita, akzioak eskuratzeko baliatutako ereduaren bidez Kirol Sozietate Anonimo bezala independentzia ekonomikoa mantentzea lortuz gainera.

Justua litzateke eskerrik beroenak ematea milaka akzionistei, horietariko gehiengoa eibartarrak, baina ahaztu barik mundu osotik banaturik dauden horiek, prozesu honetan gugan konfiantza izan dutenak. Klubeko abonatu berriak ere ezin ahaztu. Desiratzen gaude horiek guztiak hain berezia den familia futbolistiko honetaz harro egotea.

Behin erronka biak gaindituta, Eibarrek egoerak eskatutako baldintzetara egokitu beharra dauka. Horrek esan nahi du bere barne estrukturaren eta instalazioen egokitzapena egin beharra daukala; gaur egun lan horietan murgildurik aurkitzen da kluba eta prozesu honek futbol profesionalean finkatzeko beharrezko oinarriak ezartzea ahalbidetuko du.

Gaurtik aurrera lehen mailako kirol erronka bat izango dugu parez pare eta beti berezitu gaituzten baloreak baliatuz egingo diogu aurre, horietako batzuk apaltasuna, lanerako grina eta gure aukeretan sinestea izanik.

Hala ere, partidua zelaitik kanpo ere jokatuko da. Denboraldi honetan zehar futbol mundialeko hainbat izar Ipuruatik pasatzen ikusteko aukera izateak aukera paregabea eskaintzen digu mundu osoko milioika pertsona gure hiria bilakatuko den leihotik begira jartzeko. Klubak eta hiriak ezin dute aukera pasatzen utzi eta guztion zeregina da elkarrekin lan egitea Eibarrek lortu duen eta gure hiria munduko mapan kokatzeko balio izan duen kirol posizioa eta posizio sozial pribilegiatua mantentzeko. Igoerak aurrekaririk gabeko oihartzun mediatikoa eman dio Eibarri, astean zehar BBC, CNN, Al Jazeera, «The Times» edo Txina eta Japoniako komunikabideen interesa lortu izanak erakusten duen bezala.

Hau guztia ez litzateke posible izango klubaren idiosinkrasia mantendu izan ez bagenu, gauden lekura eraman gaituen berbera. Horregatik, modu tinko eta erabakigarrian apustu egiten dugu idiosinkrasia horren alde, inongo liluretan jauzi barik. Izan ere, agian 15 minutuko arrakasta ziurtatuko genuke beste bideren bat hartuta, baina, azkenean, ondoratu egingo ginateke.

Recherche