Joxe Austin Arrieta Ugartetxea
Idazlea

«Ich auch» HB

Kartel bat zen: umore-ukitu xume bat gure tentsio politiko endemikoki latzaren erdian. Haus Bergmann delakoaren akronimoa ei den tabako-marka alemanaren publizitate-kartel bat, HBren Donostiako Egoitzan, 90eko hamarkadan. Zer egin ote zuten berarekin polizia eta epaile espainol txit demokratikoek… Zeren, jakina, hura ere eraman baitzuten Garzonek-edo agindutako razzia haietako batean –2002ko ilegalizazioa baino franko lehenago eraman ere–, milaka dokumentu, dozenaka ordenagailu eta diskorekin batera, bien entendu.

Eta akabo. Lastima. Irribarrea behintzat sorrarazten zizun, ba, tarteka, zenbaitetan trumoitsu beste zenbaitetan barexeago baina inoiz ere aspergarri ez ziren gure bilera haietan, begirada aretoaren txoko hartarantz pausatzen zenuenean. Neska-mutil bikote bat ageri zen kartelean: horailak, ederrak, itxuraz behintzat ezin ariarrago biak ere, mutila neskari –edo neska mutilari, ez naiz oroitzen– zigarroa eskaintzen ari HB pakete batetik, eta bestea –dela neska, dela mutila– bere sakelatik beste HB pakete bat ateratzen ari, eta horixe: Ich auch HB/ Ni(k) ere HB, natürlich… Harritzen nau, Ich auch horretan zientifikoki oinarriturik –egin ohi duten bezala–, nola ez duten Boterearen Zerbitzari txit leial txit jakintsu horiek, 35/02an edo beren beste edozein sumario-brumario distiratsu horietakoren batean, HB-ETA-RAF «konexioa» ere inferitu… barka: inferitu bakarrik ez, demostratu, aizu, de-mos-tra-tu. Izan ere, oraindik, urte haietan, ekinean ari zen Rote Armee Fraktion zena; aski ahuldurik, hori bai: ordurako, 1976ko apirilean eta 1977ko urrian preseski, suizidatuak zituen RAFeko militante ezagunenak Alemaniako Errepublika Federalak (hots, Alemania Onak, ez Gaiztoak, Stasirik-eta ez zuenak, badakizu), Stammheim-eko espetxe ia Espainiakoak bezain izugarrian. Baina jarraitu, 1998ra arte jarraitu zuen RAFek, nola hala, baita 1989an Berlingo Harresia eraitsi eta Onak Gaiztoari irabazi ondoren ere, baita 1993ko Bad Kleinen-eko traizioaz eta segadaz geroztik ere –non beste militante bat «suizidatu» baitzuen polizia pan-aleman txit txintxoak–… Dena den, nagokion dagokigunari: «Ilustrísimas» –esango nieke Espainia Txit Leinargi frankista-bourboniko honetako Ebasle, barka: Ebazle, Txit Gorenei, beren hizkuntzan noski–, «Ilustrísimas, se les ha escapado ese pequeño detalle, qué fallo…». Alegia, HBren egoitzako HBren publizitate-kartel hura, berez, Andreas Baader eta Ulrike Meinhof-en in memoriam omenezko posterra zela, horra…


Txantxarik ez, baina. Gauza hauek serioegiak dira. Hobe umorea isiltasuna baino, noski, beldurra gainditu eta hitza abiarazteko tresna izan litekeen heinean. Baina ez. Umore klabeak ez du balio, nik uste. Berez, arrazoibide zehatz-zorrotzak balio beharko luke. Hots, abokatuek eta beste zenbait analistak, etxekok nahiz kanpokok, erabili duten horrexek. Baina, nonbait, logikarik peto-petoenak ere porrot gure auziari dagokionez: «Oro da ETA, eta ETA da oro», Espainia dixit… Haserre klabean, beraz? Ez, hori ere ez. Ich auch-ekook ezin gara haserretu. Haserrealdietan nahi ditugunak eta nahi ez ditugunak ere itzurtzen baitzaizkigu denoi, eta ondorioak txantxetakoak ez izaki. Nola egin, beraz, geure «errelatoa»... Beste batzuek errazago daukate: aski dute gure familia politikoa anatemizatzearekin, eta are ridikulizatzearekin (abilidade handiz, aitor dut: bejondeiela). Baina, Ich auch-ekook, zer egin, nola adierazi «Gauza»ren –o, zeinen aurkikunde semantiko miresgarria! hori bai hori adierazle zehatz eta zorrotza!–... bada, hori: nola adierazi «Gauza»ren inguruko gauzak eta kausak garbi eta sakon, behar den perspektibarekin, behar den askatasunarekin, baldin gertatu dena eta gertatu denaren arrazoiak ulertu nahiaren nahiaz gaitzespen erabatekoaren korrektotasun politikotik haragoko hitz-erdia esanez gero apologiaren lakioan erortzen bazara?... Today, HB cigarettes are no longer advertised –dio Wikipedia orojakileak, mila esker; Rauchen verboten, debeku da erretzea, espazio publikoetan behinik behin, eta debeku, beraz, erretzearen aldeko edozein publizitate, prefosta. Osasun publikoaren aurkako ekintza omen delako; ez, «omen» gabe: delako, puntu–. «Beraz, ongi kendua dago gure kartel hura», ondorioztatuko luke, ondorioztatzen du, demokrata (omen) (den) orok.


Baina hau guzti hau gezur ikaragarri bat besterik ez da. Herritar nahiz hiritar ororen  adimenaren aurkako iraina. Hemen, Estatuak, bere propaganda etengabearen ondorioz –Gazako bonbardaketak nola–, lortu du jende gehienak normaltzat hartzea, adibidez, Pablo Gorostiaga bat kartzelan egotea, «ETAkoa (omen) delako»; ez, «omen» gabe: delako, puntu. Eta behin ere deskuidatu gabe sakatuko dizkigute, behin eta berriro, “Gaur Egun” eta “Teleberri”etan –eta zer esanik ez, España profunda-ko hedabideetan–, hamaika aldiz errepikaturiko gezur bat egia bihurtzen delakoaren praxi ezagunaren ildotik, «ETAko presoen Kolektiboa», «ETAko presoen senideen Etxerat elkartea» eta gisa bereko perpaus faltsuak: preso politikoak baitira guztiak ere, batzuk ETAkoak eta beste batzuk ez, denok jakin badakigunez. Nolanahi ere, hasieran ia denoi –Euskal Herrian behintzat– disparatea iruditzen zitzaiguna, dagoeneko, «normala» da, beraz. Edo, beste era batera esanda, ia-ia notizia ere ez da: zenbatgarren postua bete du, bada, albistegietan, HB-EH-Batasunako 20 burukideen kondenak eta 103 batzokien –barka: «herrikoen»– ebaspenak? Zer espero daiteke horrorearen horrorea bera ere –Gazako populazio zibilaren masakrea, Estatu-terrorismorik basatienaren agergarri ezin latzago hori– “Con el mazo dando” (sic) azpititulu fribolo nazkanteaz aurkezten duen hedabide publiko batengandik...? Haserrerik ez, ordea, stop.


Silogismo en bárbara. Hala deitzen zaio, bi premisak egiazkoak izanik ere, ondorioa erabat okerra, absurdoa, ilogikoa guztiz, daukan arrazonamenduari. Gogoan dut, gaztetxotan, mota horretako sasi-logikabidea zer den azaltzeko, maisuak eskolan aipatu zigun adibidea (euskaraturik): «Suhiltzaileek kaskoa daramate» (A premisa, egia); «Jonek kaskoa darama» (B premisa, egia); ergo… beraz… «Jon suhiltzaile da» (Ondorioa, gezurra). Ez baitira suhiltzaileak bakarrik, bistan da, kaskoa daramatenak; meatzari izan daiteke Jon hori, edo eraikuntzako langile, edo izotz gaineko hockey-jokalari, edo Vatikanoko guardia suitzar, auskalo. Hemen, ordea, indarrean da –eta zer-nolako indarrean– silogismo-kera barbaro hori. «ETA independentista da» (A), «Ich auch independentista da» (B), ergo «Ich auch ETA da» (bravo!, txalo bero zaparrada xalo maltzur bat). Hotz-ikaragarria da. Honi aurre egin beharra. Erruduntasuna izatea oinarri, eta errugabetasuna frogakizun. Alderantziz behar lukeelarik, noski; justiziaren teoriaren arabera, baldinbaitere. «Satelite», horratik… Nor noren, zer zeren… Zeren horretan bederen ez baitira ados jartzen. Batzuetan, boterearen errelatoak (eta beronen korolarioek) gure Ich auch bilera haiek ardi otzanen bilkura gisa fantasiatzen dituzte: «bai, Bwana» omen gure jarduna, «Goitik» zetozkigun Anaia Nagusiaren Haginduekiko esanekotasun osoz. Beste batzuetan, berriz, badirudi –zenbait preso ohiren salaketa eldarniotsuak lekuko – geu ginela Hagintari, Komisaurio Hotz, 18 urteko gaztetxoei gu geu –burges eroso zikinok– egitera ausartzen ez ginena eginarazten genienak. A, eta Arnaldo «koldarra» omen, jakina. ETAko anai-arrebak, azkenean, borroka armatuaren estrategiaren antzutasunaz konbentzitu zituena «koldarra»?... Hamaika ikus-entzuteko jaioak gaitunk, bai. Nonbait, anai-arrebak izatea ere delitu da bazterrotan. Non eta anai-arreba horiek okaztatzen ez dituzun, abjuratzen ez dituzun, salatzen ez dituzun, goitik behera eta inolako ñabardurarik gabe gaitzesten ez dituzun. Eta hori, batzuok behintzat, ez dugu sekula egingo. Beraz, gu gure anai-arrebak gara. Silogismo en bárbara.

Ich auch HB… Mila esker, mahaikideok (berriro barrura?, baina hi non bizi haiz, Rufi, adibidez?, Oiartzunen?, edo Stammheim-eko hoteletan daukak apartamentua alokatuta?, barka ezak gustu txarreko broma, baina es-ke…), eta mila esker, herriko HBernetako herkide guztiok, milaka eta milaka ich-auch-kideok (Oiartzungo Giriziako bazkideok, adibidez: ño, gure kuotekin-eta makina bat misil erosiko zituen ETAk, e, ez al zaizue iruditzen?...). Horra ba, umore klabera itzuli beharko, umorera-edo. Izan ere, hain da absurdoa dena, hain da ezpain-ohola dena, hain da kutrea dena, non, azkenean, ez dakit nik ba zertaz eta nola hitz egin daitekeen… Besarkada handi bana, lagunok. Hori bai behintzat. Ich auch HB.

Recherche