Irune Lumbreras Etxebarria

Indarkeria matxistari ukabilkada!

Ezeri ekin baino lehen, partekatuko ditudan letra hauen helburua ez da indarkeria matxistaren salaketa sakon bat egitea, egunerokotasunean ematen diren jarrera matxista txiki horiei bozgoragailua jartzea baizik. Bortxaketak eta erailketak indarkeria matxistaren alde gordinena badira ere, horra heldu aurretik ekintza txiki asko gertatzen dira, eta horretan jarri nahi nuke fokoa. Izan ere, matxismoa inoiz baino biziago dago gure artean eta honekin amaitzeko dagoen konpromiso falta nabarmena da.

Egungo garaien aurrerapenekin batera, indarkeria matxistak eremu eta forma berriak aurkitu ditu. Agerikoa da sare sozialak misoginia hedatzeko espazioak bilakatu direla, gure pantailetan komentario sexistak eguneroko ogia bilakatu diren bezala.

Horrez gain, berehala gabonetako afariak datoz eta horrekin batera urteko garai honetan gailentzen den sistema patriarkalaren presentzia. Afaria prestatzeko saskia bete, ordu luzez sukaldatu, platerrak zerbitzatu eta nola ez, harrikoa egin. Hori da emakume askoren errealitatea gabonetan, eta latzena da «tradizioa» erabili ohi dela lan astun hau justifikatzeko.

Hau guztia ez ezik, emakumeek jende aurrean lan egiterakoan jasan behar dituzten errespetu faltak guztion begi bistan daude. Estareako, taberna batean lan egiten duen neska orok, bezeroengandik lekuz kanpo dauden komentarioak pairatu behar dituzte. Gainera, normaltasun handiz graziarik gabeko txantxak botatzen dituzte eta lasai asko gelditzen dira inork ez baitie ezer erantzuten. Ez hori bakarrik, emakume langileak defenditzeko hautua eginez gero, erasotzaileak biktimaren papera hartzen du.

Zalantzarik gabe erabat normalizatuta daude erasoak, eta baita beldurra ere. Sarritan, kirol talde batean entrenatzailea gainetik dagoelakoan, jokalariek beldurra izan ohi dute jarrera sexistak salatzerako orduan. Batzuetan ekintza horiei garrantzia kentzeko joera izaten da, arazoetan ez sartzeko eta uste delako zerbait esanez gero ez duela ezertarako balio izango. Baina egunerokoan ikusten diren mikromatxismo horiek isiltzen badira, inoiz ez zaio egoerari buelta emango.

Bestalde, inolako graziarik ez duen komentario sexista bati barre eginez erantzutea konplizitate hutsa delakoan nago. Matxismoaren aurkako borroka, txiste horien aurrean barre egiteari uzten hasten da. Hortaz, pasibotasuna alde batera utzita, maite dugun jendea seinalatzea tokatzen da maiz berdintasuna badugu helburu.

Nekagarria da emakumeen aurkako indarkeriak sortzen duen amorrua. Denbora guztian gertatzen dela jakitea eta hain modu integratuan guztiz beldurgarria da, eta pixkanaka gizarte moduan atzerantz pausoak ematen ari garela ikusteak aurrera egiteko esperantza lausotzen du.

Amaitzeko, beharrezkoa da garbi uztea feminista ez den antifaxismoa ez dela benetako antifaxismoa. Feminismoaren baloreek ez dute inondik inora bat egiten faxismoak dituen oinarri patriarkalekin, eskuin muturraren helburuetako bat berdintasunaren aldeko aurrerapen guztiak desegitea da eta.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Recherche