Mikel Ugarte
Langilea

Indibidualismotik gizartera

«Gero eta pobreago, behartsuago egiten ari gara, egiten gaituzte, eta gu ez gara ezertxo ere egiten ari hau aldatzeko. Hobe esanda, hau aldatzen ari da eta gu ez gara ezertxo ere egiten ari bide horretan atzera egiteko. Alferrik da, gauzak horrelaxe dira.»

Gizartea praktikan jartzeko garaia da. Gizarte baten parte garela ohartzen hasteko garaia da, baita gizarte gisa erantzuteko beharra dugula ohartzen hasteko ere. Garagardo batzuk hartuz edota ikastolako parkean mundua konpontzeko moduko sermoiak bota eta guztiaren jakitun izango bagina bezala hitz egiteko gai gara, gauzak zein gaizki dauden eta zein ongi egingo genituzkeen esateko ere… Hau kasurik hoberenean zeren, bada «nik ere berdin egingo nuke» esaten duenik Barcenas, Barcina, Urdangarin bezalako jendilajeari buruz hitz egiterakoan. Tristea, oso. Ez da lo geratzeko garaia. Ez da sermoiak botatzeko garaia. Egiteko ordua da. Pentsatu, elkartu, ekin eta egin. Ohartu zaitez, zu, gu, gure inguruan ditugun norbanako ezberdinek egiten gaituztela norbanako. Utzidazu argitzen. Gaur egun dugun hau guztia, orain jubilaturik dauden pertsonek bere garaian egin zuten lan eskergagatik dugu; diktadura garaian hezkuntza sistema bat osatzeko esfortzua egin zutelako; euskara mantendu eta indartzeko, eskubide sozialen defentsa, osasungintza sistema publiko bat… Hala ere, gaur pentsio duin bat izateko eskubidea duten arren, merezi duten arren, pentsiodunak soilik dira eurena dutena defendatzen saiatzen den sektore bakarra. Ahaztu egiten dugu gu geu ere bihar pentsiodunak izango garela.

«Jubilazioa ezagutuko al dugu ba guk? Gazteak gara eta… 80 urtera arte lanean jarraitu beharko dugu…» barre artean esaten jarraitzen dugu, baina egia izango da horrela jarraitzen badugu.
Kontziente izan behar dugu etxea desjabetzeko atarian dagoen familia hori bihar gurea izan daitekeela, eta ezin dugula azken momentura arte itxaroten egon, orduan beranduegi izango baita. Egoera horretara iristera bultzatzen duten arrazoiak aztertu eta gainditu behar ditugu. Baina alferrik da, gauzak horrelaxe dira.


Baliteke zure ikasketak aspaldian bukatuak izatea eta Lomce-ren eragina urrun ikustea, edo ez ikustea. Ez zaitu eragiten. Baina pentsatu al duzu inoiz, gazteei soilik eragiten dien lege honek gu guztiongan eragin zuzena duena? Lege honek hezitako hauek izango dira gure erizain, mediku, gure errepideak diseinatu, garbitu nahiz mantenduko dituztenak. Gure heldu eta txikitxoak zainduko dituztenak. Gure nagusi izango direnak. Gure langile, gure lankide... Etxeak eraikiko dituztenak, gure politikariak, abokatuak. Harakin nahiz baserritarrak. Behar bezalako hezkuntzarik jaso ezean, lanpostu prekarioak sortuko ditu, behar bezala prestatu gabeko langileak izango gara, kalera bota gaitzaketen beldurrez edozein baldintza jasan beharko dugu. Ezjakintasunak ez du gure etorkizuneko zutabea eusten lagunduko, inolaz ere. Gizarte ezjakin batek ez du behar bezalako pentsioak bermatzeko diru sarrerarik sortuko, ezta langabezia saririk emango, ezta amatasun/aitatasun bajarik onartuko. Kalera eta punto, atzetik beste bat badator eta. Baina alferrik da, gauzak horrelaxe dira.


Ohartu behar dugu super-aberats bihurtzen ari diren aberats horiek, gurea, gizarte osoarena dena bereganatuz ari direla aberasten, eta gu are eta pobreago egiten. Multinazional handiek diru publikoarekin jokatzen dute, euren milioika euroko irabaziak galera bihurtu eta irabazi ikaragarriak lortzen dituzte. Zuk eta nik ez dugu honen onurarik ez ikusi ez antzemango, nahiz kontrakoa sinetsarazi. Esku gutxi batzuetara iristen baita. Eta ez da demagogia. Oxfam-ek dio mun- duko 85 pertsona aberatsenek gainerako mundu erdiak adina aberastasun dutela. Harrapa ezan/k. Muturreko egoeraren erakusle da bai, baina estatu mailan nahiz Euskal Herri mailan zenbakiak harrigarriak lirateke. Gu futbola ikusten ari garen bitartean, hauek euren makineria martxan dute irabaziak askoz ere handiagoak izan ditzaten. Horretarako zure eta nire eskubideak urratzeko lotsarik ez dute. Pentsio sistema ez da jasangarria. Langileak kaleratzea merkeagotu egin behar da konpetentziaren hobe beharrerako. Osasungintza publikoa pribatizatu egin behar da, zerbitzu hobea eskaini eta merkeago izateko... Eta guk, amen.


Eta zer esan langabeen gutxieneko diru sarrerei buruz? Hoberena dirurik ez ematea. Segituan bilatuko dute lana, ziur. Bai, baina bi pezetaren truke. Aldamenekoak bi pezeta kobratzen baditu, zuk ez eskatu hiru. Bi pezetekin etxea ezin ordaindu, eta kalera. Kalean dagoenak aldiz, jan egin behar. Eta nondik ala nondik atera behar. Lapurretak ugaritu direla? Ez dut ulertzen zergatik… Kalean polizia gehiago jarri behar. Ez, hemen ere negozioa egin dezakegu eta segurtasun pribatua hobe. Baina alferrik da, gauzak horrelaxe dira.


Langabezia prestazioentzat bideratutako dirutzarekin hainbat proiektu bidera litezke: errepideak txukundu, azpiegitura berriak egin, zergak jaitsi, unibertsitatera arteko hezkuntza publikoa, gaixotasun/teknologia berrien ikerketak, garraio publiko sistema eraginkor bat, hamaika gauza. Beraz, langile guztion ardura da langabeen arazoa ere. Gizarte osasuntsu eta orekatu bat nahi badugu, aberastasun banaketa justuago bat egon behar da, politika sozial eraginkor bat eginez. Hau ez digute oparituko. Irabazi egin behar diegu. Baina alferrik da, gauzak horrelaxe dira.
Gero eta pobreago, behartsuago egiten ari gara, egiten gaituzte, eta gu ez gara ezertxo ere egiten ari hau aldatzeko. Hobe esanda, hau aldatzen ari da eta gu ez gara ezertxo ere egiten ari bide horretan atzera egiteko. Alferrik da, gauzak horrelaxe dira.


Zergatik? Oso erraza da. Pentsiodunen arazoa ez da nirea, ni gaztea banaiz. Langabeen arazoa ez da nirea, lana badut. Kopagoa ez da arazo, osasuntsu banaiz. Desjabetzeak ez dira arazo, nire etxea ez bada subastan dagoena. Hezkuntza sistemaren aldaketa ez da arazo, pentsioduna banaiz. Zer gertatzen den berdin dit, ni lanik gabe geratzeko arriskua bada nire arazo. Indibidualismoa da arazo. Baina alferrik da, gauzak horrelaxe dira.


Baina honek ezin du horrela izan. Pentsiodunak gure gurasoak dira. Beraiei esker dugu dugun apurra. Pentsiodunen gaurko eskubideak izango dira gure biharko eskubideak. Gure biharko pentsioak sostengatuko dituzten diru sarrerak gaurko hezkuntza sistemak formatuko dituen biharko langileen soldatetatik aterako dira. Hauxe da gizartea. Izan direlako gara, garelako izango dira. Izango direlako, izango gara. Zu, gizarte horren zati garrantzitsu bat zara. Gauzak horrelaxe dira, baina, egizu zerbait zuk nahiko zenukeen gizarte hori aurrera eramateko.

Recherche