Josu Naberan
idazlea

Inkisizioaren atarian

Gure lantegiko ugazaba batek erdi-txantxan esaten zigunez, hasteko tonto eta ixteko pronto; ba horixe gertatzen da kasu honetan ere: zaintzeko tonto eta murrizketak ezartzeko pronto

Adi nago, zeren Inkisizioaren sintomak usnatzen edo sumatzen baititut inguruan.
Lehen fasea agintekeria eta obskurantismoa izan ohi da. Hala, musukoaren kudeaketan, ez didate oraindik argitu zergatik estali behar den sudurra. Ez didate argitu, ezta, zergatik darabilten PCR-froga. Froga hau, arlo honetan aditu zenbaitek dioenez, ez da Covid-19rako espezifikoa, gene-katearen %eko oso gutxi batean oinarritzen delako, eta beraz, sasi-positiboak ematen dituelako. Eta ez didate argitu zergatik alboratu duten EHU/UPV-ko farmazia sailak aurkeztutako froga.

Agintekeria da arrazoitu gabeko aginduak ematea, borregoak baikinen. Obskurantismoa, berriz, informazio osoa eta zehatza ez ematea, baizik eta iluna; hau da, kopuru hutsak transmititzea, futbol-partida bateko emaitzak bailiran.

Agintekeriak eta informazio ilun horrek Inkisizioa besterik ezin ekarri. Eta jendearen aldetik zer? Normala litzateke, horren guztiaren aurrean, jarrera kritikoa. Baina bestelakoa ere gertatzeko arriskua dago: artalde-jarrera, eta hortik laster, faxismoa (besteek zer egin behar duten inposatu nahia). Bada halako prozesuen esperientzia, zoritxarrez, zeren Hitlerren Alemaniakoa ez baita izan bakarra.

Artalde-jarrerak, berriz, sistemaren agintekeria berrelikatuko du..., eta ez da zaila imajinatzea segituan zer etorri ohi den: lehendabizi, kritikoak kriminalizatzea, heresiatzat hartzea eta gogor zigortzea. Gero, txertoa denei derrigorrez inposatzea etor daiteke, txerto-karneta atera beharra eta beste hainbat neurri. Horiek bai imajinaezinak.
Zer egin halako prozesu bat ekidin ahal izateko?

Beste ezer baino lehen, kritiko izatea eta kritiko diren epidemiologo, birologo eta medikuei kasu egitea. Sikiera norbere iritziak kontrastatzeko. Bestalde, gaurko berria dugu Osakidetzak %20ra jaitsiko duela ohe-kopurua aurtengo udan  ere, nahiz eta pandemia-anduinak gorantz  joan, eurek diotenez.

Gure lantegiko ugazaba batek erdi-txantxan esaten zigunez, hasteko tonto eta ixteko pronto; ba horixe gertatzen da kasu honetan ere: zaintzeko tonto eta murrizketak ezartzeko pronto. Esana dut: gobernu honek eta beronen instituzioek ez daukate gaitasunik krisi honi aurre egiteko. Argi dago arrazoia: eurek parte hartu dutelako arazoa sortzen.

Zeini egingo diogu kasu, orduan? Oraintsu mediku-plataforma kritiko bat sortu da, aurkezpena Campofrion egin duena hain zuzen. Nik ezagutzen dudan bakarra da. Sistemak dogmatzat jaulkitzen dituen bertsioei aurre egiten dien bakarra. Jada Argentinako eta Boliviako mediku-taldeen apoiua jaso du.( Apoiu/apeiu bai, euskal-iberierazko hitz zaharrak, latina sortu baino milaka urte lehenagokoak)

Ba horixe, mediku-plataforma horretan bai dudala konfiantza, zeren euren ofizioa jartzen baitute jokoan. “Médicos por la Verdad” deritza eta hona hemen lotura elektronikoa: https://youtu.be//H-sviMOoZIU

Recherche