Irune López Carriba

Intra-musukoa

Ez naiz ‘influencer’ ezta zientifiko ospetsua ere; momentuz, ez naiz andereñoa ikasbiderik emateko. Tamalez, bidezain izatea ez dago nire etorkizun planaren barruan barraskiloak babesteko

Ez dut berri eguneraturik ekartzen; uda gustuko dut. Ia edonorren antzera esatera menturatuko nintzateke, baino populazioaren 5%-eko desadostasun erregela ezaguna dugu.

Egunak luzeagoak diren honetan, badirudit termostatoaz gain, efizientzia pertsonalak gora egiten didala baita ere. Eguzki izpien ongi etorriarekin batera, iragarpen optimista eta zuzena egotekotan, iratzarri eta egun emankorrari kronometroa jartzen diot. Erlojua desafiatu eta orratzen aurkako erlojupekoarekin hasten ditut egun denak; probetxuko eginbeharrak diruditen guztiak burutzeko motibazio eta, zergaitik ez, behar auto-inposatuarekin. Kafe kargatua sabelan, goizeko lasterketa ez dut barkatzen, eta garai honetan bide-ertzean hain preziatuak diren barraskiloak kronoa izorratzen didate. Seguruenik, ‘presarik’ izango ez banu, goxotasun eta begirun osoz bide erditik aldendu eta salbu jarriko nituzke. Izan ere, batek ‘mutilazioak’ ikusi ondoren, oskol baten segurtasuna kolokan jarri lezake; auto-protekzioa askotan nahikoa ez den adibide egokia.

Gaurko marka hautsi egingo ez dudala ikusirik, bidelagun zaurituei oraindik sorospena eskaini ez, baino zaintza pertsonalari amatasunaren mimo eta adoreaz behingoz erreparatzeko une egokia begitandu dut. Auto-babesa sendotu, maskorra indartu, bide-ertzeko segurtasunerainoko ibilbide egokia aurkitu.

Ez naiz ‘influencer’ ezta zientifiko ospetsua ere; momentuz, ez naiz andereñoa ikasbiderik emateko. Tamalez, bidezain izatea ez dago nire etorkizun planaren barruan barraskiloak babesteko. Beste norabidetik natorkizue; antidepresiboak hartu eta antsietatearekin borrokan elkarbizi izan den norbait naukazue.

Molusku hauen lirdinga, behin hain baliotsua bilakatu zena, arrasto errebelatzailea uzten duen modura, barne oinazearen aztarna estaltzeko azal kiribilik ez dago.

Mina estratifikatzeko beharrik ez dagoen arren, argi daukat bat baino gehiagok ezjakintasunaren harrotasunaz harrapatuko nindukeela, gauden aldi honetan, kanpo zauri nabarmenak baino, barne orbain ukiezinei lehentasuna bermatzeko deia egingo banu. Haurtzaroko errugabetasun eta eskrupulu ezarekin, igerilekuko uretan baino, lerde likatsuan urperatuko nuke burua; Panoramix druidaren edabe magikoan Asterix-en erara.

Itxaropen uneak gure laguntxoei azaltzen zaizkien legez, bide zidorretik baztertu bai, baino haragi gomatsua balioesten dutenen eskuetan harrapatuak geratuz, larriki zaurituok edozein magal traidorean atseden hartzeko atentatuari ekiten diogu. Salbazioaren begitazioa, salbamendu-jaka hustua; hain da sinesgarria beldurra.

Uda guztietako Trafiko Zuzendaritza Nagusiko kontzientziazio kanpaian garraiatzaile txiki hauek sartzea, ekintza zentzugabea litzateke, babes eta segurtasuna sustatzeko ahalegina arrazoi nagusitzat hartu arren. Prebentzioa, behaketa, jarduketa. Zalantzarik gabe, zirkulaziorako oinarrizko arauen ezarpen beharrezkoa, uholde mentaleko trafikorako aplikagarria genuke baita ere.

Etxera bidean, txikitan amaren listu horratz sendagarriaren mira oroimenean daramat, egun, momentuz, tratamenduaren irismenak ez bait dit gehiagorako ematen.

Recherche