Intrantsigentea naiz
Arazo latza daukat: gero eta intrantsigenteagoa eta fundamentalistagoa naiz.
Erradikalizatzen ari bainaiz, nonbait, hemendik atera ere gabe eta, are harrigarriago dena, inongo eliza eta meskitetan sartu gabe.
Erretiro ofizialaren atarian egonik ere, zahartzaroak ekartzen omen duen lasaitasun-punttuak ez dit oraindik tolerantzia-maila areagotu, alderantziz baizik, gero eta gorago jartzen ari baitzait intrantsigentziaren langa.
Baina intrantsigentzia selektiboa da zeharo, nik dakidala, hizkuntzarekin bakarrik lotua baitago... momentuz.
Alegia, ez dut inolako arazorik eskuineko zein ezkerreko jendearekin hitz egiteko, ez eta ero, behartsu, zuri, beltz, txapeldun, aberats, pijo, metrosexual zein mozkorti bokazionalekin ere mintzatzeko..., baldin erdaraz ez bada mintzaldia. Izan ere, nire intrantsigentzia hizkuntz arlora mugatzen ari baita, huts-hutsean.
Esate baterako, ez dut jasaten euskaldunek euskaldunekin dihardutenean erdaraz dabiltzala ikustea.
Ez dut jasaten, orobat, “euskaraz bizi nahi dut” eta “euskaraz bizi gara” izeneko arnasgune gisako horietan sistematikoki ematen den simulakroa eta azalkeria, horrelako askotan erdara baita, izatez, benetan erabili ohi den hizkuntza; berdin kalean eta ohiko harremanetan, zein batzoki-herrikoetan edota gainerako “euskal” erakundeetan.
Eta ez dut jasaten euskañolismoaren hibridazio posmodernoa ere, non euskarazko esaldi bakoitzaren ondoren gaztelaniazko esamolde bat tartekatu behar baita ezinbestean. No lo aguanto, vamos!
Ez jasateagatik, ez ditut jasaten inguruko hizkuntza hegemoniko hutsetan pontifikatzen duten estralurtarrak ere, batez ere esentziak eta existentziak direla eta, nire/gure hautuaz eta nire/gure hizkuntzaz jarduten dutenean. Isilik baleude, bederen!
Are gehiago: ez dut jasaten euskaraz aritzeko sortutako irrati-telebistetan hemengo erdara hegemonikoa barra-barra entzunarazten didatenean. Nahiz eta azpian euskaraz idatzitako errotulu errukarriak jarri gero, buru-zuritze gisara.
Jakina, ez dut piperpotoa ikusteko arazo berezirik, baldin Euskal Herritik at badago zintzilikatua. Eta ez dut arazorik, logika berbera erabiliz, euskara ez den ezein hizkuntzatan aritzeko ere... baldin euskal esparruetatik at bada elkarrizketa-saioa. Areago, motibagarri egiten zait jolasa, eta gozatu ere egiten dut neure burua erdara anitzetan jarduten harrapatzean.
Baina hortxe bukatzen bide zait tolerantziaren atalasea.
Zeren eta ezin baitut jasan berrogei urtetik beherako gazteekin erdaraz jardun behar izatea, besteak beste, neuk ere jarria nuen diru publiko mordoa erabili delako haiek euskaraz moldatzen ikas zezaten eta, haien erosokeria dela medio, dakitena edo jakin beharko zutena erakusten eta erabiltzen ez dutelako.
Erdaraz baino ez dakiten adiskide minak baditut ere, ez dut jasaten, haiek euskaldunokin elkartzean, guzti-guztiok, barneratuegi dugun begirune faltsu batez baliaturik edo, erdaraz dantzan jartzen gaituztenean. Eta ez dut hori jasaten, halaber, ustezko euskaldun petook erdaraz aritzeko aitzakia merkea hartzen dugulako erdaldun bakan horiekin aurkitzean.
Eta azkenik, gutuna gehiegi ez luzatzeko: guztiz harrigarri egiten zait –eta ez dut jasaten– ideologiagatik erdaldun huts mantendu direnak euskaldunon buru, aitzindari edo “lehendakari” izateko aurkezten direla ikustea, gutxien-gutxienik, alemanez ez dakien bat Alemaniako lehendakaritzara aurkezten dela ikustean bezainbeste.
Gustura hartuko nuke, bai, ene intrantsigentzia-maila hau apaltzeko pilula egokiren bat.
Baina erlijioa eta egungo politika bezain opiazeoa ez den zerbait izan dadila, otoi!