Garazi Goia
GAUR8

Introspekzioak

Literaturara itzuli da Lourdes Oñederra “Intemperies (babes bila)” nobelarekin, hamalau urte pasatu dira “Eta emakumeari sugeak esan zion” nobela argitaratu zuenetik. «Bizitzaren erdia pasatzen dugu jakin gabe. Beste erdia, ausartu gabe. Gero hil egiten gara. Bitartean babes bila ibili gara. Horrela bizi gara, babes bila, aterpe eskean eta, babes ustean, kargak hartzen ditugu» esaten du narratzaileak.

Ahanztura, absentzia, bakardadea eta heriotza bezalako gaiak lantzen ditu Oñederrak. Besarkada beharrean dauden protagonistak azaltzen dira liburuan, baina besarkada horiek hartzeko aukera dutenean atzera egiten dute. Hitz egiteko zailtasuna dute (beste jende askok bezala). Haiena ez den azal bat josten diete sentimenduei. Protagonisten barne-barneko unibertsoa islatzen duten hausnarketak biltzen ditu. Gertaera arruntak dira, baina errealismoz kontatuak. Elkarren (edo norbaiten) beharrean dauden protagonistak dira Luzia eta Víctor. Bakoitzak istorio bat gordetzen du atzean, istorio interesgarri bat. Haiek bezalako pertsona batzuk datozkit burura; joan-etorrian dabilen jende asko; ihes egin beharra sentitzen dute, eta itzuli beharra ondoren. Hamalau urte zain egoteak merezi izan du.

Emmanuel Carrère idazle frantsesak bere azken liburuan Eduard Veniaminovich “Limonov” politiko eta idazle errusiarraren bizitza kontatzen digu. Limonovek nobela itxurako bizitza bat izan zuelako erabaki zuen hari buruz idaztea: Boltxebikeen Alderdi Nazionalaren sortzailea izan zen, idolo bat izan zen Sobietar Batasuneko underground mugimenduan, New Yorkera erbesteratu zenean arlote izatetik aberats okitu batentzat etxezain lanak egitera iritsi zen, Parisen idazle ezagun bihurtu zen, hainbat pertsonaia ezagunen inguruan garatu zen bere bizitza, Balkanetako gerran parte hartu zuen, muturreko politika egiteagatik epaitua izan da… Zalantzarik gabe Limonovek istorio bat gordetzen du. Carrère Limonoven etxean omen zegoen nobelarako behar zuen informazioa lortzeko elkarrizketa bat egiten eta Limonovek galderei bestelako gehigarririk edo gogo gehiegirik gabe erantzun ostean, agidanez galdera bakarra egin zion Carrèreri: zergatik idazten duzu nire bizitzari buruz? Batzuen bizitzak interesgarriak iruditzen zaizkigu. Baina batzuoi bakarrik. Gure bizitzarekin konparatzen ditugu. Askotan ez gara konturatzen ordea gure bizitzari buruz daukagun pertzepzioa aldatu egiten dela begiratzen edo analizatzen dugun moduaren arabera, egiten dugun introspekzioaren arabera. Prousten kontzepzio terapeutikoak hori zioen. Askotan, gure bizitzarekin kontent ez egotea behar bezala ez begiratzeagatik dela. Memorian gordetzen ditugun imajinek definitzen dute gure iragana eta finean, gure bizitza, eta imajina edo oroitzapen horiek benetako errealitatetik urrun egon daitezke sarritan.

«Nori axola zaizkio gure iragana eta bizitza ergelak?», galdetzen du Diane Polley astista kanadarra zenaren alaba batek. Sally Polley zine zuzendariak “Stories we tell” izeneko dokumentala sortu du: bere amaren senitartekoei eta lagunei galdera berdinak eginez amaren bizitza berreraiki du eta prozesu hori erakusten digu filmean. Bere amari buruzko hausnarketa eta memoria kontraesankorrak ere jaso ditu elkarrizketatu dituen pertsona ezberdinengandik. Bakoitzak gertaera berdinari buruzko imajina ezberdinak ditu gordeta eta.

Baina, oro har, emozioz betetako atzera begiratze onest eta adimentsu bat eskaintzen digu dokumentalak. Memoria pertsonal eta ikerketa publiko baten nahasketa perfektua. Oroitzapenen fidakaiztasun izaera eta berreraikuntza baten ahultasunak eta aldi berean indarrak erakutsiz. Eta, trama familiar bat ere desestaltzen da, ikusleari larritasun puntu bat ere sortzen diona. Guraso izateari buruzko dokumental bezala aurkeztu dute batzuek. Gerra osteko Ipar Ameriketako gizartean emakume independente baten bizitza erakusten duen feminismoaren ondare politiko eta zinematografikoa bezala beste batzuek.

Istorio bat gordetzen duten bizitzak interesatzen zaizkit. Hori aurkitu dut bi liburu horietan eta dokumental horretan. Horiek dira nire gomendioak oporretako irakurketarako eta zinemarako. Besteen (eta bide batez zure) bizitzara introspekzio bat.

Recherche