Ipar Euskal Herriaren aitortza politikoaren aldeko borrokan hitzordu inportantea
Eztabaida instituzionalak Ipar Euskal Herrian azken hilabeteetan izan duen bilakaera ezin da ulertu, gauzak ez badira Aieteko Konferentziarekin abian jarri den prozesuaren testuinguruan kokatzen. Izan ere, Aieteko Konferentziak Ipar Euskal Herriko agertoki politikoa astindu du, eta honen biharamunean bi kontsentsu biziki zabalak agerian eman ahal izan dira.
Lehena, konponbide prozesuaren aldekoa, 2012ko udazkenean, espektro kasik guziko arduradun politikoak bi argazki indartsutan biltzea ekarri duena: presoen aldeko manifestaldi historikoa Baionan eta Bake Bidean-ek antolaturiko foruma.
Bigarren kontsentsua Lurralde Kolektibitatearen ingurukoa izan da. Lehengo «tabuak» bazterrera utzi eta frantses arduradun politiko nagusiek Ipar Euskal Herrirako estatus politiko baten alde jartzeko pausoa eman dute, molde horretan, konponbide prozesua sustengatzearekin batera, Parisi Ipar Euskal Herriaren aitortzeko garaia heldu zaiola adieraziz. Lurralde Kolektibitatearen proposamenak jauzi «kualitatibo» bat suposatzen du. Alabaina, erreferentzia politiko gisa mendeak iraun dituen departamenduaren aldarrikapena gainditzen du, Ipar Euskal Herriaren beharren azterketatik, estatus berezi bat (eta ez, beraz, frantses Errepublikaren antolakuntzan «estandarra» den koadroa) galdeginez.
Lurralde Kolektibitatearen galdeari Estatu frantsesak nola erantzun dion badakigu. Madrilek konponbide prozesuarekiko eskatzen dion jarreran lerrokatu da Paris, iraganeko fase politikoa luzarazteko helburua duten hiru ezezko borobil mahaigaineratuz: konponbide prozesuari, ez; errepresioa gelditzeari, ez, eta aitortza politikoari, ez. Estatuen jarrera hori oso gogorra da, baina parte batez logikoa ere bai, prozesua bera ofentsiba politiko baten gorpuztearen perspektiba batetik ulertzen bada. Konponbidea eta aitortza oinarri dituen aldaketa politikoa gauzatu nahi dugu Euskal Herrian, baina Madrilek eta Parisek aldaketa hori saihestu nahi dute absolutuki, aitzineko fasea iraunaraziz. Hortik, egoera «baretu» ordez, konfrontazio politikoaren parametroak indartzen eta gaiztotzen dira. Hori da Ipar Euskal Herrian gertatu dena azken hilabeteetan.
Aieteko Konferentziaren biharamunetan, Baterak urteetan eraman duen lana kapitalizatuz, ofentsiba politiko indartsua garatu da aitortza politikoaren alde, eta jendartearen aktibazioan nahi genuen maila ez badugu guziz erdietsi ere, ofentsiba honek sektore jakobinoak beldurtu ditu biziki. Horri erantzuteko, Parisen Manuel Valls buru duten sektore jakobinoek kontraofentsiba jarri dute martxan, gure nortasunaren oinarrian dauden bi zutaberi erasoz. Lehena: euskara, kolokan jarriz urteetan herriko etxeek ikastolei bideratu dizkieten diru laguntzak. Eta bigarrena: lurraldetasuna. Honi begira, Pirinio Atlantikoetako kontseiluaren ordezkariak hautatzeko hauteskunde-eremuak (kantonamenduak deitzen direnak) aldatu nahi dituzte helburu argi batekin: Ipar Euskal Herriko parte bat Biarnoarekin nahastea. Horretara, publikoak egin diren mapen arabera, Baxenabarreko Amikuze eta Iholdi-Oztibarre eskualdeak Biarnoko zati batekin kokatuko lituzkete. Kantonamenduetako mapa berriak zalaparta ederra sortu du, eta erreakzio ezberdinen artean, nabaritzekoa da Max Brisson UMPko idazkari orokorrak berak salatu duela aurrekari historikoa: frantses iraultzaren garaietatik kantonamenduen eremuek beti errespetatu dute Ipar Euskal Herriko lurraldetasuna.
Burutzen ari diren erasoak oso bortitzak dira, beraz; azken denboretan jakobinoek bizitu duten larritasunaren araberakoak, hain xuxen ere. Eraso hauekin G. Labazee (Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakaria) bezalako PSko arduradunek ondoko mezua helarazi nahi dute: Lurralde Kolektibitatearen gaiarekin urrunegi joan zarete, eta hemendik aitzina daukazuena atxikitzeko nahiko lan izanen duzuela erakutsiko dizuegu. Eta egia da, ematen du urteetan Ipar Euskal Herriko statu quoa finkatu duten elementuak zalantzan jarri nahi dituztela. Batetik, euskarak ez du ofizialtasunik, baina oso legalak ez diren praktika batzuen inguruan (herriko etxeen diru laguntzak tarteko) begiak ixten zituzten. Eta bestetik, Ipar Euskal Herriak ez du berezko podere instituzionalik, baina lurralde antolaketa politikek bere eremua aintzat hartzen zuten nola-hala (1997an «Pays» Pays Basque eremu administratiboa horretarako sortu zuten).
Epealdi labur honetan Lurralde Kolektibitatea ez dugu irabazi, baina guttienez hor daukagu ageriko lehen emaitza: urte luzeetan inertzia handiz egoera politikoa blokeatu duen statu quoa hautsi da. Konfrontazio politikoaren eremua ireki da, beraz, zabal-zabala, aldaketarako baldintza berriak zeinek bere aldera bideratzen dituen jokoan dagoelarik. Eta konfrontazio honi heldu behar diogu, borroka irabaziz bai ala bai, jakinik funtsezko arma dugula eskuetan: euskal gizartearen gehiengo zabal baten aldekotasuna.
Hori dela eta, lurraldetasunaren gaiari helduz erabaki du Baterak azaroaren 30ean Maulen manifestaldia antolatzea. Manifestaldia erabaki den momentuan, aukera zegoen Xiberoa bera Biarnorekin lotua izateko kantonamenduen mapa berrian. Azkenean, gibel egin dute ideia horrekin, baina urteetan, eta gaur ere, gure lurraldeen artean, Xiberoak Euskal Herriko bizi-dinamikatik deslotu nahi den «periferia» eremua ordezkatzen du. Gisa horretan, lurralde antolaketaren eztabaidetan frantses administrazioak Xiberoa Oloroeri lotzeko egin dituen entseguak etengabeak izan direla oroitarazi behar da. Hor daukagu beraz, azaroaren 30eko manifestaldia Maulen, Ipar Euskal Herriko aitortza politikoaren alde hitzordu inportantea ordezkatzen duena.
Eta Frantzia osoko Estatu aparatuan aliatuak bilatzen dituzten mota guzietako jakobinoak okaztatzen dituen mapa zein den oso ongi dakigularik, Euskal Herriko edozein herritarri dagokio, bere aukera eta posibilitateen arabera, euskal lurraldetasunaren aldeko hitzordu honi erantzutea.