Josu Iraeta
Idazlea

Iraganik gabe etorkizunik ez

Gaztelako historiografiak dioenaren arabera, bisigodoen garaitik gaurdaino zabaltzen da Espainiaren batasun sakratua. Egilearen iritziz, ideia hori oinarririk gabeko mito bat da. Are gehiago, historian zehar kontrako tesia egiaztatzen duten nahikoa datu badirela ziurtatzen du, eta datu horiek ezagutzeak duen garrantzia azpimarratzen du.

Azken berrogei urteko esperientziak dioenari kasu eginez ikusten da, nahiz tarteka siglak eta gobernuak aldatu, batzuk eta besteak Madrilera begira daudela. Bai Iruñean, bai Gasteizen, handik inposatzen duten batasun espainiarra gizarteratu nahian euskaldunen artean. Hori bai, era inteligentean noski. Ez dute beste helbururik, aniztasunaren eta desberdinen arteko gizarte berri bat sortu beharrean gaudela diotenean.

Horretarako, gaur egun, eta sekula ez bezala, EAJk Hego Euskal Herriko
instituzio nagusi guztiak eskura dituenean, euskaldunen etorkizuna bermatuko duen proposamen «berri bezain ausarta» aurkeztu digu.

Bi atal ditu; berdinen arteko harremanen aitorpen argia estatuekin, bata, eta EAEko lurraldean, egunen batean, etorkizuna erabakitzeko aukera onartuko lukeen espainiar konstituzioaren aldaketa, bestea.

Sekula ez da urrats luzeagoak egiteko garaia. Hori «betiko» mezu pragmatikoa. Zer esango luke Sabino Aranak gaurko EAJren jarrera ikusiz?

Horrelako jarrerek ematen diote bide espainiar demagogiari. Horrela, Gaztelako historiografiari helduz, bisigodoen garai hartaraino jotzen dute, espainiar batasuna aldarrikatuz.

Dena dela, eta idatzitakoari helduz, esan beharra dago, Gaztelako historiografiari dagokionez, bisigodoetatik gaurdaino, Espainiako batasun sakratuarekin ari direla, gora eta behera, baina egia beste bat da. Garai haietan baino askoz geroago egin baitzuten nahasmen historiko hori.

Espainiako historiografiak eta gaur egungo «Constituzionalismo Nacional» espainiarrak oso bereganatua du batasun hori, nahiz eta egiazko oinarririk ez duen. Erromatarren garairaino joaten dira espainiarren batasun horren bila, baina garai hartan ez zegoen horrelakorik.

Erromatarrentzat Espainia hiru probintziadun kontzeptu geografikoa zen: Tarraconense, Baetica eta Lusitania. Baina garai hartan erromatarren boterea ez zen aski bakarrik penintsula osorako eta gauza bera gertatu zitzaion bisigodoei, ez baitzuten horrelakorik lortu.

Beraz, gaurko espainiar nazionalismo-konstituzionalak aldarrikatzen duen garai arteko batasuna mito hutsa da, eta ez besterik. Hori bai, mito indartsua.

Nahiz espainiar batasun sakratua aldarrikatu behin eta berriro, nazio oso ezberdinak bere baitan menderatzen dituen espainiar moduko estatu bat, historiaren manipulazioan oinarritzen da. Manipulazioari aurre egiteko, esan liteke nafarren aldeko tesia defendatzeko dokumentazio nahikoa badagoela, ez dagoena tesi «espainiar-ofizialaren» aldeko dokumentazioa da.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba Gaztelarekin edo Asturiasekin lotzen dituen tesiaren aldeko dokumentaziorik ez dago. Eta badirudi horrelakorik ezer ez dagoenez, beraiek nahi dutena ez dagoenez, ez dagoela ezer, eta hori gezur borobila da.

Baskoniak batasun kultural eta linguistikoa zuen erromatarrak iritsi zirenean. Eta orduan Iruñea inguruan gizarte bat eratu zen, Iruñeko erresuma eta nafar errealitatea.

Horregatik, Nafarroa euskal identitatetik at balego bezala hartzea da distortsiorik handiena. Horixe da dugun arazo historiografikorik larriena. 1200. urte inguruko testu legaletan «nafarrari» egiten zaio erreferentzia eta «nafar» hori herri xehea zen. Iparraldekoei oraindik baskoi edo gaskoi esaten zioten. Orduan, nafar izateak, baskoi izatea esan nahi du, baina baita independente ere, gaztelarren kontroletik at. Kronika Karolingioek «nafar» kontzeptu hori erabiltzen dutenetik, dokumentazioan naturaltasun osoz jasotzen da hori. Ez diote inoiz «gaztelar» esaten.

Mendebaldeko lurraldeak; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak, Gaztelaren barruan izaera garrantzitsua izan arren, horrek ez du esan nahi Nafarroatik kanpo zeudenik. Lurralde bakoitza independentea zen eta Gaztelarekiko harremanak, bakoitzak bere aldetik, itunez finkatu zituzten. XVII, XIX eta XX. mendean lurralde hauek kontzientzia politiko erreala hartzen dutenean, berriro ere Nafarroaren inguruko batasun horretan bildu ziren. Gero hori gauzatzen jakin ez bada ere.

Bisigodoek penintsula menperatu ez balute, desagerturik egongo lirateke sueboak, bandaloak eta alanoak, beste asko bezala. Horrelako herri transhumante bat,  lurralde bat menderatzen ez badu –feudalki gainera– menperatua eta suntsitua izaten zen.

Baskoiak, ordea, erromatarren aurretik hemen mantendu gara. Hor 3.000 urteko historia dago egiteko eta Gaztelaren barruan egin duena historia horren atal bat besterik ez da.

Bisigodoek Erromari traizio egin zioten bitartean, Nafarroak erromatar legezkotasunari eutsi zion. Nafarroaren erromatar legitimazioa frogatzen duten datu ugari dago. Horixe da gure nukleoa; Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Errioxan bizi direnen gune legitimoa.

Beraz, alde handia zegoen Gaztela eta Nafarroaren artean; nahiz espainiarrak loturak ikusi nahi han-hemenka, egia beste bat da. Ukaezina baita, XIV-XV. mendeetako Gaztela estatu erabat feudala zela. Garai haietan Gaztelak ez zuen dokumentazio zentralik, ezta artxibategirik. Nafarroak aldiz, 1250. urtetik “Kontuen Ganberan” bere estatu artxibategi aberatsa zuen, ia-ia XX. mendera arte iraun zuena.

Egungoa ezagutzeko aurretik gertatutakoa ezagutu behar dugu. Historialariek eta batez ere historiaren ezagutza zabaltzeko ardura dutenek jakin beharko lukete bereizten beraiek nahiko luketen gizartea eta azterketa historikoa. Ez baita gauza bera historiografia eta doktrina politikoa.

Haurrei eskoletan historia nazionala irakatsi behar zaie. Egia garbia, mozorrorik gabea. Euskal Herriaren eta euskaldunen iragana lantzen duena, etorkizuna bermatzeko. Eta historia nazional hori badugu, ez dugu asmatu beharrik. Ez baikara espainolak, euskaldunak baizik. Hori da erronka.

Historia historiografiak, gure ondare historikoak, esaten duena da, euskaldunak baturik egon garenean, aske izateko aukera izan dugula, gizarte aske bat osatu dugula. Orain ere, horren beldur daude.

Nire ustez, oso oker eta baldar ari zarete. Bizikidetzaren izenean inposatzen duzuen  uniformetasun espainiarrak, itsu-itsuan Madrilera begira, ezusteko emaitzak ekarriko ditu. Has zaitezte prestatzen, laster herriak emango dizue merezi duzuen neurriko erantzuna.

Recherche