Elias Anton*

Iruñea: egia, justizia eta ordaina

Egia, justizia eta ordainaren galdatzea bete gabe dagoen bitartean, 1936ko estatu kolpe erailea salatzeak lehen mailako eginbeharra izaten segitzen du. Historiaren liburuan erauzitako orriak eta desitxuratutako egia berriro sartzea gaurkotasun osoa duen galdatzea da.

Atentatu basati hark erail eta desagertze arrastoaz gain (bakarrik Nafarroan 3.200 baino gehiago), egunez egun, arekaz areka, ezpondaz ezponda berriz osatzen ari garena, hamarkadetan giza eskubide eta askatasun mota guztiak ukatu zituen diktaduraren hastapena ere ekarri zuen, haren aurka egin zuen oposizio zantzu oro erreprimitu zuena.

Frankismoaren hamaika mila presoren lan esklaboaz ari gara; erbesteko bideari ekiteko dena utzi behar izan zuen jende andanaz; atxilotu, torturatu eta preso sartutako milaka lagunez; inolako eskubide sindikalik gabeko erregimenean zapalkuntza basatiaren mendeko langileriaz; Espainia «bat, handia eta libre» haren eraikuntza helburu, suntsitutako herri, kultura eta hizkuntzez; populazioaren erdiaz, hots, emakumeez, erregimen misogino hark emazte, zeintzuk ama eta etxekoandre izatera baztertu eta kondenatu zituen.

Artikulu hau sinatzen dugunok hamarkada haietan lan egin eta bizitza politiko, sozial eta kulturalaren zenbait eremutan konpromisoa hartu genuen gure herriarendako askatasun, demokrazia eta justizia sozialeko esparrua konkistatzeko. Hori dela kausa, isunak, atxiloketak, tratu txar eta torturak, erbesteratzea, espetxea… pairatu genituen eta askatasun mota oro (elkartzea, adierazpena, sindikatzea, prentsa…) eta giza eskubide oinarrizkoenak (integritate fisikoa, berdintasuna legearen aurrean, berezko hizkuntza eta kultura, parte-hartze politikoa…) ukatzen zizkigun erregimenaren itolarria jasan genuen. Hala izanik ere, orduko erantzuleetako inork (ministroak, gobernari zibilak, agintari polizial eta judizialak) ez du inoiz eta inola erantzun zapalkuntza eta esplotazio erregimen hura sostengatu izanagatik.

Joan den azaroan, Iruñeko Udalak erabaki zuen kereila bat jartzea diktadurak gizateriaren kontra gauzatutako erailketengatik, bai eta informazio eta salaketak biltzeko prozesua abiatzea ere. Ondoren, beste udal batzuek ere (Zaragoza, Tarragona, Gasteiz, Cadiz, Rivas) hartu dute erabakia. Horrek eta memoriaren aldeko mugimenduak egindako presioak ateak ireki dituzte egia, justizia eta ordainaren galdatzeak aurki errealitate bihur daitezen.
Iruñean, gizarte eragile garrantzizkoak ari zaizkio atxikitzen ekimenari. Garai haietako ehun sindikalistak eman diote sostengua udal erabakiari eta beren testigantzak ematen ari dira, bizi izandako askatasun sindikalik ezari eta hortik etorri ziren ondorioei dagokienez: kaleratzeak, zerrenda beltzak, isunak, espetxea… Frenos Iruña, Torfinasa, Potasas, Motor Ibérica, eta abarren gatazkek ere egia, justizia eta ordaina galdatzen dituzte.

Orobat, Iruñeko Peñen Federazioak kereila sostengatzea erabaki du. Erabaki horretan La Veleta peñako mutilak gogorarazten dituzte, 36ko kolpearen karietara beren uste errepublikazale, sozialista, abertzale, komunista, anarkistengatik erailak izan zirenak; horrez gain, peñen funtzionamenduan polizia eta gobernuagandik jasandako zaintza eta behartzea, beren elkarteetan nozitutako isunak, atxiloketak, erbesteratzea, espetxea… oroitarazi dituzte.

Azkenik, azpimarratu behar da egia, justizia eta ordaina galdatzea ez dagoela iraganari lotuta bakarrik. Gaur egun askatasun gaietan (Zigor Kodea, “Mozal Legea”…) eta eremu sindikalean (isunak, prozesamenduak, kondenak eta espetxea, gatazka eta grebetan parte hartzeagatik) gertatzen ari diren murrizketek gogora ekartzen dizkigute, neurri handi batean, orduan jasan genuen errepresioa. Halaber, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarrari Auzitegi Nazionalaren aurrean egindako torturengatiko salaketak ez ikertzeagatik ezarri dion zortzigarren kondena erlazionaturik dago orduan ezagutu genuen zigorgabetasun polizialarekin. Horregatik, egia, justizia eta ordainaren konkistak balio du eskubide eta askatasunen arloan bizi ditugun atzera egite horiei hobeki aurre egiteko.

Hori kontuan harturik, guk, diktadura haren kontrako borrokan eta gure herriarendako askatasun, demokrazia eta justizia sozialaren aldeko borrokan konpromisoa hartu genuenok, ahalegin kolektibo, instituzional eta sozial honetan ezinbestean parte hartzen dugu eta sostengatzen, bai eta kereilan parte hartzera deitzen ere, urte haietan askatasun falta, errepresioa eta giza eskubideen bortxaketa mota oro jasan zituzten pertsona guztiak.

* Artikuluaren sinatzaileak: Martin Arbizu,  Xabier Armendariz, Jose Arriaga, Gotzon Bergerandi, Gloria Bosque, Aingeru Cano, Gotzon Castells, Sabino Cuadra, Jose Miguel Etxarte, Juan Mari Feliu, Karmele, Alfonso, Jose Mª eta Tomas Fdez. De Garayalde, Txaro Goñi, Iñaki Goñi,  Arantza Irazabal, Rosa Irisarri, Xanti Jaunarena, Mikel Miguez, Xabier Morras, Jose A. Pidal, Fermin Rodriguez, Fernando Saez Garcia-Falces, Pilar Santiago, Bixente Serrano Izko, Libe Urroz, Nekane Zibiriain.

Recherche