Iñaki Etaio
Zezenketen aurkakoa

Iruñeko zezenketak: momentua heltzen ari da

Sanferminetako zezenketen inguruko eztabaida aspaldi sortu zen, eta Asiron alkatearen adierazpen batzuek eztabaida hauspotu dute. Iritzi artikulu honetan, egileak Iruñeko zezenketen inguruan dauden jarrera ezberdinak eta eztabaidaren terminoak aztertu eta zenbait hausnarketa planteatzen ditu, zezenketen kontrako iritzia babestuz.

Zezenketak debekatzeko borroka luzea bada ere, ez dago zalantzarik sanferminetan ere gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dela. Eztabaidan, maiz entzuten eta irakurtzen da zezenketen kontrako jarrera bultzatzen dutenak nagusiki kanpokoak direla, hori pisuzko argudioa izango balitz bezala. Argi dago sanferminetako protesta animalistetan parte hartzen duten pertsona asko Iruñetik eta Euskal Herritik kanpokoak direla. Hala eta guztiz ere, sanferminetan dauden zezenketen kontrako ekimenetako parte hartzaileak heterogeneoak dira, bai jatorriz (Euskal Herrian gero eta indartsuagoa da gai honi buruzko kontzientzia, baita animalien aldeko taldeak ere), baita ikuspegian ere (beganoengandik zezenketekin bukatu baina entzierroa mantentzearen aldekoengana). Eztabaida hiritik bertatik edo kanpotik bultzatu den erabiltzea benetako hausnarketa ekiditen saiatzea da. Alde batetik, errotua dagoen ohitura batek arazoa bere osotasunean ikustea zail dezakeelako. Kanpoko kritikak, alderdi batzuetan hankamotz gera badaitezke eta beste kasu batzuetan hanka sartu badezakete ere (era orokorrean, ez bakarrik kanpotik hona begira; hemendik beste herri eta errealitateetara begira ere), gutxienez aztertu egin behar dira. Akaso, Ibarreko Zezenaren (Toro de la Vega) kontrako mugimendua Tordesillasetik sortu da? Krudelkeria horren aurka presio egitea lortu dutenak ez ziren nagusiki herrikoak. Ausartuko ginateke esatera kanpotik sortutako eztabaida bat dela eta ez dugula Tordesillaskoen idiosinkrasia ulertzen? Ausartuko ginateke esatera herrialde batzuetan ablazioa edo emakumeek burka eramatea edo etxetik ezin ateratzea zerbait kulturala dela eta kanpotik ezin dela kritikatu? Kultura, ohitura, idiosinkrasiez gain, badaude eskubide batzuk, horien artean, adibidez, animalia bat gizaki batzuen gozamen sadikorako torturatua ez izateko eskubidea. Kanpotik zein barrutik etorrita, zezenketaren kontrako argudio nagusia oso sinplea da: errespetua.

Badaude eztabaida bestelako terminoetan planteatzen dutenak ere: zezenketak batzuei gustatzen zaizkiela eta beste batzuei ez, eta elkar errespetatu behar dutela. Hala ere, arazoaren funtsa ez da, kasu honetan, herriaren borondatearen kontu bat, erreferendum baten bidez konpontzen dena (nahiz eta, neurri batean, aurrerapauso bat izan). Hemen, eskubide urraketaren subjektua ez dira zezenketazaleak edo zezenketaren aurkakoak; zezenak dira. Har dezakegu guk eskubidea erabakitzeko ea animaliak tortura daitezkeen ikuskizun bezala? Imajina dezakegu erreferendum bat europar kolonialisten artean afrikarren esklabismoa mantentzeari ala ezabatzeari buruz? Zilegi izango zen erreferendum hori?

Zezenketena ez da kontu ekonomiko bat ere. Hiri batzuetan, Gasteiz kasu, zezenketak bertan behera geratzeko arrazoia udal-kutxarako defizitarioa dela izan da. Honek zezenketek hirian gero eta sostengu gutxiago daukatela agerian uzten badu ere, ez dio heltzen auziari. Kasu batzuetan praktikan laguntzen badute ere, zezenketaren gaiari heltzeko hain zabalduta dauden halako ikuspegi hutsek kutsu antropozentriko oso markatua daukate, askotan egoista eta oinarrizko enpatiarik gabekoak izateaz gain.

Zezenketak mantentzeak mahai gainean jartzen du beste galdera bat ere: ea 2018. urtean, sapiens sapiens omen diren subjektu askok ezin duten jaiez gozatu animalien erabilera eta tortura publikorik gabe. Ikertzekoa da ere nola, autokonplazentziazko jarrera eroso batetik, bere burua solidario, moderno, sostengarri edota irekitzat hartzen duen jendarte batek onartzen duen halako praktikak oraindik mantentzea, nahiz eta herritarren zati gero eta handiagoa kontra egon.

Iruñean ikusitako irudiek eta komunikabide batzuek jasotako kronikek agerian utzi dituzte, beste behin ere, sektore ezkertiar eta herrikoien kontraesan nabariak. Benetan, oso deigarria egiten da Iruñetik paseatzea eta «eraso sexistarik gabe, Iruñea aske» kartelak leku askotan ikustea, arlo horretan udaletxetik eta beste kolektiboetatik emandako aurrerapausoen seinale, baina, aldi berean, 8 egunetan zehar hil arte torturatzen diren 48 zezenen inguruko inolako enpatiarik ez adieraztea. Are gehiago, Udalak berak finantzatzen du zitalkeria hori. Eraso hori normala eta onargarria omen da, guztion gozamenerako.

Antzeko zerbait esan daiteke eguzkiko tendiduari buruz. Zenbait aldiz entzun dugu kontrajartze hori: eguzkitan peñak eta sektore herrikoiak, itzalpean dauden sektore boteretsu, kontserbadore eta espainolisten muturraren aurrean aldarrikapen sozial eta politikoak erakutsiz. Hala ere, bereziki mingarria egiten da euskal presoen aldeko pankarta erraldoia edo Germanen hilketaren salaketa ikustea, aurrean bertan odol ikuskizun bat garatzen ari den bitartean. Ezin da ulertu injustizia eta zapalketa batzuen aurrean sentsibilitatea adierazi eta beste errealitate zital honen aurrean beste alde batera begiratzea. Jakin badakigu plazara joaten den jende asko ez dela bereziki zezenketazalea. Giro edo askariagatik joaten omen dira horietako asko, hondarrean gertatzen denari so egin gabe, baina han egotea eta abonua ateratzea ere sarraski horren konplizea izatea da. Eta alkohola eta jaia ezin dira izan aringarri. Zezenari sufrimendua ez diote arintzen.

Aurreko batean euskal komunikabide batek murrikaz jasotzen zuen uztailaren 7ko zezenketen kontrako kalejiraren kronika, han geundenok 200 bat lagun ginela esanez eta aldi berean 20.000 eserlekuko zezen-plaza betearekin alderatuz. Errealitate hori gogorra da, bai, oraindik lan asko egin behar den adierazle. Luzea da jendarte honi egiteko geratzen zaion bidea, sektore herrikoietatik alderdi aurrerakoiek gobernatutako erakundeetara. Izan ere, plazak gero eta hutsago egon beharko luke. Eta plaza betetzea zezenketak sostengatzea da, zezenketazaleak izan ala ez.

Antiesklabistekin, sufragistekin, askatasun sexualaren defendatzaileekin edota alarde parekidearen aldekoekin bezala, aberrazio honekin bukatzeko borrokak bere fruituak emango ditu. Zezenketen debekatzea zabalduz doa eta Iruñera ere helduko da. Kontua da ahalik eta azkarren egitea, bidean ahalik eta biktima eta tortura une gutxien uzteko.

Recherche