Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Ispilu apurtuak

Westminsterreko parlamentu britainiarrean euskal gatazkaren inguruko konferentzia antolatu zuen diputatu talde batek 2011. urteko otsailean. Aieteko Konferentzia, ETAren erabakia eta gure herriaren egoera zeharo aldatu duten beste hamaika gertakari eman baino lehenago.

Brian Currin, Fundación para la Libertad taldeko Guillermo Barredo, alderdi britainiar guztietako diputatuak, Sinn Feineko ordezkari batek eta beste askok hitz egin zuten gau hartako konferentzian. Gatazka politikoen konponbideaz, elkarrizketa eta arerioen arteko konfiantza eraiki beharraz, presoen askatzeaz, biolentziaz, biktimen inguruan eta abar aritu ziren. Euskal Herriko konponbide prozesuaz, bere osotasunean, gatazkaren arrazoi eta ondorioen inguruan. Garaian oihartzun handia izan zuen ekimenak. Gauza asko entzun genituen, baina denetan hobekien oroitzen dudan iritzia honako hau da: «Duela hamabost urte guk berdin-berdin pentsatzen genuen. Ez genuen eztabaidatu nahi. Gerora konturatu ginen oso erratuta geundela. Gatazka politikoak konpontzeko arerioen arteko elkarrizketa eta negoziazioa guztiz beharrezkoak dira. Zuk gaur esandakoa eta guk duela hamabost urte esaten genuena oso antzekoak dira. Zinez espero dut zuek hortaz konturatu eta guk garai hartan eginiko akats berdina ez errepikatzea». Jeffrey Donaldson diputatu unionistak, Fundación para la Libertad taldeko ordezkariari orduan esandako hitzak dira.

Jeffrey Donaldson Irlandako bake prozesuaren kontra aritu zen, buru-belarri. Ulster Unionist Party (UUP) alderdiko buruetako bat, Ostiral Santuko akordioen kontra azaldu zen, eta, ondorioz, David Trimble UUPko lehendakari eta bere kidearen kontra sutsuki aritu zen. Ondoren Ian Paisleyren Democratic Unionist Party (DUP) alderdiko kide bilakatu eta bake prozesuaren kontra jarraitu zuen. Bere ahotan horrelako esaldi borobila entzuteak badu garrantzia. Beste herri batzuetako gatazkak aztertzerakoan, norberak beti begiratzen ditu bere “lagunak” edo bere posizio berdinak defendatu eta aurrera eramaten dituztenak (edo zituztenak). Espainiar Estatua gero eta isolatuago dago. Ez dauka parekorik, ez du bere posizioa justifikatzeko “ispilurik” aurkitzen Europan. Ezta Ian Paisleyren DUP alderdi unionistan ere. Espainiako Gobernua Katalunia edo Euskal Herriko prozesuetan egiten ari dena ikusita, Jeffrey Donaldsonen hitzak entzunda Guillermo Barredok jarritako aurpegia datorkit burura.

Argi dago konponbide prozesu batek aurrera egiteko beharrezkoa dela ahalik eta alde gehienen arteko elkarrizketa eta negoziazioa. Lagunen artean ezin da gatazkarik konpondu. Alderen batek parte hartzen ez duenean prozesua zaildu egiten da, izan ere, arerioekin dituzun talkekin batera, zure oinarriekin izan ditzakezunak zaindu behar dituzu, kanpo geratzen dena etengabe aritzen delako egiten den guztia zailtzen. Baina aldeetako batek parte ez hartzeak ez du halabeharrez konponbidea ezinezko bihurtzen. Irlandako prozesuak hori ere erakutsi zigun. UUPko sektore batzuen boikotaren eta DUP osoaren eraso gogorren gainetik konponbidean aurrera egitea lortu zuten. Ez hori bakarrik, Ostiral Santuko akordioen ondoren, UUP txikituz joan zen heinean prozesuaren kontra zegoen DUP alderdia handituz joan zen, alderdi bozkatuena bilakatu arte. Eta, azkenean, konponbide prozesuak sorturiko agertoki berriak DUP alderdia bera ere prozesura elkartzera behartu zuen. Irlandarren gehiengoa gatazkaren konponbidearen alde zegoen eta dago, eta horrela adierazi zuten herrialdearen iparraldean zein hegoaldean antolatu ziren erreferendumetan.

Gurean ere berdin gabiltza, herritarren gehiengoak babestu eta hobesten duen konponbide prozesuan murgilduta, eta Euskal Herriak ere lortuko du konponbidea, lortuko du gatazka gainditzea eta agertoki demokratiko berri bat eraikitzea. Gaur konponbidea zaildu eta ezinezko bihurtu nahi duten askok, etorkizunean, eurena dela eta eurei esker lortu zela aldarrikatuko dute.

Recherche