Itzal eta lainoen gainetik
Irakasleak egun hauetan izandako atxiloketak aipatzeaz gain, justizia frantsesak Ion Anzaren kasuaren inguruan hartutako erabakiaz hausnartu du. Bere irudiz, "azken urteetako emaitza bada hau, Frantzian justizia kolonizatzailearen justizia da nagusi, zapaltzailea". Halaber, Hendaian preso, errefuxiatu eta deportatuen alde iraganen den futbito txapelketa oroitarazi du.
Hauteskunde kanpaina bete-betean, politikariek demokrazia, eskubidez, luze eta zabal hitz egiten dutelarik, karrika erdian atxiloketa bortitzak ikusi ditugu. Politika egiteagatik preso altxatu dituzte. Salbuespen epaitegiak kondenatutako gazteak, politika egiteagatik atxilotu eta preso sartu dituzte. Horrek, ondoan dabilen politikaz neurria ematen digu. Ondoan erabiltzen den politikaz askatasun mailaz hitz egiten digu. Eskasa, miserablea, gazteak isilaraztea onartzen duelarik. Ez gara Egipton, gazteek jasaten duten zigorra ez da heriotza, baina gertakariak libertateen egoeraz asko erakusten digu.
Bitarte horretan, gure hiru herrialdeetan, ez dugu hauteskunderik, ez du horrek erran nahi politika geldirik dagoenik. Izan ere, prentsan talde baten berri izan dugu, "Sens commun" deitzen dena, UMPko azpi taldea, alegia eskuinekoa. Taubiraren legearen kontrako manifen ondotik sortutakoa, talde politiko berriak lehen formakuntzak hasi omen ditu. Horiek Frantziako herri handi desberdinetan antolatuak izan dira, Nantes, Lyon, Toulon, hiri handitan eta... Urruñan! Hau bai harrigarria, horren inguruan publizitate handirik ez da egin, baina bertakoek mugimendu horretan eragin zerbait izanen dutela ez dago zalantzarik. Eskuinak, Urruñan bertan eta inguruetan lanean aritzeko deia zabaltzeko nahia daukala ulertzen ahal dugu errexki. Arinkeriaz hartu behar ez den errealitatea bada. Ez da haatik, gure eremuan, inor publikoki agertu mugimendu horren buruen artean. Eskuinak Ipar Euskal Herriko eremua eskutan atxikitzeko nahia duela ondorioztatzen ahal dugu.
Jon Ansa dugu gogoan, Parisek familiak jarritako salaketari entzungor egin ondotik. Giza eskubideez dabiltza zoko guztietan, baina hor berean kasu larria dagoelarik Frantzia ez da inoiz errudun. Justiziak estatuaren ardura estaltzen du. Azken urteetako emaitza bada hau, Frantzian justizia kolonizatzailearen justizia da nagusi, zapaltzailea. Badakigu Jon Ansaren kasua estatu ekintza baten ondorio hutsa dela. Hori errateagatik, Vallsen legeak eskaintzen dituen tresna berriei esker, sare sozialetan salatzeagatik, herritarrak auziperatzen ahalko dituzte. Ez, hau ez da UMPren eskutik heldu, ez, ez, hau betiko sozialisten eskutik, eta hain progresista den Taubiraren ministroaren eskutik ere!
Maiatzaren 31an, Hendaian, Futbol 7 iraganen da, preso eta errefuxiatu eta deportatuen aldeko futbito partidak. Han elkartu beharko gara, nahiz eta futbola ez gustukoa izan ere. Gureak babesten jarraitu behar baititugu, itzal eta laino guztien gainetik.