Jar ditzagun ekonomia eta gizarte politika pertsonen zerbitzura
Gaur egungo egoera sozioekonomikoaren eskutik, askoren ahotan dago justizia eta politika sozialen inguruko debatea. Justizia soziala non? Norentzako? Noren eskutik? Laguntza ekonomikoak bai? Ez?
Zerbitzu publikoen inguruan dagoen eztabaidan kokatzeko ondo legoke atzera begiratzea eta indarrean dagoen sistema nola sortu zen gogoraraztea. Zerbitzu sozialak ez dira aipatzen eskubide bezala 1978ko Espaniar Konstituzioan; «asistentzia soziala» aipatzen da Autonomia Erkidegoen konpetentzia bezala. Autonomia Erkidegoek konpetentzia bere gain hartu zuten eta, 1980tik aurrera, hainbat udaletxek beharrizan eta gabezia sozialen diagnostikoari ekin zioten. Gizarte zerbitzu publikoen egiturari forma ematen hasi ziren, ordura arteko asistenzialismo eta karitatearen kontzeptuarekin apurtuz.
Estatu mailan erreferentea izan zen Euskal Herriko Gizarte Zerbitzuetako lehen legea 1982an onartu zen. 1996an lege berri bat onartu zen aurrerapauso garrantzitsu bat emanez: gizarte politika biztanleriaren eskubidetzat aitortuz. 2008an onartu zen hirugarren legea; bertan mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako zerbitzuetan sakontzen da etapertsona orok gizarte zerbitzuak jasotzeko duen eskubide subjetiboa azpimarratzen da. Legeak teorikoki dioenaren aurka, baina praktikan orain arte ez dira eskubidetzat onartuak izan, zama gisa baizik.
Duela lau urte, Gipuzkoan, eredu horri buelta ematera etorri ginen. Bistan da gizarte politikak itxura desberdina duela batzuen edo besteen eskuetan. Batzuk gizarte zerbitzuetan iruzurrak eta gehiegikeriak daudela diote eta beraien proposamenek eskubideak murriztera jotzen dute. Frogarik gabe salatzen diren abusu horiek egin dituztenen fokoa etorkinetan jartzen dute, arrazakeria eta xenofobia bultzatuz. Baina indarrean jarri nahi dituzten murrizketak ez dira traba etorkinentzat soilik; Gizarte Segurantzan kotizatu izana baldintza gisa planteatzeak milaka gazte laguntza ekonomikoetatik kanpo uzten ditu, euren emantzipazioa ezinezko bihurtuz eta gurasoekin bizitzera kondenatuz. Etxean lan egin duten emakumeekin ere berdin gertatzen da: kotizatu gabe, laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubiderik ez.
Beste batzuk, austeritatearen izenean, mendekotasun egoerak pairatzen dituztenei zerbitzu eta prestazioak murrizten dizkiete; fiskalitate neurriak aplikatzeaz hitzegiten denean beste alde batera begiratzen duten bitartean. Ez al da fiskalitatea, gizarte zerbitzu indartsu eta iraunkorren oinarri? Gehien dutenei, langileen bizkar, zergak jaistea defendatzen dutenen fiskalitate ereduarekin ezinezkoa da datozkigun erronkei aurre egitea.
Gipuzkoan betiko eredua aldatzeari ekin genion duela lau urte. Epe honetan gizarte politikak erakundeen erdigunean ipini ditugu; gizarte zerbitzuetara bideratzen da Aldundiaren aurrekontu erdia. Honi esker gipuzkoarrok ez dugu murrizketarik jasan. Diputazioak bere poltsatik jarri du dirua beste Administrazioen politika antisozialen ondorioak nabaritu ez daitezen.
Donostiako udal gobernuak ere Foru Aldundiaren antzera jokatu du eta hiri soziala dela erakutsi du; politika sozialetan erreferentea. Gizarte ongizatean egin dugun inbertsioa da horren erakusle: agintaldi honetan %7,7 igo dira alor horretara bideratutako baliabide ekonomikoak. Gizarte zerbitzuen alorrean inbertsioa handitzea planteatzearekin batzuk burura eramaten dituzte eskuak, baina gure kasuan laguntzak laukoiztu egin ditugu. Donostiarrek jasotako laguntzen %40a Udaletik jaso dute, Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia izan arren. Zer gertatuko litzateke Donostiako Udalean Eusko Jaurlaritzan daudenak baleude? Ez da zaila erantzuna asmatzea.
Diru laguntza hauen onuradun den familia kopurua ere handitu da lau urtetan: 239 familia izatetik (2011), 679 familia izatera (2014). Aipagarria da hipotekak edo etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzera bideratzen direla laguntza hauen %43,4a. Beraz, dirulaguntza hauen bidez etxegabetzeak saihesten dira.
Laguntza ekonomikoetatik haratago etxebizitza publikorako parke bat onartu duen hiriburu bakarra gara. Txomin enean babes ofizialeko alokairuzko 162 etxebizitza sustatuko dira, Esnabiden 251 eta Etxegi-Goienetxen 96 etxebizitza publikoko hitzarmenak landu dira, hurrengo legealdian eraikiko direnak. Gazteei zuzenduta ere, alokairu modalitate merkeagoak sustatu dira, 5 urtetarako alokairu hitzarmenak eskainiz.
Laneratze prozesuei dagokionez, Euskal Herrian langabezia gutxien duen hiriburua gara. Urte hauetan 28 milioi euro inbertitu ditugu ekonomia sustatzeko lau planetan. 45 urtetik gorakoentzat, gazteentzat eta ekintzaileentzat.
Udal gobernuak politika soziala egiteko beste modu bat badagoela utzi du agerian. Argi dago donostiarrentzat eskubide bat direla ongizate zerbitzuak. Gauzak horrela, bi eredurekin topo egiten dugu. Alde batetik, murrizketen, klientelismoaren eta gehien dutenentzako eredua dago; biztanleriaren %1arentzat baliagarria dena. EAJ, PP eta PSEk, betiko errezetekin jarraitzen dute: porlanean, azpikontratazioetan, enpresa txikien abandonuan eta paradisu fiskala sortzea oinarritua. Gure aldetik, gipuzkoar guztiak garaile bihurtzen dituen programa denon artean osatzen jarraitzeko gonbitea luzatzen dizuegu. EH Bilduk lau urte hauetan beste eredu ekonomiko justuagoa eraikitze bidean lehenengo pausuak eman ditu, baina herritarrekin bide hau egiten jarraitzea beharrezkoa dugu hurrengo urteetan ere. Gizarte ongizate kolektiboa ardatz izango duen gure aukera eskaintzen dizuegu donostiar eta gipuzkoarren %99ari.