Artur Zubiri Ibarrondo

Jata zabortegia. «Bai! Hor badago zerbait!»

Harira. Luzatu ninteke, batzuetan xehetasunak oso garrantzitsuak baitira, baina uste dut nahikoa izango dela ideia orokor bat egiteko: Zaldibar eta gero, berdin segitzen dute? 
Eusko Jaurlaritzak (Diputazioak/Garbikerrek), Jata zabortegia zabaldu du. Berriro. Zaldibarren gertaera baino hiru egun lehenago abisatu ziguten. Hori bai, EH Bildu taldeak eskatu zuen lehenengo puntuari, «Garbikerrek Jatako zabortegian ezer egin baino lehen, bertan pilatuta dauden hondakinen azterketa sakona egitea, elkarte independente batek», ezetz esan diote.

Zabortegia bisitatzera gonbidatu gintuzten (zinegotzi guztiak, PNV eta EH Bildu), eta instalazioak erakutsi. Bisita amaitzeko geundenean, nik komentatu nien, hobeto esanda, hasi nintzen esaten zelan nire taldeak eskatzen zuen azterketa independente bat egitea..., eta moztu ninduten behin eta berriro. Gerentea oso urduri jarri zen eta «paperak galdu zituen». Zergatik?

Kostata, baina lortu nuen esatea beharrezkoa ikusten nuela haien aurrean komentatzea zer eskatzen genuen eta ez nuela ulertzen emandako ezetza. Gerenteak, modu txarrez, bere eginkizuna azaldu zigun: Orain hiru urte hartu zuela sei milioi euroko defizitarekin, eta orain defizita ia zero zela. Baita ere esan zigun ezin zuela planteatzen zizkioten «lelokeria» guztiak kontuan hartu. Ni barregarri utzi nahian ibili zen, eurek bazekitela ez zegoela ezer, eta ez zutela ezer egingo, nahiko eta sobera zela egiten dituzten probak eta pasatzen dizkiguten datuak. Lelokeria ote da Jatan zer demontre dagoen jakitea? Are gehiago jakinda metro batzuetara, ondoko lurrak lindanoz beterik daudela?

Horrela amaitu zen bisita.

Ni hasieratik, martxotik, joaten naiz argazkiak eta bideoak ateratzera. Kuriosoa behintzat bada, bisita horretatik pare bat egunetara, filmatzera joan nintzen berriro, zabortegiaren hesitik kanpo, ikusten nituen langileak agurtzen beti bezala, eta hara non, hurbildu zitzaidan gizon bat, eta zuzenean: «Egunon, ¿qué estás haciendo aquí?». Ni, harrituta, batez ere moduengatik. Hor hasi zen eztabaida: «Nengoen lekua (bidea) Diputaziokoa zela, eta ezin nuela hor grabatu». Nik grabatzen jarraitu nuen eta bere akosoa ikusita, pakean uzteko esan nion eta luzatu nion Guardia Zibila dei zezala nahi izanez gero, ahoz baieztatu zuen eta atoan, urruntzen, Guardia Zibila deitzen hasi zen!

Gizon horrek, ez zidan bere izena emon, harrokeria handiz, esan zidan bera Diputaziokoa zela!: «Jefe de obras de Diputación», (Jatako zabortegiko inpermeabilizazio lanak egiten ari dira). Zabortegiaren sarreran galdetu nuen berataz eta hor zegoen gizonak esan zidan ez zekiela nor zen, baina astelehenetan biltzen zirela. Ez zen berriro inor agertu ni grabatzen egon nintzen hurrengo egunetan ez eta hurrengo astelehenean ere.

Niretzat garrantzitsuena: prepotentzia hori, gestioa, mehatxuak, urduritasuna, argumentu absurdoak... Zergatik hori guztia, kudeaketari dagokionez dena ondo egin bada? Zer dela eta hainbesteko kezka dena ondo badago?

Recherche