Joseba Aurkenerena

Jean Pitrau pastorala. Borrokalari baten onarpena

Idazleak uztailaren 24 Atharratze-Sorholuzen eskaini zuten "Jean Pitrau" pastoralaz idatzi du. Emanaldiaren pertsonaiaren bizia oroitarazteaz gain, ikusgarriari buruzko iritzia plazaratu du. Halaber, gaur egun pastoralek duten garrantzia nabarmen du. "Herritarrak biltzeko tresna ezin hobea da eta euskara eta euskal kultura aitzinatzeko eta transmititzeko baliabide sendo bezain maitatua".

Igandea iritsi zen. Uztailaren 24an zen eta Jean Pitrau pastoralaren lehen  emanaldia Atharratze-Sorholüzen. Goizeko zortziak eta laurdenerako Iñaki Martiartu adiskide bizkaitarra etxeko atean neukan. Bakiotik zetorren, jadanik bi oren inguruko bidean eginik, eta Atharratzera iristeko beste hainbesteko denbora egin behar. Kasta gogorra bizkaitarrena! Hamarretan pastoralaren meza hastekoa zen. Hamarrak eta bostetan elizaren aitzinean ginen. Ordurako dena jendez mukuru zen. Iñakik, ez dakit nola, bidea egin zuen elizaren sarrera oztopatzen zuen jendetzaren artean eta gibeleko aldera sartzea lortu genuen. Beharrik! Hortik mezaren nondik norakoak jarraitu ahal izan genituen. Irteterakoan karrika üngürüa eta zintzarrada ederraz gozatzeko aukera ezin hobea ukan genuen.

    Bukatu orduko bazkari lasterra egin eta pastorala jokatu behar zuten pilota-plazara abiatu ginen. Hirurak eta erdietan hastekoa zen, beraz, bazen aski denbora leku ona hartzeko. Ordu biak eta hamar ziren eta jadanik aski betea zen. Aurreko aldea jendez gainezka. Hori pena! Ezkerraldeko harmailetan eseri ginen. Ordu bi eta erdietarako den-dena betea zen. Euskal prentsan irakurri dudanez, lau mila eta bostehun pastoralzale izan ginen pilota-plazako bazterretan. Arrakasta itzela!


1.- Nor izan zen Jean Pitrau?

    Jean Pitrau 1929ko uztailaren 17an Arhane auzotegiko Erbinea izeneko etxaltean jaio zen. Amañi Montorikoa zuenez, Jean xiberotarrez eta biarnesez mintzatzen zen. Erbinean bizi izan zen Clément eta Lüxi aita-amekin, Albert osabarekin eta Maidalena eta Pierrot anai-arrebekin. Lehen ikasketak Arhaneko eskola ttipian egin zituen. Hamalau urte zituelarik, Arhaneko eskola utzirik, etxaltean plantatu zen aita-amekin batera laborantzan aritzeko. Zerbitzu militarra egin ondoren, etxaltera itzuli zen. Ordurako bazekien laborarien geroak, neurri handi batean, formakuntza egoki batetik etorri behar zuela. Hori dela eta, Tolosa Purpaneko Aita Fort-en kurtsoak korrespondentziaz burutu zituen.

    Laborantzaren geroaz biziki kezkatuta zegoenez gero, Sallabert eta Tomas Üthürri apezek laborarien bizimodua hobetzeko antolatzen zituzten bilkuretara joaten hasi zen. Üthürri bizilaguna eta adiskidea zuen ttipi-ttipitik. Nekazal sindikalgintzan buru-belarri sartu zen eta bertatik borthüetako laborari ttipien aldeko sekulako lan handia egin zuen. Zuberoako eta Biarnoko laborari ttipien artean inkesta bat burutu zuen eta laborantza ttipia azkenekoetan zegoela agerian utzi. Laborari ttipien beharrak hobeto bideratzeko ASAM (Borthüetako laborantzaren aldeko elkartea) sortu zuen.

    1966ko azaroaren 5ean Jean Pitrau Azkarateko Anita Galant-ekin ezkondu zen. 1967an lurrikara handia izan zen Pirinio aldean eta Biarnoko Ereta herrian kalte handiak eragin zituen. Pitrauk laguntza-deia zabaldu zuen eta zazpiehun bat bolondres agertu ziren berreraikitze lanetan aritzeko. 1968ko maiatzak arrasto nabarmenak utzi zituen garaiko borrokalarien artean eta horren ondorioz, 1970. urtearen irian, orduko eredu sozialaren aurka zegoen gazte multzo bat Zuberoara etorri zen eta Pitrauren inguruan ziren antolatu. Zuberotarrek ez zuten begi onez ikusi gazte hauen etorrera, eta hippyak eta marjinalak zirela erraten zuten.  

    1973an, haur gutti zirela eta, prefetak Arhaneko eskola ixteko agindua eman zuen. Pitrauk herritarrak mugitu zituen eta eskolak hainbat urtetan zabalik jarraitzea lortu zuten.

    1975eko uztailaren 17an, Jean Pitrau hil zen, berrogeita bost urte zituela. Haren hiletara jendetza handia hurbildu zen Atharratzeko elizara, azken agurra ematera. Horixe izan zen Pitrauk bizitzan eraman zuen borrokari eman zitzaion onarpen handia.

    Bizi izan zen  bitartean, ezkertiarra zela leporatu zioten anitzek, talde marjinalekin zebilela, erdi hippya zela, profeta faltsua zela,…  baina herritar xumeek izugarri maitatzen zuten. Horregatik, Jau Pitrauren oroitzapenek bizi-bizirik iraun dute zuberotarren artean. Ongi merezi du Jean Pitrau laborari borrokalariak Pier-Pol Berzaitzek idatzi eta Atharratze-Sorholüzeko herritarrek jokatu pastoral eder hau.

2.- Pastoralaren nondik norakoak.-

    Arratsaldeko hiruak eta erdietan, puntu-puntuan, eta pastoral martxaren ohiko soinuaz, arizaleak jendez beteriko pilota-plazan sartzen hasi ziren. Arizaleekin batera, Otsagabiako dantzariak zetozen, Atharratzek eta Otsagabiak aspalditik baitute birazkatze hitzarmena egina.

    Lehen prediküaren eta satanen lehen agerpenaren ondoren lehen jelkaldiaren txanda izan zen, eta bertan Jean Pitrauk, Aranheko eskola utzirik, Erbianea sortetxeko segida bere gain hartu zuen garaiaz aritu ziren.
Horrela 20. eta 21. bertsetetan aitak honela erraten dio: Johañe jin dük aldia / hartzeko gure segida / nola dügün ohidüra / instalat dadin gehiena. // Xoko hontan bizitzea / ez bada beti hain aisa / zer düe han pettarrean / gük heben ez günükeana?

    Bigarren jelkaldian, Tomas Üthürri apez adiskidearen bilkuretara joaten hasi zen. Pitrauren borrokaldiaren hastapen garaia izan zen. Hirugarren jelkaldian sindikalgintzan sartu zen. Laugarren jelkaldia bitxi bezain adierazgarria izan zen. Paristarrak bakantzetan Borthüetako herrietara hurbiltzen hasi zireneko kontuak. Jelkaldi honen bukaera aldean, eta ikus-entzuleak zirikatu nahian, Luis Marianoren ahots ederra entzun zen  
Il est un coin de France où le bonheur fleurit  abesti ezaguna abestuz.  Jendeak, barre eta txistuen artean, segitu zuen: Aire tun txikitun, airen tun aire!

    Hurrengo jelkaldietan Pitrauren borroka luzeaz aritu ziren. Zortzigarren jelkaldian atharraztarrak 1963an, joko garbiko finalean txapeldun geratu zireneko kontuak. Partida hartan izan zen Etxahun-Iruri. Berzaitzek jelkaldi honetan bi-biak, Pitrau eta Etxahun, elkarrizketa batean lotzen ditu. Jean Pitrauk 62. eta 63. bertsetetan honela dio: Pierra Etxahun adiskidea / bertsolari famatüa / argitzen düzü herria / alageratzen jentea // Gü aldiz beti borrokan / salbatü nahiz laborantxa / gü iparrek haize hotza / zü goizeko ortzadarra. 64. eta 65. bertsetetan Berzaitzek honako hau jartzen du koblakariaren ahotsean: Bertsolarien bihotza / ez dük beti alegera / herria trixte senditüz / goibel dik sentimendüa // Miresten diat züen lana / baita kuraje handia / züek düzüe salbatzen / gure Xübero osoa.

    Hamargarren jelkaldian Atharratze eta Otsagabiaren arteko birazkatzeaz mintzatu ziren eta bukaera aldera, dantzari nafarrek euren herriko ohiko dantzak egin zituzten, euren makila kolpeez lurra iratzarriz eta pastoralzaleen bihotzak berotuz. Hamaikagarren jelkaldian Jean Pitrau eta Anita Galanten ezteia antzeztu zuten. Jelkaldi honen amaieran Pier-Pol Berzaitzen  Ene lürra  izeneko kantore ederra abestu zuten. Honatx:

Ene lürra zelü argi bat non ere distira zilarrezko arraietan.
Jeikitzen zaikün goizanko ekia egün soil edo alaitsuen herrokan.
Ene lürra olerki bat,  iraztorra olalte eta soro berdeek alaiki idatzirik.
Larrazkeneko ürreek apaintürik ühaitzak lüzaz xuxurlatürik.
Ene lürra oihü bat arane basen goitik ezagün den oiarzün mingarria.
Gure ardi saldoen txintxen eta marraken artetik nahas-mahas berogatüa.
Ene lürra hasperen bat amodio eskasaren mina maitarzünaren etsidüra.
Denboraren sarietan aiten hitzordü galdüen irrintzin eta zinka.
Ene lürra kanta bat bi botzetan emanik pastoralean edo ostatü xokoan.
Blues bat, soul müsika zakürraren xanpan belatxaren kurrinkan.
Ene lürra dantza bat zelüari, dei bat lürrari, desafio bat.
Suita, moneinak ta gabota, godalet dantza, barrikada bat.
Ene lürra amodio bat alegrantzian ereina bena kemen estaliz epeltüa.
Hor gure seme-alabak, Xüberoa zer dük gogoan: hiltzea ala bizia?

    Hamabigarren jelkaldian Eretan kalte handiak sortarazi zuen 1967ko lurrikara gogoratu zuten, baita Pitrauk antolatu zuen elkartasunezko mugimendu handia ere. Bukaerako Esküz eskü izeneko kantuan, Berzaitzek honela kontatzen digu errepikan: Andere natürak / ikarazi deikü lürra / Ederra zen eta agorrila / handi bedi orai gizona / agertüz alkartarzüna.

Hamahirugarrenean hippyen mugimenduaz eta Zuberoara, Pitrau laguntzera, etorritako gazteez aritu ziren. Hamalaugarrenean, laborari ttipien penak eta tristurak, eta baita turisten axolagabeko jokaera ere, jokatu zituzten. Azken bi bertsetetan, hau da, 96. eta 97.enean, Marc eta Tinette izeneko mihi gaiztoek honela diote:   Gal baledi Xüberoa / zer inporta dü funtsean / nornahi da egün bizi / etxe hauetako pattarretan // Joan bite otoi gazteak / bizi hobea da hirian / jinen dira bakantzetan / eta gero erretretan.
Ikus-entzuleek txistualdi luze batez erantzun zieten. Hamabosgarrenean 1968ko maiatza ekarri zuten denon gogora.

    Hamazazpigarren jelkaldian 1971tik aitzina Larzak-eko landetan izan ziren protestak agertu zituzten. Frantziako gobernamenduak militar-eremu handi bat egin nahi izan zuen Larzakeko laborari landetan eta horretarako laborari ttipien lurrak ebatsi behar zituzten. Hamar urteko borrokaldi luzea piztu zen eta azkenean, 1981ean, Mitterand lehendakari sozialistak proiektua bertan behera utzi zuen. Jean Pitrau han ibili zen bere elkartasuna adieraziz. Bukaeran, Roland Pécout-en kantu biarnesa abestu zuten. Errepikan honela dio: Tèrra del Larzac dubèrta als quatre vents / de la revolta coma las alas d´un molin.

    Hemezortzigarrenean artzainak igor ziren oholtzara, artaldea, zakurra, astoa eta guzti, pastoraletan ohikoa den bezala. Kantu eder batez agurtu ziren. Hemeretzigarren jelkaldian Arhaneko eskolaren defentsan emandako urteak gogoratu zituzten.

    Hogeita batgarrenean, Jean Pitrauren heriotza antzeztu zuten. Honela mintzo zaigu Pitrau 129, 130, 131 eta 132. bertsetetan:  O zelüko Jink Jauna / hau akidüra handia / jada ürrentzen ari zaita / lür hontako pasajea // Entzün nizün gazte denboran / dei bat zela sinetsirik / geroztikan ebili nüzü / izar eder horren ondotik // Jauna goizik deitzen nüzü / banizün eta egiteko / bena nahi dükezüna zük / ontsa dükezü enetako // Galtatzen düt parkamentüa / ene hüts güzientako / adio ene maitagarriak / züeki nükezü betiko.  133 eta 134. bertsetetan Jean-Louis Ager apezak honela erantzuten dio: Jean ene adiskidea / erori hiz hatsantürik / hainbeste ürrats eramanik / eta zerbitxü eginik // Jinkoak bere mahainean / har hitzala bere ondoan / lekü bat badik hiretzat / saintüen komünionean. Eta amaitzeko aingeruek honela abestu zuten 135 eta 136. bertsetetan:  Ez otoi aipa hiltzerik / edo betiko galtzerik / Jean date beti bizirik / Kristok ützi arnasetik // Hainbeste lekükortazün / bardin sinesgaitz gizona / Jinkoaren bihotz hona / gü beno handiagoa.

    Oraindik bi jelkaldi gehiago izan ziren eta hauen segidan ohiko azken prediküa, non Jean Pitrauren bizitza eta borrokaren laburpena egin zuten. Gero ohiko azken kantorearen tenorea izan zen. Dominika Haztoik egina zen eta Xütik izena zuen. Hona hemen lehen bi koblak: Xütik egon hintzan, mündü zabalari so / Maidalenako maxeler, barna sartürik erroak. / Xiberotik, Larzak, Aspeko ibarretarat / non ere beharünanta, horra hire lühertza / eüskaldün, fededün, zerbitxüzalea / izan üken beno, ez dira hitz ahülak. // Xütik da artzaina, bortü gorari so / Arhane, zer bake güne, arimen bazkazale / ülhünpean baztertüz, pe horietan lanhape / Ama-lürraren gose, xüxenagorik zer daite? / Zainetan bizia, Erretzü, Arhanen, / makila esküan, azkorria da pizten.

    Azken kantua amaitu bezain laster, jendea mugitzen eta altxatzen hasi zen. Antzeren tenorea zen. Antzerak enkante modukoak dira, non Zuberoako herriek ozenki dirua eskaintzen dute laguntza gisa. Irabazten duen herriak bere herriak oholtzara igotzeko eta denen aitzinean muneinak eta aintzina pika izeneko dantzak egiteko eskubidea bereganatzen du.
Berrehun eurotan abiatu ziren eta Zalgize-Iruri herriak irabazi zuen mila eta hirurehun euro emanik. Berehala bertan ziren zalgiztarrak eta iruritarrak (Zalgize eta Iruri udalerri bakarrean elkarturik diren bi herri baitira) oholtzara igo ziren ohiko dantza horiek trebezia handiaz egiteko.


3.- Pastoralari buruzko iritzia.-

    Atharratze beti izan da herri trebea maskarada eta pastoral kontuetan, usai edo tradizio handia du eta horrelakoetan atharraztarrek bihotza eta arima jartzen dituzte. Jean Pitrau pastorala bide horretatik etorri zaigu, eta ezin uka biziki pastoral ederra izan dela. Bere baitan lehen mailako adiskideak bildu ditu eta horrek arrakastara eraman du zuzen-zuzenean. Pastoral-egilea Pier-Pol Berzaitz izan da, izen horrek dakarren zama guztiarekin. Historia ederra, ongi josia, zuberotar moldeko kantu ederrak, ikusgarri itxura erakargarria…. Errejenta Jean-Pierra Rekalt aditua. Honek zuzentasun osoz gidatu zuen pastoralaren jokoa hasieratik amaiera arte.
Arropen arduraduna Erramun Gartzia-Zabalegi, jadanik Zuberoa osoan arras famatua dena, hamaika pastoraletan trebetua. Janzkera koloretsuak, iradokorrak, eta baita zirikatzaileak egin ditu; bühameen janzkera, adibidez,  berezi-berezia eta zinez ederra izan da. Joimo Arhanzet izan da dantzarien trebatzailea, eta dantza arloa goi-goian ezarri duena. Arizaleak ere ongixko aritu ziren.

    Nire ustez, atharraztarrek hurrengo pastoralerako beste leku egokiago bat xerkatu beharko lukete, ohiko pilota-plaza zinez ttipia gelditu baita. Lau mila eta bostehun pertsona ginen han, baina bat ere mugitzeko tokirik gabe. Alde horretatik pixka bat itogarria egin zitzaigun bertara hurbildu ginen pastoralzaleoi. Leku ederra da, baina jadanik aski ttipia.

    Pastorala ezinbesteko ekitaldia bihurtu da Zuberoan. Herritarrak biltzeko tresna ezin hobea da eta euskara eta euskal kultura aitzinatzeko eta transmititzeko baliabide sendo bezain maitatua. Denok dakigu zein egoera kaxkarretan dagoen gure mintzaira Iparralde osoan. Frantses boterea, behin eta berriz, ahalegindu da gure hizkuntza eta kultura mapatik ezabatzen, eta neurri handi batean lortu duela erran daiteke, azken hamarkadetan euskararen gibelatzea izugarria izan baita. Zuberoan, ikastolak, AEK eta Xiberoko Boza irratiarekin batera, maskaradak eta pastoralak izan dira euskararen sugarra pizturik iraunarazi dutenak. Begi bistan da, ez dela nahikoa. Maskaradek eta pastoralek Zuberoari herri duintasuna eman diote. Euskara herdoilduta zuten askok mintzaira zorroztu dute, horien eraginez, eta ez zekiten beste askok berreskuratu egin dute. Gainerakoek, erdaldun edota euskaldun kamutsak izaten segitzen dutenek, euskaraz horrelako ekimenak egiten direla ikusi dute eta gure mintzairarako hurbilketa bat ezagutu.


    Euskararen aldeko politika indartsu eta ausarta beharko genuke Zuberoan eta Iparralde osoan, gure hizkuntza dagokion ohorezko tokian berriz jartzeko. Baina, tamalez, politika hori ez dago euskaldunen eskuan, frantsesen eskuan baino. Orain arte frantses administraziotik eman dituzten urrats epelak, euskaldunen etengabeko eskaerak apaltzeko neurriak izan dira, besterik ez. Ez dute inolako nahikunderik deus egiteko. Zer egin? Noiz arte jarrai dezakegu horrela? 

Recherche