Rafa Larreina, Urko Aiartza
Diputatu ohia eta abokatua

Karabakh Garaiko konponbidea: autodeterminazioa

Eskualde horretan bakea, segurtasuna eta egonkortasuna nahi ditugun guztion lana autodeterminazio  eskubidearen errekonozimendua oinarri izango duen bake akordioa bilatzea da

Apiril hasierak berretsi egin du azken hilabeteotan giro diplomatikoetan eta nola ez Karabakheko kontaktu linea deritzonean sumatzen zen arriskua: 1994az geroztik ezagutzen ez zen moduko erasoaldia burutu du Azerbaijaneko Armadak, eta, horrekin, orain 22 urte ezarritako su-etena hankaz gora joan da. Ez da, noski, lehen aldia kontaktu linean erasoaldiak egiten direna (dozenaka izan dira urtero), baina egun hauetakoak beste zantzu bat du bai erabili den armategia dela-eta (droneak, helikopteroak, tankeak), bai izan diren galerak direla-eta (dozenaka hildako), bai ondorioak (orain arteko lur muinen kontrolei dagokienez) kontuan hartuta. Su-eten berria adostu bada ere, hauskorra da egoera.

Karabakh Garaiko gatazka gatazka izoztuen artean kokatu izan da. Izoztua noski, nazioarteko komunitatea ez delako egoera honi konponbidea edo irtenbidea emateko gai izan.

Armeniar herriak bere etorkizunaren jabe egiteko eraman duen borroka luzean, Karabakh Garaia, historikoki gehiengo zabal armeniarraz osaturiko Artsakh delakoa, Errusiar Iraultzaren eta Lehen Mundu Gerratearen ondoren Oblast Autonomo gisa Azerbaijaneko Sobietar Errepublika Sozialistapean gelditu zen. Bertako armeniar populuak hau ez zuen onartu, eta, Perestroika garaian, Nagorno-Karabakheko herritarrek, Sobietar Batasunak teorian herriei onarturiko autodeterminazio eskubideari jarraikiz, independentziaren alde bozkatu zuten. Gerra zabaldu zen, eta gerrate horretan, Armeniako Armada Nagornoko anaien laguntzera joan zen. 1994rako, Armeniako zein Artsakheko indarrek Karabakh Garaiaz gain honen inguruan dagoen Azerbaijaneko lur eremu zabal bat kontrolatzen zuten, buffer zone edo segurtasun eremu gisa, era berean Karabakh Garaiaren eta Armeniaren artean den lur eremua ere bere egin zuen termino militarretan.

1994an su-etena adostu zuten, Errusiaren gidaritzapean nagusiki. ESLAren gidaritzapean, Minskeko taldea sortu zen Azerbaijan, Armenia eta Karabakh Garaiaren (Artsakheko Errepublika gisa ezaguna ere) arteko konponbide elkarrizketatu eta baketsua erdiesteko asmoz. Bertan ziren Frantzia, AEBak, Turkia, Errusia, Alemania, Italia, Bielorrusia, Portugal, Holanda, Suedia, Finlandia, baita Armenia eta Azerbaijan ere; ez Karabakh Garaia, ordea. Baina Minskeko akordioek ez zuten ez aurrera ez atzera egin, eta adosturiko bake konferentzia ez da burutu urte luze hauetan. Azerbaijan ez dago prest Karabakh Garaiaren autodeterminazio eskubidea onartzeko eta estatuen lurralde-banaezintasun printzipioa argudiatzen du Artsakheko errealitatea ukatzeko asmoz.

Bien bitartean, gainera, Azerbaijan, petrolioak emaniko etekinak direla medio, bere gaitasun militar zein diplomatikoa indartzen joan da, baita bere guda erretolika ere. Kontaktu linea deritzona Europa osoko militarizatuena da. Errusiak Armeniarekin dituen akordio militar zein ekonomikoek ez dute galarazten era berean bera izatea Azerbaijanen arma saltzaile nagusietako bat, eta eskualdea berotzeko asmo honetan, noski, Azerbaijanek aliatu historikoa duen Turkiaren babes osoa du. Turkiak Kaukaso osoan interes handiak ditu eta eskualdean jatorriz turkmenak diren herrialdeekin bat egiten du Armenia bere etsai historikoa izanik –genozidio armeniarraren onespen eza horren seinale–. Honi Turkiak azkenaldian Errusiarekin irekita duen talka gehitzen badiogu, lapikoa bor-bor dela ohartuko gara.

Egoera honen aurrean, aldiz, guk zera azpimarratu nahi genuke: iaz Artsakheko Errepublika independentera eginiko hauteskunde begiraletza bisitaldian (horrela deritzote Nagorno-Karabakheko biztanleek beren Errepublikari) askatasun osoz eta printzipio eta araudi demokratikoei jarraikiz bizi nahi duen herri bat topatu genuela. Inork ez luke imajinatuko 1994tik edozein unetan erasoaldi bat pairatzeko arriskupean den 150.000 biztanleko nazio txiki hau, lau urteko gerrate izugarri batetik atera dena (30.000 hildako inguru), guk topatu genuen sendotasun demokratikoarekin aurkitzea. Alderdi aniztasuna, hauteskunde lokal, nazional zein presidentzialak, nazioarteko zuzenbidea bere egiten ari den botere judizial independentea, prentsa askatasuna, unibertsitate publikoa... Nazioarteak errekonozitua ez izan arren, eta horrek berarekin dakarzkion muga guztien gainetik, aske eta duintasunean bizi den Errepublika independente bat.

Zoritxarrez, ordea, herritarren erabakitzeko eskubidearen gainetik, egitatez errealitate bihurtu den errepublika independente batean bizitzeko eskubidearen gainetik, beren omenezko estatu-batasun printzipioa armaz eta indarrez ezartzeko prest diren horiek arriskuan jartzen dituzte Europaren beste puntan ere bakea eta segurtasuna. Karabakh Garaiaren eta Azerbaijanen arteko bakea Artsakh Errepublikaren autodeterminazio eskubidearen errekonozimendutik pasatzen da. Herrien arteko bakea munduko edozein lekutan herrien arteko errespetu eta errekonozimendutik pasatzen den bezala. Eta eskualde horretan bakea, segurtasuna eta egonkortasuna nahi ditugun guztion lana hori oinarri izango duen bake akordioa bilatzea izango da. Karabakh Garaiko herritarren autodeterminazio eskubidea oinarri izango duen akordioa.

Recherche