Joseba Aurkenerena

Kaskarotei buruzko bi ekarpen berri

Idazleak itsas-hegiko kaskarotei buruzko ikerketa berriak topatu ditu. Jacques Salesena eta Beatriz Ibarraren lanak aipatu ditu Aurkenerenak. Bi teoriak oso ezberdinak dira "baina biak biziki zirraragarriak". "Denborak ikerlari gazteak eta ikerbide berriak ekarriko ditu eta horiek, agian, argituko dute behin betiko zein izan zen kaskaroten egiazko sorrera".

Martxoaren erdialdean Lapurdiko itsas-hegiko kaskarotei buruzko artikulu bat plazaratu nuen Kazeta.eus/Naiz.eus izeneko agerkari digitaletan. Kaskarotak Lapurdiko gizartean eta folklorean izena zuen. Artikulu horretan kaskaroten sorrerari buruzko hainbat teoria ikusi ondoren, Lapurdiko kostaldeko herrietan izan zuten garrantziaz eta folklorean utzi duten arrasto nabarmenaz mintzatu nintzen. Batzuek agotak zirela diote, besteek buhameak edo ijitoak, badira ere heretikoak zirela defendatzen dutenak, baina ene ustez, teoriarik sinesgarriena moriskoekin lotzen dituena da eta horrela azaldu nuen aipatu artikulu laburrean.

    Gauza da, artikulua plazaratu nuenetik gaurko egunera hainbat ikerketa berri topatu ditudala. Lehena Jacques Sales-ena da eta bigarrena Beatriz Ibarrarena. Biak arras interesgarriak. Hori dela eta, bi pertsona horien iritziak artikulu berri honetara ekartzeko deliberoa hartu dut. Ikus ditzagun, bada.

1. Jacques Sales-en iritzia

    Bazko astelehenean, hau da, martxoaren 28an, urtero Sara herrian burutzen den Idazleen Biltzarraren eguna ospatu zen. Biltzarrak liburu berri pilo bat ekarri zuen plazara eta horietako bat izan zen Jacques Sales-ek idatzitako Étude sur les cascarots de Ciboure  izeneko liburu interesgarria, Jakintza-ren salmahaian eros zitekeena. Liburu honetan, egileak kaskarot hitzaren balizko erranahia aztertu du hainbat hizkuntzatan: euskaran, gaskoieran, frantsesean, nafar erromantze zaharrean, gaztelania zaharrean… eta bere ustez, guzti-guztietan gauza kaskarra edo baztergarria erran nahi omen du. Horrela deitzen omen zitzaien gizartetik bazter bizi ziren gainerako giza talde guztiei, agotei, heretikoei, buhameei, zein moriskoei. Arrotz edo kanpotar erranahia ere, hartzen omen zuen.

    1610. urtean espainiarrek moriskoak bidali zituzten eta horietako ainitz Lapurdiko kostaldera pasatu ziren, Ziburun eta Donibane Lohizunen, gehien bat, kokatu zirelarik. Kanpo aldeko edo hustutako etxeetan bizi izan ziren. Euskaldunek hasieran ez zituzten begi onez ikusi, baina hamarkadak igarota, onartu eta nahasi egin ziren haiekin. Lapurdira etorriz geroztik kaskarot deitu zitzaien, eta ainitzetan buhame eta agota ere. Hortik omen datoz kaskaroten sorreraz dauden interpretazio okerrak. Ziburun 3000 inguru izan ziren etorritako moriskoak. Orduko populaziorako biziki portzentaia handia izan zena. Hauxe da, beraz, J. Salesen ikerketaren funtsa.


2. Beatriz Ibarraren iritzia

    Apirilaren lehen egunetan eskutitz bat jaso nuen Tenerifetik.
Beatriz Ibarra zen igorlea. Gutunean erraiten zidanez, nire artikulua irakurria zeukan eta kaskarotei buruz zuen iritzia azaldu nahi zidan.
Beatriz Ibarraren irudikoz, kaskarot hitza kaskar (buru-hezur) hitzetik dator eta kaskamotz eta belarrimotz hitzen sinonimoa litzateke. Kanpotik etorriak, kanpotarrak, arrotzak…  erran nahiko luke.

    Gutunean aipatzen duenez, bere aburuz, kaskarotak irlandarrak izan zitezkeen. Kaskaroten dantzetan entzuten diren hainbat doinu irlandar jatorrizkoak omen dira. XVI. mendean ingelesek Irlanda konkistatu zuten  eta katolizismoa jazarri. Horren eraginez, irlandar ainitzek alde egin behar izan zuten Europako beste lurretarat. Ainitz Galiziara joan baziren ere, multzo handi batzuk Lapurdira etorri zitzaizkigun, zehazkiago, Ziburu eta Donibane Lohizunera. Bertakoek hasieran ez zituzten begi onez ikusi, baina denborarekin onartu egin zituzten. Irlandar katolikoak izateak argituko luke zergatik ziren kaskarotak, emazteak batez ere, horren giristino zintzoak, moriskoak izanda, ongi ulertzen ez dena.

                                                 ---------------------


    Ikusten duzun bezala, irakurle, bi teoriak arrunt ezberdinak dira, baina bi-biak biziki zirraragarriak. Bat izan edo bestea izan, hori biharko ikerlariek erran beharko dute. Denborak ikerlari gazteak eta ikerbide berriak ekarriko ditu eta horiek, agian, argituko dute behin betiko zein izan zen kaskaroten egiazko sorrera.

Recherche