Larraitz Ugarte
Abokatua

Kezkarako motiboak Gipuzkoan

Gipuzkoako Aldundian ardurak izan ditugunontzat kezkagarria da gaur egun bertan dauden agintariek daramaten ibilbidea. Nolanahi ere, bi plano desberdindu nahiko nituzke.

Izan ere, gauza bat da egungo Foru Gobernuak har ditzakeen erabakiak nire gustuko ez izatea (beraiek EAJ eta PSEkoak izanda eta ni EH Bildukoa erabat logikoa dena, bestalde), eta beste bat, arras ezberdina, egiten ari den horretan jartzen duen diligentziaren inguruan kezkarako motiboak egotea. Eta egon badaude.

Alderdi politikoek hauteskundeetara eramaten dituzten programak ezberdinak izan ohi dira euren artean, ideologiaren eremuan kokatzen diren neurrian. Jendarte eredu ezberdinak dituzte helburu: sozialagoak, azpiegiturak lehenesten dituztenak, gizarte kohesioa bilatu edo gutxiengo batzuen klase interesak defendatzen dituztenak, ingurumenaren errespetuan oinarrituak edo garapenaren izenean erabat axolagabeak direnak. Eredu horiek jendarteak hauteskunde sistemen bidez hautatzen ditu eta, proiektu edo ideia konkretuak zuzenki bozkatzeko aukerak urriak izanik, alderdi baten programa osotasunean bozkatzearen kulturan bizi gara. Zentzu horretan, aurreko legegintzaldian abian jarritako proiektu estrategikoak hankaz gora bota eta trukean beste batzuk ezartzen dihardu oraingo Foru Gobernuak: AGIa kentzea deliberatuz, kontraerreforma fiskala gauzatuz, hondakinen kudeaketarako birziklapen ereduari muzin egin eta errauskailua martxan jarriz, garraio publikoan murrizketa izugarriak eginez… Horraino ereduen talkaz hitz egin dezakegu. Talka horri eztabaida politikoaren eta ideien konfrontazioaren bitartez erantzun behar zaio, herritarrak gure programen onuren jabe egin, hau da, jendea konbentzitu eta herri antolatuak agintariak beste motatako politikak sustatzea baldintzatu. Hori natural eta sanotzat daukat. Alderdi ezberdinekin adostasunak bilatu eta gure helburuak lortzera bideratutako pragmatismoak lagun behar gaitu.

Halere, azkenaldian irakurri ditudanak alarma guztiak piztu dizkit, kudeaketa ereduen talkatik askoz harago doan elementu batez ari baikara: diru publikoaren, res publikoaren kudeaketa zuzenaz, alegia. Esaterako, errauskailua egin edo ez egiteaz aparte (nire posizio politikoa oso garbia da alor honetan), agintariek nola egin nahi duten eta kudeaketa publiko baten ikuspegitik egiteko modu horren zilegitasunak eztabaida publiko sakona behar du. Izan ere, Ingurumen diputatuari entzun berri diot errauskailuaren lizitazio eredua kolaborazio publiko-pribatuan oinarrituta egongo dela. Horrek enpresa pribatu talde batek lehiaketa irabaziko duela esan nahi du, eta eratuko den sozietatean erakunde publikoak parte izango direla kapital sozialaren %50eraino iritsi gabe, alegia, erabakigarria izango litzatekeen parte hartzeraino iritsi gabe. Praktikan, beraz, Gipuzkoako aberastasun publikoaren parte garrantzitsu bat esku pribatuetara bideratuko da honen gaineko kontrol publiko nahikorik gabe. Horrek badu atzean sakoneko gai bat: errauskailua ez dute erabiltzaileek/partikularrek finantzatuko. Errauskailua egiteko beharrezko izango diren 212 milioi euro horiek bankuen bidez lortu eta udalak izango dira, autonomiarik gabe, GHK-ko oreka finantzarioa lortzeko euren tasak derrigorrean igo beharko dituztenak, orotara 35 urtetan 1.000 milioitik gora ordainduz. Ez dela plan ekonomiko finantzarioan aurreikusitako diru sarrerarik bermatzen? Udalak tasak igotzera behartu eta kito. Hau da, enpresa talde pribatu baten irabaziak bermatzera begira (%10,5 irabazi bermatua), diru publikoa, guztiona den dirua konprometituko da. Birziklapen tasak mantendu edo igoko balira (horretara bideratu beharko genituzke gure politika publikoak), prognosi eta pleguetako diru sarreren estimazio edo aurreikuspenak ez dira beteko eta berroreka klausulak sartuko dira tartean.

Badugu horren esperientzia Gipuzkoako autobideen mantenuaz arduratzen den Bidelan enpresa taldearen kasuan. Krisiaren eraginez trafiko jaitsierak ematen hasi zirenean Bidegi sozietate publikoak ordaindu baitzuen doikuntza falta, 2009 eta 2012 artean 16 milioi euro ordaintzeraino. Bide batez gogorarazi behar da Donostiako epaitegi batek tramitera onartu zuela kontratu horren lesibitate demanda (zeinak esan nahi duen erakunde publikoentzat kontratu hori kaltegarria/lesiboa dela). Gipuzkoarrok adi egon beharko dugu errauskailuaren lizitazioak (pleguak ikusi beharko dira) herritarroi eta gure udalei suposatuko dien diru publikoaren desbideraketaz kontziente izateko.
Pasaiako portuko lonjaren aferan ere, batzuekin oso ohituta gauden estiloa gailendu da: zazpi milioiko gainkostua horrelako aurrekontu baxua zuen obra batean. Obra osagarrien legalitate falta airean jarri du kaleratu berri duten zuzendariak. Estatuko abokatuak Fiskaltzari igorri dio dokumentazioa. Esan beharra dago Justizia Administrazioan ez dagoela gaion ezagupen zientifikoa duen pertsonalik, eta, ikusiak ikusi, berehalako beharra legokeela. Ikusteke dago zertan geratzen den afera, baina obra zertifikatuak ikusteke ez dirudi zaila ondorioztatzea obra unitateak puztu, prezio berriak adostu edo agian gertaera ilunagoak egon direla.

Bidegi aferan bezala. Bada, Gidari elkarteak 100.000 euroko fidantza eskaera jaso berri du Azpeitiko epaitegian Bidegi sozietate publikoan gertatutako irregulartasunak ikertzeko. Epaitegiak 2007-2011 legegintzaldian zehar AP-1 autobidean egondako 30 milioitik gorako gainkostuen atzean diru publikoaren desbideraketarik egon ote zen ikertu behar du. Hasita zegoen kereila batean pertsonatze hutsagatik Gidari elkarteari egiten zaion eskaera horrek, erabat desproportzionatua dena, nabarmen ikusarazten du badirela gai hau argitara atera nahi ez dadin interesa dutenak. Bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bere jarduera judizialen inongo dokumentu edo informaziorik gainontzeko alderdien eta gizartearen eskura ipini.

Bada asko kezkatu nauen azken albiste bat: Deskargako (GI-632) autobidearen lizitazio berria. Aldundian egin genituen azken estimazioen arabera obra amaitzeko geratzen ziren taluden egonkortze lanek eta estrukturek 33 bat milioi euroko aurrekontua zuten. Estimazio horrek jatorrizko proiektuan jasotako egonkortze lanak nabarmen hobetzen zituen. Hasieratik esan genuen guri exekutatzea soilik zegokigun trazatua, hau da errepidearen norabidea, geologikoki oso konplikatua zela eta horrek obra zaildu egingo zuela. Legearen eremuan jokatuz eta diru publikoaren kudeaketa arduratsuaren izenean, obra geratu eta proiektuaren egokitzapena egin genuen. Duela bi hilabete eskas (ikus “Noticias de Gipuzkoa” egunkariko 2016ko otsailaren 25eko artikulua) egungo Foru Gobernuak aurrekontu hori bera zerabilen. Eta orain, bi hilabeteko epean obraren aurrekontua %70 igo da, hau da, 55 milioitaraino. Hain denbora gutxian, proiektuaren definizioak aldaketarako oso denbora gutxi izan duenean, hainbeste igo? Ez dirudi ez, sinesgarria. Trukean, Bidegik egingo omen du, horrela 10 milioiko BEZa ez ordaintzearren. Ausarkeria galanta Diputatu anderearena. Honek guztiak azalpen publiko berehalako bat eta proiektuaren prezioen desglose zehatz bat eskatzen ditu, azalpen politiko eta tekniko bat, asteon Batzar Nagusietan eman dutena baino askoz zehatzagoa. Hori eman nahi ez izateak argi erakusten du aurrekontuaren puzte horren oinarri eza.

«Zer egin nahi den»-aren eremuan eztabaida politikoa, akordioak erdiestea edo desadostasun politikoa adieraztea dira gakoak. «Nola egin nahi den» edo «egin denaren» eremuan, berriz, zuhurtziaz, arduraz eta profesionaltasunez, lupaz jokatu beharra dago ezinbestean. Egoera hauen guztien aurrean, jarraipen zorrotz bat egin behar dute Gobernuan ez dauden alderdiek, oposizio lan ideologiko hutsean geratu gabe eta fiskalizazio teknikoagoa bilatuz, ikertuz, kontrastatuz, balioztatuz eta kontuok diruditen bezain ilunak balira argitara emanez. Erantzukizunez.

Horrekin batera lehen mailako helburu sozialtzat izan behar dute iritzi publiko jantzi eta kritiko bat, gai hauekiko tolerantziarik ez duen bat lortzea. Zeresan handia dute alderdiek, informazioa eskura dezaketelako, eta jendarteratu, baina baita erantzukizun soziala duten sindikatu eta beste eragile batzuek ere, tartean komunikabideak. Izan ere, kalkulu politikoen gainetik, diru publikoaren kudeaketa gardena eta garbia gizarte osoan adostuta dauden bi maxima izatea lortu behar dugu.

Recherche