Josu Iraeta
Idazlea

Kolonian disidenteak nagusi

Ez da batere erraza hainbeste indar duen sistemari aurre egitea, eta are gutxiago, denboraren poderioz garatzen dituen sustrai beltz eta ilunei sega sartzea. Dena dela, eta ahal dugun denbora eta neurrian, auskalo zer dioen Rajoy jaunak, egurra, –teoriko politikoa noski– eman beharrean gaude. Nork eta nola indarrak gehitu alde batetik, baina baita ere sistemaren sustraiei izerdia kenduz, bestetik.

Nik gaur hemendik jotzeko asmoa agertu nahi nuke. Estatuek betidanik erabiltzen dute bere hizkuntza tresna bezala. Horrela inposatzen dute eskola, hezkuntza eta bere inguruak, beraz tresna gisa, hizkuntza, menderatze sistema guztien eraikuntzarako, behar-beharrezkoa dute. Hori horrela izanik, ondoko helburua argia da; desberdinak desagerraraztea, nahiz bizitzen ditugun demokrazia modernoak beti uka. Laburbilduz, hizkuntza beti izan da, eta izango da, koloniaren zutabe.

Arlo honetan, zoritxarrez, Lakuan EAJ bakarrik egon ala ez, eta batez ere hizkuntzarekin harreman zuzena duten sail guztiek, betiko urrats txepel bezain ahulak eman dituzte. Dena dela, egiten ari direnak –esandakoak aparte– ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.

Agian norbaitzuk ez dute pozez hartuko, baina gaur mahai gainean jartzen diren erabakiak, eta bihar lege izango direnak ikusiz, espainiarrarentzat, hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, Errege-Erregina Katolikoak, Estatu espainoleko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta «maisu» bilakatzen ari dira. Zoritxarrez, Gasteizen antzeko zerbait.

Errege-Erregina Katolikoek, Euskal Herria, baita Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu, gaur ere.

Orduan –gaur bezala– herri bat konkistatzen zutenean, lehen begiratu beharrekoa zen, ea konkistatzailearen hizkuntza berdinekoak ziren ala ez.

Errege-Erregina Katolikoak egindakoaren arabera, desberdinekoa baldin bada, hauek hartu beharreko neurri batzuk; disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali behar dira, eta, alderantziz, kanpotar jende ahalik eta gehien eraman bertara bizitzera. Hau da, inbaditu, kolonizatu egin behar da. Jakin, gainera, noblezia eta buruzagiak neutralizatu, kanpokoak ezarriz, noski. Hau da, besteak beste, Errege-Erregina Katolikoek Euskal Herrian eta Galizian erabilitako metodologia, indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.

Poliki-poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak eta baita esperientziak ere sumatzen dira. Ez baitaude hain urrun Franco diktadorearen menpe bizi eta ezagututakoak.

Galiziar txiki bezain gaiztoak, ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuek egindako sarraskiak. Beraz, ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik, berak Euskal Herrian eta Galizian gauza bera egin izana.

Beranduago, eta galiziar «maisua» omenduz, Afrikako iparraldean, Hasan II.ak Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak. Aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen duen disidentziari, «separatista» edota «terrorista» deitzeko tendentzia oso hedatua dagoela. Ez da berria. Garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainiarekin hasi eta beste hainbat errepublikatan ere, indar zentralisten eragina zer den ikasi dute. Zenbat urte dira ba Sizilia banatu  zenetik?

Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek, dimentsio etnikoa dute. Hainbat «probintzia» eta «autonomia» nazio agertzen dira, eta, neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beraz, ez dago luze begiratu beharrik, gaur egungo mugak menperatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek, nazio eta herri txikiagoen zapalkuntza adierazten du. Eta nola ez, horrek begi bistan –edo gordeta– dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.

Ez da harritzekoa beraz, beti egia estali nahi izatea, eta horregatik, PSOEk, –Lakuan egon ala ez– betiko mezu berbera erabiltzea: sentiberatasun asko dituen gizarte «berria» eraiki beharrean gaude. Mendia andrea, ezagutzen al duzu planeta honetan, beste lurralderik, bertakoak diren herritarrei, euren hizkuntza ez jakiteko eskubidea bermatzen dienik? Beraz, berdintasun nahiko berezia saltzen ari zarete. Beste zerbait asmatu ezean, –eta ez dut espero– hori inposizioaren beste aurpegia besterik ez da, beste bat.

Nahiz PSOEkoek espainiarrak beraien sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen duten, egia oso bestelakoa da. Estatu espainoleko autonomiak, indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez dira. Edo ez? Indarrez lortutakoa kudeatzen duen sistema demokrazia ote ba?

Ez zarete denak berdinak, hainbeste badakit, eta ongi jakin ere, baina ez al dizue lotsarik ematen hain demokrazia ustelaren eredu izateak, jakinik –gainera– disidenteak nagusi garela?

Recherche