Jose Ignazio Ansorena

Komun publikoak

Zaharrok uste izaten dugu jakintsuak garela dagoeneko ikusi beharreko guztia barneratu dugulako. Baina ez da egia. Oraintxe arte ez dut jakin, esaterako, posible dela aita santua ni baino gazteagoa izatea, Leon XIV.a. Garaiak aldatuz doaz, berrikuntzak dakartzate, eta kaskatuok ez gara jada konturatu ere egiten. Hori ekiditeko oso emankorra da irakurketa.

Hara non irakurri dudan, Imanol Murua Uriaren "Biba gorriac" liburuan, 1888ko uztailean, Frantzian, Charles Floquet Etcheverry ministro nagusiak duelurako dei egin ziola Boulanger jeneralari. Eskuineko militarrak esan omen zuen Parlamentuan: «Zeren (...) ez den ganberen majoritateric behar den bezala gobernatzeko», eta, ondoren, lau aldiz «gezurti» deitu zion. Egungo Madrilgoaren kronika ematen du. Floquetek ama baigorriarra zuen, euskaraz moldatzen zen, eta, agian, euskaldunok dugun atabismo errotuak bultzatuta, erronka jarri zion, ezpataz... Hilaren 13an gertatu zen, eta di-da azkar batean Floquet euskaldunak okin militarra zauritu eta bere ohorea garbitutzat eman zuen. 

Horrek pentsarazi dit, bere altzoan nahitaez hartzen gaituen Espainiako Estatu honetan hainbeste politikari lehengo garaietara itzuli nahian dabiltzalarik –1936ko gerraren aurreko eta ondorengoetara, alegia–, zergatik ez ote duten metodo berbera erabiltzen. Ziur naiz Sanchezek Feijoo duelura deituz gero, aise menderatuko lukeela. Askok eskertuko genuke horrela jokatzea, eta eguneroko kalaka aspergarria alboratzea. Susmatu arren jarraian Goreneko Epaitegiak egingo lukeen auzian Sanchez erruduntzat emango luketela. Horixe da egungo bide komuna. 

"Komun" hitza euskaraz gorputzetik libratzeko leku edo gelari esaten diogu. Hitzaren jatorria antzinako gaztelaniatik dator, gure atabismoa berriro, "el común", etxeetako patioan txabolatxoa jartzen zelako denek jardun horiek diskrezioz egitearren. Ongi ekarria, egin beharreko eginkizun komunagorik ez baitago. Gure amona Generosak horrela esaten zuen: «Aita santuak ere kaka egiten du». Eta nik gehitzen diot: «Ni baino gazteagoa izan arren». Arazo larria da, aldiz, egun gure artean gero eta komun komun edo publiko gutxiago izatea. Galdetu hain ugari diren prostatikoei. Hain zen ederra kalean ibiltzea, komun publikoak aurkitzea, bakoitzak bere zaintzailea zuela, eta eginbeharra tankera guztietako pertsonekin partekatzea. Zentzu demokratiko handia zuen, demokrazia hitzaren benetako esanahiaz. Aldiz, ia denak desagertu dira gure kaleetatik, ez omen ziren errentagarriak. Norentzat. Donostiako kaian ederra zegoen, baina, jakin arren gero eta jende gehiago dabilela handik, kabina klaustrofobikoekin ordezkatu zuten. Apika turismoa erakartzeko interesgarria delako buloa zabalduz gero, hasiko dira berriro jartzen. 

Versailleseko jauregia ederra da oso, begiratzeko. Erregeak eta gortea han zeudenean, XVII-XVIII. mendeetan, hurbilduz gero, ezin jasanezko usaina zerien bazter guztiei, kaka eta txizak hala moduz egiten baitziren jardinetan edo txoko askotan. Frantziako Luis XIV.ak gorputzeko librantzak egiteko bitxiz jositako tronu ikusgarria zuen eta bertan zilarrezko orinala. Egunero jaikitzean, han jarrita eta kuadrilla aristokrata baten aurrean, bete behar zuen konketa. Eta horretan ari zen bitartean garrantzi handiko erabakiak hartzen zituen. 

Orain, Luis Alfonso de Borbon y Martinez-Bordiu fenomenoa, Francoren bilobetako bat, hasi da gogorarazten bera dela legezko ondorengoa Frantziako tronurako. Agian, Versailleseko tronu hartaz ari da, han bestelakorik dagoenik ez baitut uste. Prentsan agertze hutsa tristea da. Baina argitaratzen diren beste berri asko ere tristeak dira. Esaterako, Toledoko trenen talka izugarria. 

Sinetsarazi nahiko digute Pedro Sanchez eta PSOE alderdia direla kulpanteak ezker muturrekoak direlako eta... Horri iparrorratzaren desbideratzea deitzen zaio, eta maiz gertatzen da inguruan magnetismoa dagoenean. Ali Babaren lapurren leize zuloko diru pilaketaren magnetismoak eskuinak muturreraino eraman dituen honetan, beste puntu guztiak ere mugitu dira, eta sozialdemokrazia epela erradikala dela saltzen digute. Baita munduko hiriburu askotan sortu diren manifestazioak eta beltzezko gazteek eragindako desastreak haiek bultzatutakoak direla ere. Aspalditik dator etxebizitzen kontura negozioa egiteko joera, eta asko horren kontra matxinatu dira. Aspalditik ere gazteria erosle itsuen komunitate bihurtzeko ahalegina, gure kultura teknologizatu eta magnetizatu honetan. Gazte askok sinesten dute, erraietaraino sinetsarazi diete, zoriontsu bizitzeko behar dituztela halako markako zapatila parea edo kamiseta, edo horrelako sakelako telefonoa. Eta horretarako dendetako kristalak puskatu behar badira... aurrera! 

Azaroaren 29ko hauteskundeak oso garrantzitsuak izango dira. Erreferenduma, alegia: Franco bai ala ez. Geratzen den tartean zer ez duten prestatuko leize zulokoek. Zurrunbilo gaizto horretatik atera ahal izateko, kasu egin beharko genioke Feijoori. Ez Alberto mozoloari, baizik eta XVIII. mendeko Benito Feijoori. Irakurri hark idatzitakoak eta konturatuko zarete zer neurritaraino diren beharrezkoak komun publikoak.

Recherche