Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Kurtso hasiera honetan

Lau urte subiranotasunaren esparruan urratsik ez egiteko, transferentzien egutegi andanen albisteak saltzeko, AHTren obrekin jarraitzeko, herri hau bere horretan uzteko inertziara kondenatzeko

EAJ lasai egon daiteke, hauteskunde autonomikoak pasata, lau urte ditu aurretik Eusko Jaurlaritzan (eta gainontzeko instituzio nagusietan) EAEko hiru lurraldeetan nahierara gobernatzeko. Nahieran jardun dezake politika ekonomiko eta fiskaletan, nahieran hezkuntza, osasungintza eta zaintzaren esparruan, administrazioaren modernizazioan. PSE, merke-merke erosita daukan bazkide ia ikusezinaren oniritzi apalarekin, jardun ere. Iñaki Arriolak Jaurlaritzan jarraitzea izan da seguruenera PSEk gogorren borrokatu duen afera. Hori argituta, hemendik aurrera, lau urterako bakea zigilatuta geratu da.

Lau urte subiranotasunaren esparruan urratsik ez egiteko, transferentzien egutegi andanen albisteak saltzeko, AHTren obrekin jarraitzeko, herri hau bere horretan uzteko inertziara kondenatzeko. Eremu horretan, ezerezaren kudeaketa burokratikoan baitago eroso EAJ.

Halere, EAJ ez dago lasai. Hauteskundeetan galdutako 50.000 botoek utzitako zauriaren azkura ez da egundo joan. Asteon Eusko Jaurlaritza berriaren osaketa ikusi dugu. Estefania Beltran de Heredia, Nekane Murga eta Cristina Uriarteren azken hilabeteetako jardunari osoko emendakina egin die alderdiak. Hain nabarmen, hain ebidente geratu da bizi ditugun garai zailotan hiru horien kudeatzeko gaitasun falta, ezen Urkulluk ez baitu aldaketak planteatu beste erremediorik izan.

Lau kontseilari ezbaian, bi afera nagusi: covid-19aren kudeaketa eta Zaldibar. Beltran de Herediaren polizia operazio bitxiak agerian utzi zuen Zaldibarko zabortegiaren erantzukizunen fokutik Jaurlaritza aldentzeko beharra. Garaiotan langileen eskubideen aurkako delituengatik norbait atxilotzea sinestezina gertatzen da ikuspuntu juridikotik, are gehiago zabortegia erori zenetik hainbeste hilabete pasa ondoren. INEko estatistikek diotenez (azken datuak 2018koak dira) langileen aurkako delituengatik 719 pertsona atxilotu zituzten Estatu espainiarrean. Ingurumen delituengatik, soilik 79. Epaileak atxiloketak berak agindu ez zituela esanez ateratako oharrak ondorio bakarrera garamatza: Estefania Beltran de Herediak Iñigo Urkulluren gobernua zuritzeko eta ardurak enpresari egozteko marketineko polizia operazioa egin zuen. Eta mesedearen ordaina urrezko erretiroa hartzera Senatura bidaltzea izan da. Arantza Tapia izango da, berriro, besteek utzitako zulo eta hanka sartzeak konpontzeko EAJk jarriko duen “tiburoia”.

Nekane Murgarena are agerikoagoa izan da. Nork ahaztu eman dituen prentsaurrekoak, uda guztian egin dizkigun errietak, bere etxeko lanak egiteke izateak ematen duen zilegitasun faltatik ulergaitz bilakatzen direnak? Gotzone Sagarduyk badu lan eskerga osasun komunitateak etengabe mahai gainean ipini dituen proposamenak aztertu eta umiltasunetik datozen hilabeteetan lehen arreta hobetu, birusaren detekzioan bitarteko gehiago jarri eta balizko enbaten aurrean osasun zerbitzu publikoak prest uzten. Komunikazioa pixka bat hobetzen badu eta dagokion erantzukizuna herritarrengan jartzeari uzten badio, aurrekoarekiko abantaila nabarmenean abiatuko da.

Cristina Uriarteren ondorengo Jokin Bildarratzek ere erraza du bere aurrekoa hobetzea. Astebeteko epean gutxienez Hezkuntzako sindikatu eta elkarteekin biltzeko adorea izan du. Aitortu behar zaio. Denboraz gaizki dabil, halere, datorren irailaren 15erako deituta dagoen greba bertan behera uzteko. Greba deialdia desegokia dela badio ere, badaki, ondo jakin ere, bere Saila dela egoera honen erantzule bat eta bakarra. Sei hilabete luze izan ditu Jaurlaritzak erreibindikazio taulan agertzen diren gutxienekoak egiteko. Posible zen, desiragarria zen eta beste behin Madrilgo komunitatearekin antz gehiago du EAEk Europako herri aurreratuekin baino. Mila kontratazioen arrastorik ez, birusaren zabalkundea ekiditeko espazioen faltan, ratioak jaitsi gabe, toki askotan beharrezko jangela eta garraio zerbitzurik gabe. Bildarratzek adorea bai, baina proposamenik ez du erakutsi eta sindikatuek grebaren deialdiari eutsi diote.

Greba deialdi honek sindikatu guztien batura eragin du eta ikustera ohituta ez gauden argazkia erakutsi digu. Baina orrialdeotan ikusi dugun bezala gurasoen artean iritziak erdibituta daude eta esango nuke grebak babes handia izango badu ere, irakasleen artean ere iritzi bateraturik ez dela lortu. Ez da arrazoi kontu bat, ez da motiborik falta. Ez da metodologia kontu bat, oraingoan ere, EAJ eta Jaurlaritza, beti egin ohi duten lez, greba borrokarako tresna gisa desprestigiatzen saiatu diren arren. Egoerek eskatzen duten sekuentziazio eta pedagogia lanaren gabezia izan dira faltan bota ditudanak. Inertzia moduko bat.

Helburua Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere etxeko lanak ondo egin eta eskolara buelta segurua bermatzea izan behar da, egin ez dituenak salatzearekin batera, noski. Greba deialdia mantentzearen erantzukizuna ez da sindikatuena eta deialdia babesten dugun norbanako eta kolektiboena. Ikastetxeetara itzulera segurua bermatzea administrazioaren ardura da, gure adinekoen zaintza ziurtatzea eta herritarron osasuna zaintzea bezala. Baina hezkuntza komunitatearen konplizitatea eta inplikazioa bilatzeak soilik ekarriko du arrakasta kualitatiboa. Eta hor tempus-etan enpatiarik gabe jardun dela iruditzen zait. Sei hilabetez haurrak ikastetxeetara joan gabe egon ondoren, itzulera haien osasun emozional eta sozialerako (eta kasu askotan elikadura bezalako oinarrizko beharretarako) hain beharrezkoa denean, bestelako elkarrizketa sozial baten errei berri bati ekiteko aukera galdu da. Grebaren ondoren hezkuntza komunitatea osatzen duten agente ezberdinen arteko hartu-emanak fluxu naturalago eta enpatikoago bati bide ematea espero dut zinez. Zoritxarrez, ziur bainago Jaurlaritzak ez dituela beharrezko etxeko lanak egingo; ez baita pertsonen kontu bat, gobernatzeko modu batena baizik.

Babes dezagun greba, atera gaitezen grebara eta erakuts diezaiogun Eusko Jaurlaritzari gaizki dabilela, herri honetan gero eta sektore zabalagoek ikusten dutela gobernatzeko manera horrek eta kudeatzeko ezintasun horrek ez digula herri honetan ditugun erronkei aurre egiten lagunduko. Erakuts dezagun nekatuta gaudela administrazioak bere etxeko lanak egiten ez dituela ikusteaz, baina lor dezagun aldi berean bere etxeko lanak egin ditzala, hori baita etorkizunean gure haur eta nerabeak eta langileak seguru egoteko modua. Baina irailaren 16tik aurrera egin dadila esfortzua egiten diren ekimen eta proposamenak komunitate guztiarekin kontrastatu eta egin beharreko pausuak elkarrekin egiteko, sindikatuek ere inertzien aurrean zer ikasi eta pentsatua badutelakoan bainago.

Recherche