Josu Iraeta
Idazlea

Langilerian iparorratza

Egia da, betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela «soziala eta politikoa», askatasun bidean, aurrez aurreko antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia baten hornitu izan gara, marxismoaren interpretazio heterodoxo samarrean, beharbada, baina horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien «krisi» sakona begi bistan dugu.

Aspaldian izan ditut eredugarri, Frantziar Errepublikan, langileek, jasandako erasoei ematen dioten erantzun asko. Beraiek –beste inork baino– dakite nondik heltzen dan erasoa, baita nola, nori eta zer nolako neurrian zuzendu erantzuna. Benetan eredugarria.

Frantziar Errepublikan –euskaldunak barne– langile gizarteak oso ongi barneratuta dauka, oraina, eta batez ere, etorkizun duina bermatuko duen bide bakarra; erasoari aurre egitea dela. Apirila hasi berria dugu eta ikusi besterik ez dago tren geltokietan, zer nolako erantzuna ematen ari diran. Aski ongi erakusten dute, iparorratzari begia kendu gabe aukeratzen dutela, jorratu beharreko bidea. Bai noski. 

Nik ez dut beste bide eraginkor ikusten, langileen eskubideak berreskuratu eta bermatuko duenik. Ez bakarrik Parisetik beera, baita Madriletik gora.

Nire ustez, duela hainbat urte bezala, egoera politikoaren ardatz nagusia ez dago politikarien jarrera nazkagarri, edo egituratutako ustelkerian. Jakina, ez da arrazoi bakarra, baina langileen zatiketan dago arrazoi nagusia.

Ez da berria, urteak daramagu eraso bat bestearen ondotik, gero eta makurrago gaude. Jasotako emaitza gogorrak etorkizun iluna marrazten digute. Handik eta hemendik, bai kanpo bai barrutik, bai Madriletik, edo Bruselatik, badirudi «blokeo» hitza nagusitzen ari zaigula. Itxuraz, inork ez du ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta horretarako nire ustez, beste, arrazoi nagusia hau: askatasuna eta burujabetza aho zabalik «askok» aldarrikatu arren, praktikan –argi eta gabi– lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai eta zintzo aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzeak, mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela, eta aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.

Duela urte batzuk, agian ez hainbeste, euskal gizartea oso ideologizatua zegoen –zalantzarik gabe– bizi genuen giroak behartu zuelako. Ideologiaren apologia egiten genuen eta zoko guztietatik egitasmo politiko-ideologokoak aurkezten ziren.

Gaur egun –eta beharbada aspaldidanik– kontu horietan, era bat ez bada ere, bai ahaztu samartuak gabiltzala uste dut. Urrats asko dira tartean emandakoak eta orain, zoritxarrez, norberekoikeria edo «unomismoa» nagusi dela esango nuke.

Gaur, herriz herri dabiltzan diskurtso askorentzat, ezker-eskuin kontzeptu hori, zaharkitutzat jotzen dute, eta are gutxiago entzuten dira «langile batasuna» bezalako esaldiak. Bakoitza bere kontuez soilik arduratzen da, eta beraien ustez apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia «hura» galdu egin dugu, eta militantziatik norberekoikeriara hurbildu gara hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnak –zalantzarik gabe– nahiko ongi jantziak, bere pentsamolde eta joera «propioak» dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan noski. Agian horregatik herri jaialdi edo kiroletan ez daude «eroso», itxuraz nahiago dute bere ustez, intelektualarentzat diren hainbat ekitaldi.

Estatuaren arrazoi gehienetan sinisten dute eta baita babestu ere, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoak agintzen dutela, baita «olagarro» gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banketxe handiak eta armadak. Baita komunikabide manipulatzaileak. Onartzen dute demokrazia «formal» bat besterik ez dela, baino eroso sentitzen dira bere baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote –agian harrotasun puntu batekin– demokrazia formal eta modernoaren izenean, legebiltzarrak sortu direla, eta nahiz poliziaren Estatua indartu, «ustez» beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, sistema indartzen dutelako.

Lege antiterroristak baietsi ere egiten dira legebiltzar horietan –aurkariak ezabatu nahian– baina hori bai, Estatuari aurre egiten diotenarekin soilik, eta beti demokraziaren onerako, noski. UIertu ere ulertzen dute, horrelako lege bereziak, torturaren praktika babesten dutela, baina horiek, sistemaren akatsak besterik ez direla diote.

Egia da, betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela «soziala eta politikoa», askatasun bidean, aurrez aurreko antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia baten hornitu izan gara, marxismoaren interpretazio heterodoxo samarrean, beharbada, baina horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien «krisi» sakona begi bistan dugu.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak, bata bestean ondotik, uka ezina da, garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak banan, banan, gelditu gabe, gainean doaz.

Gaur, eta «itxuraz» luzerako dugun egoerari helduz, esan daitekeena ez da gozoa. Denborak irakatsi digu zapalkuntza eta errepresioak, euskal gizartearen gehienak, askatasun bidean bultzatuko zuela uste genuen arren, ez dela horrela gertatu. Eta azken urteen emaitzak diote ez dela horrela izango. 

Beraz, langabeziak eta miseriak bultzatzen duten langileria, gaur edo bihar euskaldun bezala zapalduta dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Egia da, helburua bai ederra, baina ez dugu lortu.

Beste atal batean, langileen zatiketan dagoela arrazoi nagusia, nioen, eta egia da. Gizarte langileak emandako bozak jartzen dituzte politikari ezberdin eta «adimentsu» instituzioak kudeatzen. Baina, politikarien arteko negoziaketak ez dute aldaketarik ekarriko, orain arte ekarri ez duten bezala. Nondik etor daiteke ba aldaketa? Langileen bozaren subjektu aldaketarekin. Hori jorratzeko dagoen bidea.

Urte askoren lan eta sufrimendu handiak ekarri gaituen «bidegurutzea», aukera desberdinak eskaintzen ditu. Lau haizetara daramaten bideak ditugu orain aurrez aurre, baina jakin ezazue, denak ez dira mesederako.

Gure ibilbide luzean batzuk eta besteak ezagutu ditugu eta, orain, erabaki zuzenean datza etorkizuna. Iparorratzari begia kendu gabe, noski, baina ongi jakinik; nora, norekin eta zertarako.

Recherche