Iñigo Urrutia, Maite Aristegi eta Mario Zubiaga

Legebiltzarraren kontrolik gabe… agintekeria

Demokraziaren eta joko parlamentario askearen arauen eskakizuna da Legebiltzarraren ahalmenak berreskuratzea. Hori bi bidetatik egin daiteke, Diputazio Iraunkorra indartuz, baina horretarako Gobernu-koalizioak ez du agertu inolako borondate politikorik, edo Legebiltzarra bera, bere osotasunean berrezarriz.

Sistema parlamentarioetan botere exekutiboak ez du jarduterik legegilearen kontrolik gabe, ezta salbuespenezko egoeretan ere. Legaltasun printzipioan oinarri hartzen duten sistema politikoetan, boterearen baliatzea arauen menpe egon behar da, zilegi izan dadin; eta hori, erakundeen arteko harreman sistema konplexu baten arabera artikulatzen da. Hortaz, legegileak, subiranotasunaren titularra den herriaren ordezkari gisa, beti izango du lehentasunezko rola. Parlamentuaren eta Gobernuaren arteko harremana ere lankidetza eskeman ulertu behar da, elkar osatzeko beharraren ondorio.

Salbuespenezko egoeretan ere legegilea eta exekutiboaren arteko harremanak berean mantendu behar dira. Egia da halako egoeretan exekutiboak neurriz gaineko ahalmenak baliatzerik baduela, baina hori hala da legegileak, aurretiaz, ahalmen berezi horiek aitortu dizkiolako; halakoetan, gainera, botere baliatzearen ondorengo kontrolak inoiz baino indar handiagoa hartzen du. Hori da, hain zuzen ere, Konstituzioaren 116.2 artikuluak xedatzen duena, alarma egoera deklaratu ondoren (15 egunetarako gehienez) Gobernuak Kongresura jo behar du honen berrespena jaso dezan, eta balizko luzatzearen baldintzak Kongresuak ezar ditzan. Alarma egoera deklaratuta izanik Kongresua ezin da desegin, eta ganbararen jarduera ezingo da geldiarazi egoerak dirauen bitartean. Haatik, Kongresua deseginda balego, Diputazio Iraunkorrak «bereganatuko ditu Kongresuaren eskumenak». Argi gera dadila, azken kasu horri begira, Diputazio Iraunkorrak Kongresuaren «eskumen guztiak bereganatuko» dituela.

Zer dugu, gaur gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoan?

Bizi dugun osasun krisiaren sakontasuna eta larritasunaren hedapena ezagutu aurretik, Lehendakariak, 2/2020 Dekretuaren bitartez, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egin zuen, 2020ko apirilaren 5erako. Osasun krisiaren leherketa hurrengo egunetan gertatu zen. Hain zuzen ere, Osasuneko sailburuordearen 2020ko martxoaren 13ko Ebazpenaren bidez, adierazi zen ezohiko eta premiazko neurriak hartu behar zirela Covid-19 birusaren hedapena geldiarazten laguntzeko. Egun berean, Segurtasun sailburuak, Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki aktibatzea erabaki zuen, eta lehendakariak bere gain hartu zituen larrialdiaren zuzendaritza eta koordinazioa, 6/2020 Dekretuaren bidez. Ondoren, Estatu mailan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez alarma egoera deklaratu baitzen.

2020ko martxoaren 16an lehendakariak eta euskal alderdi politikoetako buruek egindako bileran, hauteskundeak atzeratzea adostu zuten. Ondoren, Hauteskunde Batzarrak egokitzat hartu zuen atzeratze proposamena, gaitzak sortarazitako egoeragatik. Aurrekari horiei jarraiki, lehendakariak 7/2020 Dekretu bidez, indarrik gabe utzi zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egitea. Dekretuaren zioen azalpenak dioen lez, baldintza hauetan ezinezkoa da, osasun publikoaren ikuspegitik, herritarren parte-hartzea eta sufragio-eskubidearen erabilera libre eta normala bermatzea.

Ulerturik indarreko araubideak lehendakariari ahalmena ematen diola Legebiltzarreko hauteskundeetarako deialdia egiteko, zein horretan atzera egiteko, 7/2020 Dekretu bidez «indarrik gabe» utzi zituen apirilaren 5erako aurreikusitako hauteskundeak. Dekretuak aurreikusi zuen, halere, hauteskundeetarako deialdi berria osasun-larrialdiaren deklarazioa amaitzen denean aktibatuko dela, alderdi politikoei entzun ondoren eta Lehendakariaren dekretu bidez.

Azpimarratu behar da lehendakariak ez duela aurreko dekretua indargabetu. Aitzitik, indarrik gabe utzi du soilik hauteskundeak egiteko data, baina Legebiltzarraren desegiteaz ez zuen ezer ere adierazi, beraz, gaur egun, Eusko Legebiltzarrak deseginda jarraitzen du.

Egoera honek defizit demokratiko nabarmena islatzen du. Ez da onargarria ez politikoki ezta juridikoki ere, are gutxiago osasun larrialdi batean, Jaurlaritzak eta lehendakariak kudeaketa ekintzak burutzeko ezohiko ahalmenak bereganatu dituztenean. Egoera horrek Legebiltzarraren kontrola areagotzea eskatu beharko luke, kontrapisu modura, baina Legebiltzarra deseginda egonik, kontrol ahalmen horiek zokoratuta aurkitzen dira.

Egoera honetatik irteteko bi bide baino ez dira: Diputazio Iraunkorraren kontrol eta proposamen ahalmenak indartzea, edo Legebiltzarra bere osotasunean berrezartzea.

Lehen aukerari dagokionez esan behar da Gernikako Estatutuaren arabera, Diputazio Iraunkorrari dagokiola Legebiltzar Ganbarak dituen ahalmenak zaintzeko eginkizuna, baina ez ahalmen horiek, bere osotasunean, gauzatzea. Ez dago Legebiltzarra ordezkatzerik Diputazio Iraunkorraren bitartez. Eusko Legebiltzarreko Legelariek berriki landu duten txostenak hori hala dela agertzen du. Diputazio Iraunkorra ez dago sortua ekimen parlamentarioari ekiteko ezta Jaurlaritzaren kontrol eraginkorra gauzatzeko ere. Bere ahalmenei buruzko irakurketarik zabalkorrenari helduta ere, muga handiak ditu egungo krisi egoera batean legebiltzarrak burutu beharko lituzkeen funtzioak ordezkatzeko, batez ere, kontrol eta sustatze funtzioak. Legelarien txostenean adierazten denez, Diputazio Iraunkorrak ez du bilkura iraunkorrik, kasuz kasukoak baizik. Legebiltzarreko Mahaia da deialdia egiten duena eta Mahaiak ez du ordezkatzen desegindako Legebiltzarraren gehiengoa. Gobernua osatzen duten taldeek Mahaian gehiengoa izanik, oposizioaren ekimenak kalifikatzeko aukera handiak dituzte, ohiko kontrol jarduera mugatu bat ezartzeko ahalmena izanik. Gainera, Diputazio Iraunkorraren jarduna mugatua da Erregelamenduak ez baitu aurreikusten horrelako ez ohiko egoeretan aritzea, eta ez ohiko egoerara egokitzeko ahalak zabaltzea.

Nolanahi ere, ez da baztertu behar Legebiltzarreko taldeek aho batez adostu ahal dutela ahalmen horiek zabaltzea edo tresna bereziak bereganatzea (boto delegatua, boto telematikoa…) ez ohiko egoera honetan Gobernua eta Legebiltzarraren arteko landidetza eta oreka instituzionala bermatze aldera. Borondate politikorik ez bada hori egiteko, bigarren aukera besterik ez dago: legebiltzarra bere osotasunean berrezartzea, eta modu horretan oreka instituzionala berreskuratu. Bigarren aukera honek oinarri sendoak ditu, hona hemen:

1. Legebiltzarra desegiteko arrazoia hauteskundeak deitzea izan zen. Gerora hauteskundeen deialdia indarrik gabe geratu denez, ez dago arrazoirik legebiltzarra deseginda mantentzeko. Legebiltzarra desegiteko justifikazioa bertan behera geratu da. Legebiltzarraren ohiko indarraldia irailaren 25ra bitartekoa da, beraz ordura arte bere ohiko jarduera berreskuratu beharko luke, ez baitu zentzurik deseginda egoteak hauteskundeak atzeratzea erabaki bada.

2. Egoera honetan ekimen parlamentarioa eta proposamen politiko alternatiboak luzatzeko ahalmenak oso mugatuta daude. Aldiz, exekutiboaren jarduera politikoa erabat indartuta dago eta agerikoa da, bera ez baitago funtziotan.

3. Egoera honek indarraldi mugagabea du, ez baitu epe-muga zehatzik. Alarma egoera hau noiz amaituko den inork ere ez daki. Lehendakariari, berari, dagokio, Dekretu bidez, egoerari bukaera ematea osasun-larrialdiaren deklarazioa amaitutzat joz, eta deialdi berria egitea, alderdiak aurretik entzun ondoren.

4. Gure testuinguruko Legebiltzar guztiak jardunean dabiltza, beren ahalmen guztiak baliatuz, ez ohiko egoerari egokituta (osoko bilkura txikiak eginda esaterako Katalunian, Gobernuaren kontrolerako Batzordeak aktibatuz Nafarroan…), osasun krisiari buruzko proposamenak eginez eta exekutiboaren kontrola bideratuz eta gobernua eta legebiltzarraren arteko lankidetza gardena egituratuz. Osasun egoera berezi honen testuinguruan, funtzionamendu telematikoa litzateke baleko irtenbidea, edota boto delegatuarena. Hau gauzagarri bihurtzeko, Erregelamendua modu zabalean ulertzeko borondatea azaldu beharko lukete talde guztiek.

Ondorioa, gure aburuz, argia da. Demokraziaren eta joko parlamentario askearen arauen eskakizuna da Legebiltzarraren ahalmenak berreskuratzea. Hori bi bidetatik egin daiteke, Diputazio Iraunkorra indartuz, baina horretarako Gobernu-koalizioak ez du agertu inolako borondate politikorik, edo Legebiltzarra bera, bere osotasunean berrezarriz. Azken hori egiteko lehendakariak badu aukerarik: Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia egiten duen Dekretua, bere osotasunean, eraginik gabe utziz. Horrela Legebiltzarra berrezarria izango litzateke, bere kontrol ahalmen guztiak barne. Hori da egungo krisi egoerari hoberen egokitzen zaion irtenbide demokratikoa. Izan ere Legebiltzarraren kontrolik gabe, agintekeria besterik ez letorke.

Recherche