Itsaso Nabaskues
Oiartzungo futbol jokataria

Lehentasunak

Itsaso Nabaskues Lasheras da nire izena. Lehen mailako Oiartzun Kirol Elkarteko futbol jokalaria naiz, beste gauza batzuen artean. Izan ere, gaur egun estatu mailan emakume futbolari gehienok musu-truk aritzen gara baloiaren atzetik korrika, beste kirolari (gizon zein emakume) asko bezalaxe. Ikasle, irakasle, ostalari, saltzaile, langabetu. Eta iluntze aldean, futbolari.

Txikitatik maite dudan kirol honetan nire bizitzako urte mordoa eman dut, eta zazpi dira jada lehen mailan jokatu ditudan denboraldiak. Hainbat euskal taldetan jokatzeko aukera izan dut (Añorga, Reala, Athletic eta Oiartzun), pertsona zein jokalari bezala hazten lagundu didatenak. Klub horietako bakoitza, egoera ekonomiko eta oihartzun sozial ezberdinekoak.

Joan den maiatzaren 29an, egunkari honek azaltzen zuen bezala, lesionatu egin nintzen Bartzelonaren aurkako partiduan. Triada: belauneko menisko eta lotailuen haustura. Kirol honek ekar ditzakeen lesioetako bat. Ez naiz ez lehena ez azkena izango. Gajes del oficio. Hori onartu eta aurrera. Inguruko taldekide, familia eta lagunen berotasunik ez zait falta. Hori gutxi balitz, Hegalaken Kirol Osasun Zentroan errehabilitazioa egiteko aukera. Zorionekoa ni!

Bestalde, bada momentu honetan bizitzen ari naizen eta onartzea zail egiten zaidan errealitate bat ere. Futbol Federazioaren Aseguru Medikoak babesten gaitu horrelako lesio egoeretan klub gehienok (baldintza ekonomiko indartsuagoak dituzten klubak beste aseguru pribatu batzuekin aritzen dira lanean). Nire kasuan, traumatologoak ezer larria ez dela dio, lasai hartzeko. Bere agenda kontsultatu eta operatzeko lehen egun librea urriaren 13a omen da. Negar malkoak erortzen hasi zaizkit. Frustrazioa, inpotentzia, ez nuen espero. Ez da ezer larria ez, baina ziur nago oihartzun handiagoko klub bateko jokalaria izango banintz datorren astean operatuko nindutela. Ez da espekulazio bat, gertutik bizi izan dudan errealitatea baizik. Egunkari honek astelehenean adierazten zuen moduan, nire antzeko lesioa izan duen Realeko jokalaria asteartean pasatu da kirofanotik (hemendik, nire animo guztiak!). Eta ni lau hilabete beranduago? Egia esan, errealitate honen aurrean lehen mailako jokalari bezala ez naiz oso baloratuta sentitzen. Eta momentu horretan, lasaitu nahian, neure buruari esan diot, medikuak arrazoi duela, lehentasun handiagoa duten kasuak egongo direla eta beste edozein biztanle bezalaxe itxarote-zerrendan itxarotea tokatzen zaidala. Nahiz eta pentsamendu hori barneratzen saiatzen naizen, ez da nire barruko egonezina itotzeko gai.

Baina onartu behar dut badela frustrazio horren eragile den beste kezka bat ere nire buruan. Baja hartu behar izatea. Hilabete batzuez esperientzia laborala etetea, irakasle bezala Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egiten ari nintzen ordezkapenari stop esatea, hain zuzen ere.

Gauzak horrela, hurrengo hilabeteetan ezingo naiz, beraz, egunez irakasle izan, ezta iluntze aldean futbolari ere. Zorionez, nire ingurukoen indarraren laguntzaz esperientzia berri honetan nire egunerokoa (eta poltsikoa) beteko duten bide berriak topatzeari ekingo diot. Bitartean, sistema honek erakutsiko dit nire belaunak ez duela presarik, lasai hartzeko. Eta, nire onerako, sistemaren kontra nire haserrea itotzen ikasiko dut, bai. Gaur, ordea, ez dut isilik geratzeko indarrik topatu.

Recherche