Iosu Alberdi Balzategi
Lemoizko Etzandarri Mendi Taldea

Lemoizko itsaslabarrak naturgune babestua. Orain da garaia

Ikusezintasun honek herriak altxor hau ez ezagutzea eragin du eta honen ondorioz hartaz ahaztutzea. Bai, ahaztu ditugu izenak, ahaztu ditugu paisaiak eta ahaztu ditugu lekuak eta hori oso larria da. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu.

Bai, orain da garaia. Heldu da hango eta hemengo administrazioek Lemoiz herriarekin eta bere naturguneekin daukaten zorra kitatzeko ordua.

Lemoiz bere zentral nuklear ospetsuarengatik da ezaguna baina, gutxi batzuk ezagutzen badute ere, naturgune ikusgarriak gordetzen ditu. Eukaliptus landaketa basatien azpian, txikiak badira ere, Lemoizek mendiak ditu bai, baita zentenario bat ere. Urizarmendi (294m), Uribe-Kostako mendi altuena. Euskal Herri osoko mendizaleak datoz bere gailurrera igotzera. Gixajoak! ez dakite zer egoeran dagoen.

Erreka batzuk ere badaude. Adibidez, Andrakan jaio, Urizarretik pasa eta bere urak Armintzan itsasora isurtzen dituen Amorraga erreka, Lemoizko hiru auzo nagusietatik pasa ostean. Ez dauka oso osasun onik baina oraindik behintzat, bizirik dagoela esan dezakegu.

Bai, Lemoizen ere, Eukaliptus landaketa basatien horien artean, haran ezkutuak, Urzuriagakoa esaterako, hariztiak, Ugartemendi magalekoa adibidez edo artadiak daude, Artadiko errekakoa esaterako. Egia esateko, oso txikiak dira eta hauek ere ez daude egoera oso onean.

Urtegiak eta aintzirak ere badaude Lemoizen. Landaredi eta fauna oso interesgarrien babeslekua diren Urbieta urtegia edo Artadiko eta Zabala erreketako urmaelak esate baterako. Hala ere, aipaturiko azken hauek, ditxososko zentral nuklearreko lur-sailetan daudenez itxita eta hesituak daude eta sarrera debekatua dago. Bere kontserbazioari dagokionez, zoritxarrez, hauek ere egoera kaxkar batean daudela esan behar dugu.

Zentraleko lurretan ere, hostozabal desberdinen landaketaz inguratuta Ikatxa eta Martxaga baserriak daude, Martxaga auzoan, hain zuzen ere. Bere garaian Iberduerok berriztuak, zein baino zein ederragoa da. Gaur egun, egoera tamalgarrian daude, baita aipaturiko hostozabaleen landaketak.

Baina zalantzarik gabe, Lemoizen dagoen naturgune baliotsuena, ikusgarriena eta munduan bakarra, itsaslabarrak dira, Lemoizko itsaslabarrak, Etzandarri puntatik hasi eta Usategi puntara arte, zentral nuklearra tartean dagoelarik.

Eukaliptu landaketek eta zentral nuklearreko hesiek, erabat ezkutatuta eta ahaztua mantendu dute paregabeko naturgune zoragarri hau. Lemoizko itsaslabarrak ikustezinak izan dira eta neurri handi batean horrela jarraitzen dute.

Lehendabiziko gogoeta arin batean, ikusezintasun hau bere kontserbaziorako lagungarria izan daitekela pentsatu ahal da, baina ez da horrela, inondik inora. Ikusezintasun honek herriak altxor hau ez ezagutzea eragin du eta honen ondorioz hartaz ahaztutzea. Bai, ahaztu ditugu izenak, ahaztu ditugu paisaiak eta ahaztu ditugu lekuak eta hori oso larria da. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu.

Horregatik, Etzandarri Mendi Taldea sortu genuenetik orain dela bost urte, inori baimena eskatu barik, hau dena berreskuratzea eta ezagutaraztea erabaki genuen eta inongo laguntzarik gabe horretan dihardugu eta horretan irmo jarraituko dugu.

Eukaliptus landaketeen sasien artean eta zentral nuklearreko hesien gainetik ibili eta pasatu behar izan dugu urte guzti hauetan baina apurka-apurka lortu dugu itsaslabar ikaragarri hauek berdeskubritzea eta ondorio batera heldu gara: naturgune zoragarri hau babestea premiazkoa da. Beraz, hau da gure aldarrikapena: Lemoizko itsaslabarrak naturgune babestua orain!

Horregatik, orain bai, laguntza eske gatozkizue zuei, herritarroi,guri eta ez beste inori dagakigulako ekosistema hau gal ez dadin berreskuratu nahi dugula ozen aldarrikatzea. Eta bigarrenik zuei, administrazioei, zuek baitauzkazue eskumenak eta baliabideak.

Eukaliptu landaketeen kudeaketa ezegokia itsaslabarreetako goikoaldetan alde batetik eta zentral nuklearreko lur-saileen, azken urteetako degradazioa azkarra, utzikeriaren eta aldaketa klimatikoarengatik, beste aldetik, begi bistakoak dira eta gero eta eragin handiagoa daukate itsaslabarretako ekosisteman, baita Urbieta urtegiaren inguruan sortu den ekosisteman ere.

Ekosistema hauek berebiziko garrantzia daukate bertan bizi diren landare eta animalientzako eta oso ahulak dira baina gezurra badirudi ere, «nahiko ondo» kontserbatzen dira oraindik, nahiz eta azken urte hauetan, landare exotiko inbaditzaileen erasoa oso bortitza izan. Beraz, Oraindik garaiz gabiltza naturgune hauek salbatzeko.

Horretarako, bide bakarra dago, naturgune hauek legez babestea eta naturgune babestuen sarean sartzea. Ez dago beste biderik eta orain da garaia.

Zergatik da orain garaia? Bada, central nuklearreko lurren jabetza Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoelako, Kostaldeko antolamendu eta kudeaketa transferentzia 2021eko udaberrirako osatzea aurreikusten delako, ekonomia suspertzeko Europako funtsak halako proiektuak bultzatzeko jaio direlako, Lemoizekin administrazioak daukan zorra historikoa kitatzeko ordua delako eta abar, eta abar, eta abar… baina batez ere, premiazkoa delako, naturgune ahul hauek ez dutelako askoz gehiago aguantatuko bestela.

Beraz, aldarrikapenaz haratago joanda hauxe da Lemoizko Etzandari Mendi Taldeak egiten duen proposamena:

-Lemoizko itsaslabarrak izenarekin naturgune babestu bat zehaztu, legez babestu, bere erabilerak mugatu eta landare inbaditzaileen erasoa gelditu.

-Deba eta zumaiaren arteko flisharen edo Jaizkibelen kasuen antzera, ibilbide sare bat egokitu eta seinalizatu, informazio panelak jarri eta baita, bisitarientzako bi harrera zentro eraiki ere. Mundu osoan demostratuta dago, halako neurria, lana sortzeaz gain, naturguneen kontserbaziorako oso egokia eta eraginkorra dela.

Guk sei sektore bi harrera zentrorekin bereizi ditugu proposatzen dugun Lemoizko itsaslabarretako ibilbide-sare honetan

1. Sektorea: Anparrantxi punta eta goi-lautada

Lehenengo harrera zentroa eraikitzeko Anparrantxi puntako goi-lautada aukeratu dugu. Zentral nuklearraren lurrak dira. Gaur egun, bertan aparkaleku erraldoi bat, bertan behera utzita, besterik ez dago eta inguru osoa Panpako belarraren mintegi erraldoi bat baino ez da. Talaia ikusgarri bat da Anparrantxi.

2. Sektorea: Anparrantxi-Armintzakalde

Harrera zentrotik abiatuta, Anparrantxi, Eguzkibaso, Atxausi, Atxebagi eta Kanpokoarriko itsaslabarren goikoaldetik igarota, Armintza auzoarekin konektatuko duen ibilbide bat proposatzen dugu. Armintzakalde kalarekin, hain zuzen.

3. Sektorea: Gaztelu mendia

Orain dagoen bidea txukundu, egokitu, eta Armintzako porturaino jarraipena ematea proposatzen dugu. Gaztelu mendia egoera penagarrian Armintzan bertan dagoen altxor bat da.
4. Sektorea: Armintzako portua-Etzandarri.

Hemen daude Etzandarri mendia, Bilau kala, Lularri mendia, Kauku punta, Bilauko arriak eta Urtzuriagako eta Armintzako kalak. Sektore honetan dauden itsaslabarrak eta mendiak zoragarriak dira.

Sektore honetarako hauxe proposatzen dugu: Armintzako portutik Etzandarriraino Itsaslabarreen goikoaldetik helduko den ibilbide bat egokitu, seinalizatu, informatu etab. Urtzuriaga baserriraino heltzeko bi aukera egongo dira, mareen arabera, Urtzuriagako kalatik edo gaur egun dagoen bidetik. Zirkularra izango da eta GR-123arekin bi konexio, gutxienez, izango ditu. Etxandarri mendi taldeak urte batzuk darama ibilbide hau garbitzen, egokitzen eta markatzen eta jarraitzea erreza ez badaere, zati batzuk oso itxiak daudelako, gaur egun egin daiteke dagoeneko.

5. Sektorea: Urbieta urtegia eta Martxaga auzoa

Hemen urtegiaz gain, Ikatxa eta Martxaga baserriak, Artadiko, Zabala eta Merdeka errekak eta Atxukarro eta Urbietalde punten arteko kalak eta itsaslabarrak daude. Zentral nuklearreko lurrak dira.

Hemen egongo dira bigarren harrera zentroa eta aparkalekua, Martxaga eta Ikatxa baserrietan hain zuzen eta bi atseden leku egokituko dira. Lehenengoa Martxaga auzoan, harrera zentroaren eta aparkalekuaren inguruan eta bigarrena Artadiko erreka ondoan dagoen hostozabalen landaketa batean.

Martxaga eta Ikatxa baserrietan gainera erakusketa iraunkor bat instalatuko da (gaia edo gaiak zehazteke dauzkagu momentuz).

Harrera zentrotik bide batek Artadiko errekako atseden lekura eramango gaitu eta handik urtegira buelta osoa emango duen ibilbide bat abiatuko da.

Ibilbide honetatk beste hiru ibilbide irtengo dira:

Lehenengoak urtegiko ormatik jaisten diren eskaileretatik Urbietalde eta Atxukarro puntetako eta Portume-aldeko kaletara jaisteko aukera emango digu.

Bigarrenak urtegiko ormatik ingurutik Atxukarro puntako goikoaldera eramango gaitu. Gaur egun aparkaleku bat dago han.

Hirugarrenak Basobaltza eta Usategiko itsaslabarreen goikoaldera eramango gaitu.

Harrera zentrotik ere Merdeka errekara eta handik Basorda porturaino helduko den ibilbide bat egokituko da.

Sektore honetako ibilbideen zati batzuk, egoera txarrean, baina existitzen dira.

6. Sektorea: Anparrantxi-Basorda kala-Atxukarro punta

Anparrantxiko harrera zentrotik Basordako portura bajatuko den ibilbide bat egokituko da, han, Martxagako harrera zentrotik datorren ibilbidearekin konektatuz.

Basordako portutik, Zentralaren diketik joanda beste ibilbide batek Atxukarro puntara eta hango kaletara eramango gaitu.

Amaitzeko Atxukarro Puntako beheko eta goiko aldea lotzen dituen dagoeneko dagoen ibilbidea egokituko da.

7. Sektorea: Basobaltza-Usategi itsaslabarrak

Sektore honetan Urbietalde punta eta Portume-aldeko kalak daude
Hemen, 5. sektoretik datorren ibilbideari, Basobeltza itsaslabarreen goikoaldetik, Usategi puntara arte jarraipena ematea proposatzen dugu.

Hauxe da, beraz, Etzandarri Mendi Taldeak landu duen proposamen zehatza, eta azpimarratu nahi dugu orain dela garaia hori bultzatzeko. Beraz, hasierara itzuliz.

Lemoizko itsaslabarrak naturgune babestua orain!

Recherche