Fito Rodriguez Bornaetxea
EHUko irakaslea eta idazlea

Lezertua, aukera erratua…

Marka da!, Euskadirako Ararteko berria hitzartu berri dute EAJk, PSEk eta PPk. Orain arteko Lamarkak ezin zuen segitu karguan hamar urte bete dituelako eta bere ordezkoa, abertzaleekin adostu beharrean, espainiar “sukurtsalekin” hitzartu dute jeltzaleek.

Bistan da EAJk Ararteko hautatzeko EH Bildurekin batera behar adinako bozak lortzerik bazituela ( 48) baina, historikoki ohi denez, EH Bilduz bestekoekin lotu nahi izan ditu bere politika instituzionala iraunarazteko. Ez da, halere, EAJri Eusko Legebiltzarrean  bakarrik dagokion jitea gainerako erakundeetan usadiozko portaera baizik. Berdin da Aldundietan, Biltzar Nagusietan, Partzuergoetan edota Udalbatzatan ere, aspaldikoa ez, ia betiko jarrera darama nazionalismo tradizionalak arauak behar dituen apurkako salbuespenik izan ezik. Eta EAJrentzat araua, normala dena, bistan da, ohiko politikan deus aldatuko ez duenaren aldeko hautua berregitea izaten da.

Ohiko politika hura eta haien erakundeak inoiz baino ustelagorik egonik ere horri eusten diote. Berdin Bruselaren mandatuen aurrean, Madrilgo hemizirkotik  Euskal Herriko azken udaletxeraino. Berdin aurrekontuen diseinuak direla edo segurtasun eskuduntzak kudeatzerakoan. Berdin zaborren eta hirien barruko komunikazioa eratzerakoan edota zergen antolaketan. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da ez dagoela gai haietan guztietan  EAJren, PSEren eta PPren arteko ezberdintasun handiegirik. Gehienetan, salbuespenak salbu, denak batera bozkatzen baitute eta, praktikan, zoritxarrez, alderdi  bakarraren portaera erakusten dute askotan.

 Ezer berririk ez, bada. Aitzitik, zaharrak berri, berriro ere.

Goian adierazitakoa datozen hauteskundeen ondorengo paktu panorama argitzera etorriko litzateke, aurretik esan moduan, horretako zenbait salbuespen izango ez balitz.

Eta erresalbu edo lekapenak izan dira orain arte, hain justu ere, giza eskubideekiko lotutako gaiak non EAJ berezko diskurtsoa agertarazten saiatua izan da. Polizia kontrolen gertatutakoaz, Torturaz ( bai, letra larriaz) edo errepresioaz (ertzainak tartean ez zeuden bitartean, noski…), alderdiaren legeaz eta abar ezin esan EAJren jarrera PPrena edo PSOErenak izan denik.

Ararteko berria izendatzeko prozeduraz gain, ordea, badago, egon, hautatutako pertsonari kasu egin beharra. Izan ere, aukeratu nahi duten ustezko herri defendatzaileak “Giza eskubideen alde” jotzeagatik alderdi politikoen debekua defendatu izan du publikoki gure aldean eta Turkian.

Euskal Herriko Unibertsitatean “Giza eskubideak, Hezkuntza eta Gizarte Politika” izeneko ikasgaiaren irakaslea nauzue eta, ondorioz,  giza eskubideen jatorriaz, historiaz eta ulertzeko moduez eman behar izaten ditut dagozkidan eskolak. Beraz, jakin badakit, aipatu eskubideak, oinarrian, duintasunaren eta gizakien arteko berdintasunaren aitortza besterik ez direla eta, beren garapenerako, gizarte hitzarmena bezainbeste bermeak behar dituztela.

Hau da,  Ziro Handiak Babiloniako esklaboei askatu zituenean ( K.a 539 urtean) gizakien arteko simetria aldarrikatu nahi izan zuen eta, demagun, Ingalaterran “ eskubidearen eskaera” egin zutenean ( 1628an) Erregearen botereari mugak ezarri zizkioten gizaki guztiak, berez, berdinak izan  behar zirelako.

Era bertsuan, hala J.J. Rousseauk  ( 1757an) nola Th. Jeffersonek berak ( 1776an) gizaki orori dagozkion duintasuna nahiz berdintasuna defendatzeko “erreboltarako” eta “ iraultzarako” eskubidea ezagutarazi nahi izan zuten. Horretan guztian hartzen dute oinarri giza eskubideak.  Beraz,gizakien arteko  ezberdintasun egoeren aurka  matxinatzeko eskubiderik izan ez balitz ezin izango genituzke giza eskubideez ezer esan eta giza duintasunik ere ez zen egongo.

Horretaz jakitun 1948an, Bigarren Mundu Gerratea amaitu ondoren , Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari ekin zion Eleanor Roosvelt buru zuen nazioarteko legegile talde batek. Eta jakina denez, bai Cassin baionesak ( Bakea Nobel Sariduna) baita Hessel idazleak ere (Haserre zaitez!) berebiziko parte hartu zuten dokumentuaren idazkuntzan.

Dokumentu osoak du garrantzia zerrendatzen diren artikulu denak banaezinak eta lotuak direlako baina, zalantzarik gabe, idazkiaren funtsa hitzaurrean dago non, adierazitako ekimenerako arrazoia azaltzen zaigun, hona hemen:

“Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin” (http://www.jusap.ejgv.euskadi.eus/).

Argi geratzen da, bada, bizikidetza arautzeko mendebaldarra bezain europarra  den sistemaren argudioa, “zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den baliabidea“ (recours, recourse, jatorrizko idazkuntzetan) ekiditea izan zela, aipatu aukera horrek, matxinatzeko eskubidearena, alegia,  aparteko garrantzia baitu eta berau gabe “Giza eskubideen Aldarrikapenak berak zentsurik edukiko ez lukeelako.

Baina gizarte demokratiko batean  nola defenda daiteke gizakia  zapalkuntzaren kontra alderdi politikorik gabe?. Jakina da demokrazia batean alderdi politikoek soilik ez dutela gizakien aldeko  babesa bermatzen baina, haiek debekaturik, zein da irtenbidea?

Giza eskubideen defentsan, nonbait, Herri Batasunaren ilegalizazioa babestu zuen jurista  Ararteko izango dugu Euskadi honetan hemendik aurrera nahiz eta, aukeran,  beste baliabideak  egon…

Ene aburuz, aukera erratua…

Recherche