Josu Iraeta
Idazlea

Izan litekeen aukera polita

Bidegurutzeak aukera desberdinak eskaintzen ditu beti, aukera politak. Lau haizeetara daramaten bideak ditugu aurrez aurre, baina denak ez dira mesederako izango

Euskal Herriaren azal zabalean kolore ezberdineko hainbat erakunde politikoren berri dugu aspaldian. Bakarren batzuk, ibilbide luze eta korapilatsua egindakoak; besteak, ez hainbeste. Euskaldunen historiaren protagonista direnak, batzuk; horretan saiatzen ari direnak, besteak.

Horrelakoak egon badaude, baina egia osoa beste bat da. Egitasmo politiko guztiek baitute atzean bide luze bat. Hainbat pertsonaren eztabaida eta haserreak, nahi eta ezinak, baina, baita lanaren emaitza pozgarriak. Urteak behar izaten dituzte gizarte mailan beren diskurtsoa ezagun izan dadin. Gero –nahiko geroago–, gizartearen ezagutza eta babesa zenbatekoa den jakiten dute, hauteskundeak barne. Beraz, lan asko dago gordean.

Gizarteratzean, helburuak agertu behar izaten dituzte, eta honek ekartzen ditu hainbat nahigabe eta estutasun, zaila baita emandako hitza betetzea. Egun –sarri– denok ikusten ditugu aurrez aurreko sutsuak alderdi politikoen artean. Egia da, denborak agintzen duela, eta baldintzak asko aldatzen direla, baina –hala ere– belea sekula ez birigarro.

Denbora aurrera doa eta honekin joko arauak ere aldatzen joan dira. Egun, Europak, estaturik gabeko nazioen aldarrikapen politikoak aztertu eta barneratzeko, sekulako indarra beharko luke, herri baten bultzada. Beraz, ez da harritzekoa, Madriletik, baita Estrasburgotik ere, «blokeo» hitza nagusitzea. Itxuraz, inork ez dio ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta arrazoi nagusia, hau; askatasuna eta burujabetza  abertzale guztiok aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai eta zintzo aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzea mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Jorratutako bidea oso luzea izaten ari da eta, aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.

Duela urte batzuk –agian, ez hainbeste– euskal gizartea oso ideologizatua agertzen zen, nire ustez, behartuta eta hala nahi zuelako. Ideologiaren apologia egiten genuen eta zoko guztietatik egitasmo nahiko ideologikoak aurkezten ziren.

Gaur egun –eta, beharbada, aspaldidanik– askok kontu horiek nahiko baztertuta dituztela ikusten dut. Urrats asko dira tartean egindakoak eta orain, zoritxarrez, norberekoikeria edo «unomismoa» nabarmentzen ari dela esango nuke.

Handik eta hemendik dabiltzan diskurtsoek ezker-eskuin hori zaharkitutzat jotzen dute, eta, noski, are gutxiago entzuten dira marxismoa bezalako hitzak. Bakoitzak bereari begiratzen dio, eta, beren ustez, apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia hura «gorde» egin da eta militantziatik norberekoikeriara etorri gara hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnek beren pentsamolde eta joera «propioak» dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan ere, noski. Agian, horregatik herri jaialdi edo herri kiroletan ez daude eroso; itxuraz, nahiago dute beren ustez intelektualentzat diren hainbat ekitaldi.

Estatuaren arrazoietan sinesten dute eta babesten dituzte, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoek agintzen dutela, baita olagarro gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banku handiak, armadak eta komunikabide manipulatzaileak ere. Onartzen dute «demokrazia formal» bat besterik ez dela, baina eroso sentitzen dira horren baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote –agian harrotasun puntu batekin– demokrazia formal eta modernoaren izenean parlamentuak sortu direla, eta nahiz polizia Estatua indartu, ustez beharrezkoak dira, zalantzarik gabe sistema indartzen dutelako.

Lege antiterroristak baietsi ere egiten dira parlamentu horietan, aurkaria desagerrarazteko; baina, hori bai, estatuari aurre egiten diotenentzat bakarrik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertu ere ulertzen dute horrelako lege bereziek torturaren praktika babesten dutela, baina horiek sistemaren akatsak besterik ez direla diote.

Gaurko modernitate demokratiko guztien gainetik nahi dut azaldu, lasai eta argi, gaur arte eta denbora luzez, guretzat teorema baino «axioma»-tzat genuena, gure borrokaren bi zutabe bateratzaileak. Baina baita ere gure «axioma» gauzatzeko gaitasun ezak ez diola gaurkotasunik kentzen, nahiz beharrezkoak diren baldintzak ez ditugun geureganatu.

Egia da betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela eta dituela; Estatu espainiar eta frantsesarekin Euskal Herria aurrez aurre jartzen duen borroka antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia batean hornitu izan gara; marxismoaren interpretazio heterodoxo samarrean, beharbada, baina horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berberak; ideologien krisi sakona begi bistan dago.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak, bata bestean ondotik, ukaezina da garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak bata bestearen gainean doaz.

Egun, eta luzaroan jasan beharko dugun egoera honi helduz, esan litekeena ez da gozoa; denborak irakatsi digu zapalkuntza eta errepresioak herriaren gehiengoa iraultzara bultzatuko zuela uste genuen arren, ez dela horrela gertatu. Eta azken urteen emaitzek diote ez dela horrela izango.

Beraz, langabeziak eta miseriak jotako langileriak gaur edo bihar –euskaldun bezala– kolonizatua eta zatitua dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Ez da helburu okerra, baina ez dugu lortu.

Bidegurutzeak aukera desberdinak eskaintzen ditu beti, aukera politak. Lau haizeetara daramaten bideak ditugu aurrez aurre, baina denak ez dira mesederako izango.

Ibilbide luzean batzuk eta besteak ezagutu ditugunez, orain erabaki zuzenean datza etorkizuna. Iparrorratzari begia kendu gabe, noski, baina ez dut beste aukerarik ikusten; nora, norekin eta zertarako, etorkizuna gure esku baitago.

Recherche