Mikel Romero, Schwa Aaron García, Endika Ruiz de Loizaga*
Lorezainak Borrokan

Lore bat hazten da horman, etorkizuna izan nahi du, presente dago, memoria da

Duela hilabete bat itzuli ginen lanera, sei hilabete baino gehiagoko greba mugagabearen ondoren. Grebaren jarraipena erabatekoa izan da, eta sei hilabete hauetan indartsuagoak egin ditugu gure arteko loturak. Gure helburuetan kohesionatuta, enpresa, udala eta Eusko Jaurlaritzaren higadurari aurre egin ahal izan diogu.

Erresistentzia honek soldata- eta giza-hobekuntzak dituen hitzarmen propioa eman digu. Baina lortutakoaz haratago, zalantzan jarri dira azpikontratatutako langileen prekarizazioa eragiten eta onartzen duten udalaren pribatizazio politikak. Horrela, askotan gutxietsia, baina azterketa eta prestakuntza eskatzen duen gure lanari, lorezaintzari, balioa ematea lortu dugu ere, herritarrak jabetuz GREEN CAPITAL markaren atzean pertsonak daudela berdeguneak zaintzen eta mantentzen, aisialdirako, elkartzeko eta gure hiri fantastikoaren birika berdeak izaten jarrai dezaten.

Sei hilabete hauetan, lankideon artean landare bat landu dugu, eta hainbat eragilek, auzo-elkartek, enpresa-batzordek eta sindikatuk ureztatzen lagundu digute. Jakina, gure aurreko belanauldietatik landatzen ikasi dugu. Eredu zarete. Pentsionistak Aurrera!

Mugimendu Sozialistako militanteek arreta berezia jarri dute, egunez egun, lore bat eman duen plantula hori zaintzen egon baitira.

Landare hau asanbladetatik, piketeetatik, manifestazioetatik, agitazio− eta propaganda-mahaietatik elikatu da. Baina batez ere, greba-batzordeak egindako lanetik eta delegatu ez duten eta landare hori loratzeko beharrezkoak izan diren kaleko zaintza-ardurak haien gain hartu dituzten kideengatik.

Politika neoliberalek soldata miserableetara eta baldintza zitaletara kondenatzen gaituen mundu honetan, non politikariek inbertsio-funtsen interesak defendatzen dituzten, greba eskubidea ahulduz doa. Lorea zapaltzen saiatu ziren, greba-eskubidea urratuz, baina hain indartsu loratu zen, haien erasoei aurre egiteko gaitasuna izan zuela.

Orain, landarea errotu dela, guri dagokigu landare polit hori zaintzen jarraitzea, «belar txarrek» aurkitu ez dezaten gure lorategia ongarritzeko erabili ditugun elikagaiak: erresistentzia, borroka eta konpromisoa. Eta horrela landarea loratzen eta hazten jarrai dezan.

Lore zoragarri hau harro eta eskertuta sentiarazten gaitu. Eta begiratzean gogorarazten digu dedikazioarekin, pazientziarekin eta ardurarekin gure bizitzak loratze etengabean dagoen lorategi batean bihurtu ahal ditugula. Lorezaintza etorkizunean sinesten dugula erakusteko modu bat da.

Baina ez diezaiogun tranparik egin gure buruari, ez da erraza landareak bizirik mantentzea, bidean petaloak erori egin dira: gaur gogoratu nahi ditugun kideak. Haien indar, konpromiso eta ausardiarik gabe, gure borroka ez zatekeen berdina izango.

Hemendik, besarkada handi bat bidali eta beti gure lorategiaren parte izango direla eta behar dutenarentzako hor egongo garela esan nahi diegu.

Gutun hau amaitzeko, Gasteizko rokodromoetako langileei eta Arabako erresidentzietako kideei indarrak eta animoak bidali nahi diegu; eta, Araban eta Euskal Herrian lan-gatazka ezberdinetan murgilduta dauden langile guztiei ere. Lorategi honetatik klase elkartasuna eta elkar-babesa landatzen jarraituko dugu, euskal herri langile indartsuago eta antolatuago bat lortzearen bidean. gora langileon borroka!

 

*Sinatzaileak: Mikel Romero, Schwa Aaron García, Endika Ruiz de Loizaga, Jose Antonio Ruiz de Azua, Iván Puertas, Mouhcine Boujida, Alfredo Ruiz, Leire Urquijo, Aitziber Gutiérrez, Julio Montoya, Daniel Ruiz de Mendoza, Gorka Pérez de Mendiola, Íñigo López de Arroiabe, Álvaro Marcos eta Juan José Miller.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche