Lotu zure txakurrak
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak «faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak» ehuntzean ardaztuko ditu. Aste honetan bertan, Kepa Kortak idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko Cambridgeko hiztegiaren irizpidea irakur genezakeen: «Oso lider boteretsuan, bizitza sozial eta ekonomikoaren estatu kontrolean, eta aberri eta arraza muturreko harrotasunean oinarritutako sistema politikoa, desadostasun politikoaren adierazpenik onartzen ez duena».
Definizio horretako oinarrizko elementuak, boterea eta honen bitartezko kontrola, batetik, eta autokritika falta, bestetik, izango lirateke nire ustez. Erreferente(ar)en (liderra/k) kontzeptua ere ahaztu gabe.
Denok dauzkagu aintzat hartuak izatea edota defendatu nahi ditugun bizimodu, iritzi eta pentsaerak, nekez bat etorriko direnak %100ean besteenekin, norbanakoak baikara, edota, are, ideia eta egia absolutu filosofikoekin. Bestalde, denok daukagu botere kuotaren bat, gure pentsamendu horiek adierazteko dugun gaitasunaren edota besteengan eragiteko dugun baliabideen araberakoa. Hau puntu garrantzitsua da, edukitze hutsean baino, boterearen erabileran baitago gakoa; eta erabilera hori, dauzkagun baliabideen (pribilegioen) mende dago, baina batez ere norbanako bakoitzaren borondatearen mende, edo beste era batera esanda, kontzientzia eta erabaki indibidualen mende.
Itziar Zigak trebetasunez dio (“Una plaza con sombra es ‘woke’” artikuluan) «zapaldutako kolektibo baten partaide izateak ez du esan nahi politikoki zapalkuntza ororen aurka egiten duzunik», eta gehituko nuke, edo zerorrek ere ez duzunik zapaltzaile rol hori hartzen.
Ez dute eragiteko ahalmen bera norbanako umilek ala beste pertsonen ekintzak baldintzatu ditzaketen erreferente eta elkarteek. Horregatik da garrantzitsua indibidualki zein kolektiboki ontzat ematen ditugun sinesmenak, usteak, iritziak, esamesak eta teoriak ere zalantzan jartzea, nahiz eta boto emaile, sare sozialetako jarraitzaile edota arrazoia zein babesa itsu-itsuan emango digun lagunarte, sendi zein txalo jotzaile talde oparo bat izan inguruan. Besteen babesa izateak ez du egiaren jabetza bermatzen. Guk dioguna egia absolutua balitz bezala defendatzen badugu konfiantzazko guneetan zein gure irizpidea beste inorenaren gaindi kokatzeko, geu arituko gara zapaltzaile bezala jokatzen, autokritikarik egin gabe bestea boterearen bitartez kontrolatu nahian.
Ramon Zalloren azken artikuluan ere (“Plataformas tecnológicas y neofascismo”) adierazten da badagoela desinformazioranzko eta gorakada neofaxistarako joera bat, bidegabekeria sentimenduetan eta konfiantzaren galeran oinarritua, balio humanistak eta erantzukizun zibikoak hartzea alde batera utzi eta konponbidetzat saihesbideak hautatzera eraman gaitzakeena, etsaitzat hartu eta izendatzen diren talde edo pertsonengan tentsioa, mina eta erreakzioak eraginez (baita horrelakoak nahita bilatuz ere), amaigabeko borroka dinamika batean.
Horrela, komunikazioa eta bestea ulertu nahi izatea alde batera uzten da, konfiantza eraikitzea ezinezko eginez sozializazio maila guztietan. Nork bere kontzientzia azter dezala.
Uste dut gogoeta honek berdin balio diezaiokeela eskuin zein ezkerreko politikariari edo interneteko influencer-ari, hedabide handi bateko arduradunari zein kalean pintadak egiten dituenari, enteratzen ez denari zein jakintsuari (musikari izan ala ez), manosferako partaideari zein mugimendu feministakoari; gizonari, emakumeari zein genero binariotik kanpokoari; finean, gutako bakoitzari. Faxismoa eta oldarkeria erreakzionarioa edonon aurki baitaitezke.
Begiratu barrura, eta lotu zure txakurrak.