Iker Otermin
Ezker Iraultzailea

M26ko hauteskundeak EAEn. Kalean garaitu behar ditugu EAJren politika kapitalistak

PPren beherakada erabat loturik dago EAJren igoerarekin, ezkerraren aurkako bozka erabilgarria bildu baitu.

Udal eta foru hauteskundeen emaitzek berriro agerian jarri dute bloke atzerakoiak eta, bereziki, PPk EAEn duen hondoratze izugarria. Diskurtso frankistaren eta espainolistaren eta errepresio, gorroto eta mendeku gosearen aurkako erantzuna izan da. Hala ere, EAJk eskuratu du garaipena, eskuinaren bozka erabilgarria bilduta, eta hiru diputazioetan eta hiriburuetan agindu ahalko du bere bazkide gogokoena den PSErekin. Hauteskunde hauek are gehiago polarizatu dute bozka EAJren (%36,24 EAEko udaletan) eta EHBilduren (%24,79) artean; udaletan historiako emaitza hoberenak eskuratu ditu EHBilduk. Elkarrekin Podemosek desengainuaren prezioa ordaindu du, eta hori neurri batean PSEk jaso du, hirugarren postura igoz.

Analista asko atera dira EAJren emaitzak ospatzera, langile klasea eta gazteria desmoralizatzeko asmoz. Baina beren kalkulu matematikoek oso kontzienteki ezkutatzen dute egoera osotasunean ulertzeko funtsezkoa den puntua: Euskal Herrian mobilizazio maila altuenetakoa bizi dugu eta gainera zuzenean aurre egiten dio jeltzaleen politikarekin. Pentsionistak, mugimendu feminista, gazteria eta, batez ere, sektore publikoko eta sektore pribatizatuetako lan gatazkek benetan konplikatuko diote legegintzaldia EAJri.

EAJk eskuineko bozka batu du

Emaitzak berriro ere katastrofikoak dira eskuin espainolistaren bloke atzerakoiarentzat. Ciudadanosek eta Voxek ez dute lortu ordezkari bakar bat bera bere EAEko erakundeetan, ez diputazioetan ezta udaletan ere. Bestalde, A28an PPk jaso zuen kolpearen ondorioz, guztiz hondoratu da hauteskunde hauetan. 2015eko udal hauteskundeetan eskuratu zituen 102.430 (9,60%) bozketatik, 66.192ra (%5.88) jaitsi da; EAE osoan 55 zinegotzi lortu ditu, 4 bakarrik Gipuzkoan. Kolperik gogorrena Araban jaso du, Alfonso Alonsoren esperantza bakarra zena. Lau eserleku galdu ditu diputazioan eta 5 Gasteizko udalean.

PPren beherakada erabat loturik dago EAJren igoerarekin, ezkerraren aurkako bozka erabilgarria bildu baitu. C's, PP eta Voxeko buruzagiek «pribilegio autonomikoen» aurka hauspotu zuten diskurtsoak beren hautesle tradizionalaren zati handia uxatu dute. EAJk urteak daramatza zentratzen bere diskurtsoa autogobernua, Gernikako estatutua eta kontzertu ekonomikoa hobetzean: etxeko marka du eta euskal burgesia eta burgesia txikia oso kontziente dira kontzertu ekonomikoa negozioak bermatzeko eta irabaziak handitzeko tresna dela. Langile klasearentzat, ordea, horrek ez du bizi baldintzen hobekuntzarik ekartzen. Euskal eskuinak gobernatzen dituen instituzioetatik diru publikoa pribatizatzen eta lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen da, patronalaren irabazi maximorako.

PSEk neurri batean aurreko udal eta foru hauteskundeetako emaitza txarrak hobetu ahal izan ditu (190.921 bozka lortu ditu diputazioetan, 2015ean baino 43.489 gehiago) Elkarrekin Podemosen beherakadari esker. Alderdi moreak esperantzak frustratu izanaren prezioa ordaindu du, eurengan ezkerreko alternatiba bat eta auzi nazionalean posizio aurrerakoia ordezka zezaketela ikusi zuten askoren artean: 37.302 bozka eta 6 eserleku galdu ditu foru hauteskundeetan.

EAJri oposizio irmoa aurrez aurre! Betiko eskuina da!

EAJ behin eta berriz saiatzen da eskuin espainolistaren diskurtsotik aldentzen eta bere burua aukera aurrerakoiago gisa aurkezten. Bere ardura bakarra Euskadiko ongizatea, egonkortasuna eta bake soziala bermatzea dela irudikatzen ahalegintzen da. Dena dela, praktikan, oso argi dago jeltzaleek enpresari handientzat eta patronalarentzat gobernatzen dutela eta horretarako instituzioetan dituzten aliatu nagusiak PSE eta PP direla. 100 milioi euro gainditzen dituzten ustelkeria kasu mordoak oso argi erakusten dute ez direla bere kudeaketan kasu solteak. Industriako lanpostuen eta lan eskubideen etengabeko suntsiketa, prekarietatearen, behin-behinekotasunaren eta lanpostu zaborren izurriteak larru gorritan uzten dute hainbeste aipatzen duten «euskal oasiaren » gezur ikaragarria dela.

Hala ere, EAJk duen abantaila nagusia ezkerretik falta den aurrez aurreko oposizio baten faltan dago. Aurrez aurreko oposizioa itun aukerei ate guztiak ixtetik hasi beharko luke. EAJren eskuineko politiken salaketa argi eta irmo bat egitean oinarritu beharko luke, eskuinak duen benetako esanahia argitzean; garbi azaldu behar da EAJ ez dela inolako aliatua Euskal Herriko eskubide demokratikoetan aurrera egiteko, are gutxiago, langile klasearentzat eta, noski, ez dela inolako alternatiba eskuin espainolistaren aurrean.

Horren ordez, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beren diskurtsoa EAJ beraiekin batera politika aurrerakoiak abstraktuan egitera gonbidatzera bideratzen dute. EH Bildurekin eginiko estatus berriaren ituna, Eusko Legebiltzarreko aurrekontuak negoziatzeko mantentzen jarraitzen duen prestutasunak, etab. EAJri maniobra tarte osoa eskaintzen diote bere buruari itxura aurrerakoi hori emateko. Udal politiketan gauza bera gertatzen da. PP botatzeko helburuz Gasteizko alkatetza eman ostean, EAJk bizkarra eman zion segituan EHBilduri, PSE eta PPrekin gobernatzeko. Hauteskunde kanpainan, Larrionek berriro berdina egingo lukeela planteatzen zuen.

Joseba Egibarrek Euskadi Irratian honakoa zioen: «Ikusten da EHBilduk politika egiteko modua garai berrietara egokitu duela, autogobernuaren defentsarekin eta estatus politiko berriarekin. Baina arlo sozialean izugarrizko bertigoa ematen dio EAJrekin elkarlana egiteari (…) egungo sistemak ez du alternatibarik, eta ez da guk esaten dugulako, beraiek ere ez dute inolako alternatibarik proposatzen».

EAJren helburu estrategiko nagusia ezkerra otzantzea da kalea bertan behera utz dezan, eta horretarako azpimarratzen du errealismoa, praktizismoa eta jokoaren arauak errespetatu behar direla, eskubide nazionaletan zein politika sozialetan. EAJk EH Bildu zoriontzea, kalea mobilizatu gabe «politika egiten duen» bakoitzean, ezin hobeto erakusten du egin beharreko bidea guztiz kontrakoa dela.

Borrokak elkartu EAJren politika kapitalistak garaitzeko

Alternatiba bakarra hauteskundeetara bideratzeako estrategia, sistema kapitalistaren logika eta gaitz txikiena onartuz, irtenbiderik gabeko kale itxia da. EAJk, gobernuan den eskuin orok bezala, benetako izua dio langile klaseak eta gazteriak duen indarrari. Alde guztietatik saiatzen da langile eta gazte mugimendua desmoralizatzen, sakabanatzen eta ahula dela sentiarazten, eta horretarako erabiltzen ditu bere komunikabideak eta Ertzaintzaren errepresioa, eta ezkerreko eta sindikatuetako buruzagi erreformistetan ere oinarritu nahi du. Hori dela eta, beharrezkoa da ezker borrokalari bat eraikitzea, alternatiba iraultzaile bat tinko defendatuko duena, baita instituzioetan ere, baina batez ere kalean, langile klasearen eta gazteriaren borroka elkartuz autodeterminazio eskubidearen alde, politika kapitalista guztiekin amaitzeko.

Recherche