Patxi Azparren

Maileguan hartutako bozken zama

Ezaguna denez, Lizarra-Garazi sinatu aurretik PNVn arrisku handi batez ohartu ziren. Ardanzaren lehendakaria izan zen lau legealdietan «normalizatu» zen bozka nazionalista espainiarra. PSE Ardanzaren gobernuetan; PP bere ama zen Aliantza Popularraren itzaletik askatzen hasita; ETA gero eta ekintza basatiagoak egiten... indar-korrelazioa aldatu zen.

Aurreko urteetan oso ohikoa zen PP eta PSOEren botoemaile askorentzat Espainiako hauteskundeetan parte hartzea eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetan abstenitu. Poliki-poliki esparru soziologiko horiek Hego Euskal Herriko erakundeetan arreta gehiago jartzen hasi ziren.

PNVren zatiketa eta gero, jeltzaleek PSOEren laguntza ukan zuten gobernuari eusteko. Egoera ez zen xamurra Sabin Etxekoentzat: Bizkaian baino ez zuten irabazten; Nafarroan ez zeukaten apenas militantziarik , Ipar Euskal Herrian ordezkaritza anekdotikoa. Esaterako, 1989 Espainiako hauteskundeetan PNVren eremutik at, ezkerraldeko talde abertzaleek (HB, EE eta EA) 8 diputatu lortu zituzten; PNVk 5.

Sasoi hartan PNVk lagundu zuen PSOEren bozka normalizatzen. Ordea, une jakin batean, PPk agintea hartu zuenean, PSOEk bloke españolistarekin bat egiteko aukera ikusi zuen Mayor Orejari protagonismoa eman bazion ere.

Aldaketa hori gertatutakoan , berriz ere, piztu ziren argi gorriak Sabin Etxean. Arzallusek birsortutako PNV ahulezia egoeran zegoen, PSOErekiko menpekotasunak prezio handia izan zezakeen eta. Jeltzaleen gehiengoa (EAE delako eremuan) kolokan egon zitekeen bloke españolistaren onerako.

Bestalde, ezin ahaztu beste faktore garrantzitsua, ETAren jardun armatua, inoizko babes sozial txikienik zuena, baina agenda politikoa baldintzatzeko gaitasuna zuena. Baldintzatu, txarrerako.

Eszenatoki horretan eman zen PNVn norabide aldaketa. Abertzale eta soberanisten arteko akordioaren aldeko hautua egin zen, Lizarra-Garazi lortu arte.

Zorioneko une hori amaitu arren, Ibarretxeren urteetan Lizarra-Garazin egindako aldaketa estrategikoari eutsi zion PNVk ofiziliaki. Halere, lehenengo momentutik jeltzaleen baitan dagoen beste korronte politikoa lanari ekin zion Lizarra-Garazi aurretiko egoerara itzultzeko, «Espainian eroso egotea» xede nagusia izan duen korronte autonomista eta neoliberala sutsua, alegia.

Ildo horrek boterea berreskuratutakoan, Urkullu-Ortuzar garaia, berriz ere PSOErekiko akordio estrategikoari heldu zion. Haatik, aurrekoan gertatutakoa gerta ez zedin, aldaketa bat egin zuten. PNVk PSOEren botoemaileen seme-alabak bereganatzea, independentismoari uko egingo ziotela adieraziz eta «egonkortasunaren» bermea beraiek zirela salduz.

Gauzak horrela, betiko eremu soziologiko batzuei eutsiz, eta PP zein PSOEren ohiko eremuetatik zetozen milaka bozkak lortuz, adina indarra lortu zuen PSOEren gainetik egoteko mendebaldeko hiru herrialdeetan. Nafarroa Garaian mesedea itzuliko zioten PSOEri Geroa Bairen bidez.

Baina iraunkorra den gertaera bakarra aldaketa da, eta berriro egoera aldatu da. PNVren ezkerraldean dagoen eremua hauteskunde-marka bakarrean elkartu da Hego Euskal Herrian; ETA behin betiko desagertu da; Osasun-krisia larria pairatu dugu; globalizazio bete-betan bizi gara, erreferentziak aldatu dira, NATOren egitura militarrean sartu gaituzte, krisi klimatikoak elikagaien krisi baten ataria eraman gaitzake, lan prekarioa hedatu da, banketxeek eta enpresa energetikoek agintzen dute...

Garai berri honetan PNVk maileguan izan dituen bozkak galdu ditu, baina oraingoan nekez egin dezake 1998an egin zuen norabide aldaketa. 2023an PNV soberanista, aurrerakoia eta solidarioa sinesgaitza izango litzateke eta.

Ez pentsa, irakurle maitea, iritzi hau zabaltzean pozez zoratzen nabilela. PNV harrokeriak zigorra merezi du. Josu Jon Imazek, Urkulluk eta Ortuzarrek bideratutako politikak nazka ematen dit, pribatizazio prozesuari lotsagarria deritzot, PNV NATOzale amorratua izatea kriminala iruditzen zait. PNVk ordaindu behar du bere hautua.

Aldiz ez nago batere pozik: batetik arestian esan bezala, ez dudalako aukerarik ikusten PNV soberanismoren eremura itzultzeko; eta bestetik, eta gehien kezkatzen nauena, EH Bildu PNVk eskatu zuen mailegu bera eskatzeko prest dagoela aurreikusten dudalako. Mailegu horrek amortizazio-prezio bera izango duelarik: askapen prozesua eten, neoautonomismoa ontzat hartu eta PSOEren eskuari goxo heldu.

Recherche