Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Maitasunez kutsaturiko bidea

«Aurrez aurrekoen ostean berrogeialdia egitera behartzen dute, PCR probarik gabe, sintomarik gabe. Hamar egun zigor moduluko ziega batean».

Aspaldi baten idatzita utzi nuen «nikeriaz» jota bizi ginela. «Ni» hori, guztiaren gainetik; ez «gu», alegia. Horra bultzatzen gaituen neoliberalismo basatiak bakartzea du helburu, norberak lagun hurkoa aurkakotzat hartuz etsai txiki edo handi bihurturik; inoiz ez lankide, edo burkide; are gutxiago, lagun.

Gaur egun, kapitalismo neoliberal horri aurkari zital eta ahaltsua agertu zaio: covid-19 deiturikoa. Beraz, aurkariari aurre egiteko bide berria zabaldu behar du, boterea gal ez dezan. Mirakulurik ezean, gu guztiok, pertsona guztiok, sistema kapitalistarentzat bere lanabes gara, nerabe, alegia; zenbat eta txiroagoak edo ahulagoak izan, orduan eta errazago bereganatuko gaitu. Eta, nire jakinduria kaskarretik bada ere, ez dut beste biderik ikusten gizaki gisa bizitzen ari garen egoeraren aurrean, elkarlana iraunaraz dezagun, eta herri gisa ahaldundu gaitezen.

«Ni»-tik «gu»-ra distantzia ikaragarria dago, norbanakoei birusaz kutsa ez gaitezen eskatzen digutena baino handiagoa.  Covid-19aren ondorio larrietan bete-betean harrapaturik gera gaitezke luzez, edota betiko; arrisku bizia ikusten dut. Gizartearen barne isolamenduari begira, diot.

Isolamendua bere esanahi osoz zer den, eta nolako ondorioak dituen, inolako atrebentzia ez delakoan diot, euskal preso politikoek dakitela, bizitzen ari baitira ezagutu dudan orain arteko egoera gordinena: bakarrik egotea bakardade itzela bihurtua; norbere ahotsa ezezagun izatea, baina oihu bat edo beste bota beharra ziegako bazterrean bere buruari bizirik dagoela esateko; negarra begietan, amorrua ezpainetan, gorputza dar-dar eta atea jo ezin laguntza eske, beste aldean inor ez dagoelako hitz goxo batez, begirada leunez edota ahots normalez erantzungo dionik...

Alferrikako lana maitasun bila ibiltzearena. Toki horiek ez ziren egin horretarako, eta bai preso bakoitzaren nortasuna birrintzeko eta, ahal balitz, ezabatzeko. Zigor tokiak dira. Kaxa ilunak sentimenduak argirik izan ez dezaten kanporatzeko, eta bai bertan hilik geratzeko. Horrela erail dituzte azkenaldiko hogei euskal preso politiko. Bizitzari helduz, jakin gabe dirauten bizirik ala heriotzari heldurik.

Lagun batek idatzi zidan: «Larunbatean egon ginen aurrez aurrekoan. Biak egin genituen egun berean, goizez intimoa eta arratsaldez familiarra. Izan ere, aurrez aurrekoen ostean berrogeialdia egitera behartzen dute, PCR probarik gabe, sintomarik gabe. Hamar egun zigor moduluko ziega batean, karrajua itxita (birusek ihes egin ez dezaten izango da), atera gabe. Soilik telefonoz deitzera, egunean zortzi minutu. Nahiz eta ez dagoen beste inor moduluan, ez diote patiora ateratzen uzten. Hori du zigor, maite dituenekin kontaktuan egon nahi izateagatik».

Garai gogorrak bizi dituztenak, eta garai latzak guztioi datozkigunak. Ez bagara gai gizartea astindu eta berpizteko bidea erakutsiz, ez gara gai izango maite ditugun euskal preso politikoak etxeratzeko. Askatasuna garaile atera dadin, maitasunez kutsaturik egin behar dugu bidea, elkartasunez, eta konplizitatez osatua.

Recherche