Klaudia Irati Bidaurrazaga García

Maratoia

Ezin dugu ukatu, gizartea aurrera joan da. Gizakiak gizakia denetik aurrerapausu handiak eman ditu elkarbizitzarako. Azken mendeotan matxismoaren, arrazismoaren, xenofobiaren, homofobiaren eta abarren aurka asko kontzientziatu da gizartea. Hurbilago gaude feminismotik, berdintasunetik, tolerantziatik. Baina, beste garaiekin konparatuz, helduagoak gara? Ez dut uste.

Kanten heldutasunaren definizioa jarraituz, heldua da librepentsalaria dena, gidari bat itsu jarraitzen ez duena. Eta, egia da gaur egingo gizartean ez dugula aurreko mendeetan bezala gidari bat inposaturik (lehen Eliza zen bezala). Gaur egun, hainbat gidari ditugu eta haien artean aukeratzeko eskubidea. Baina, horrek, helduago egiten gaitu? Ez dut uste.



Gure gizartean integratuta dagoen jarrera pasiboak tristetzen nau. Helduagoak izan gaitezke, baina ez behar beste. Gizartea aldatzean jarduten ez duenak, pasibismoak menderatzen duenak, ezin lezake esan heldua denik. Injustizien aurrean gizarteak kontzientziatzen gaitu, baina, injustizien kontziente garen bitartean, egoera hori aldatu nahi izanak eta aldatzeko jarduteak egiten gaitu heldu. Batzuek uste dute gidari bat inposaturik ez dugulako eta aurrerapausuak eman ditugulako helduagoak garela, etabai, izan liteke. Hala ere, gizartea injustua den bitartean, herritar guztiek eskubideak ditugun baina eskubide horiek guztiz betetzen ez diren bitartean, ez da helduagoak garela esateko momentua. Maratoi batean lehen kilometroetan gelditu eta txaloka jartzen ez garen bezala, gizartea guztiz heldua eta justua den arte ez dugu zertan txaloka hasi, hel gaitezen helmugara, buka dezagun maratoia. Orduan izango dugu denbora sobera txaloka hasteko.

Recherche