Mikel Soto
GAUR8

Mazedonia

Duela egun batzuk jakin izan dugu Nafarroan eskuinaren hautagaia, berriz ere, Yolanda Barcina izango dela. Sorpresarik ez, ondo merezia baitzeukan izendapena.

gegintzaldi honetan erabakimen irmoa eta politikarako gaitasun aparta erakutsi ditu eta, horrez gain, abestiak aipatzen duen «jeta de cemento» terribliya. Izendapenaren berri ematerakoan «Bildu buru duen indar politiko ezberdinen mazedonia baten kontra borrokatzea» duela helburu esan du. Zalantzarik gabe, bi alderditan banatuta egon arren (UPN eta PP), Nafarroan askoz homogeneoagoa da eskuina ezkerra baino. Soilik Bilduren baitan lau alderdi daude. Hala ere, etsai politikoek horrelako kontuei esker abantaila ateratzen saiatu behar duten arren, ez dut uste hori ahultasun ikur denik. Eta balitz, ahultasun hori indargune bihurtzea litzateke estrategiarik inteligenteena.

Ezin diogu mazedonia izateari utzi. Are gehiago, ez diogu utzi behar. Sun Tzu pikutara bidalita ere, horretan datza gure indarretako bat. Zaila izango dugu gestore onen, demokraziaren txapeldunen edo alternatiboen dominak eskuratzea –ez hori eta askoz gehiago ez garelako–. Beraz, izan dadila gure ikurra ezberdinen artean ideal batzuen aldeko fronte zabala eratzeko gaitasuna. Zinez uste dut gizartearen aurrean aparteko egiazkotasuna ematen digun zerbait dela, herritarrek igartzen eta estimatzen duten eta goranzko joera duen balorea dela. Eta balore hori erreala izan dadin, ezberdinon ezberdintasunari lekua utzi behar diogu gure jardunean.

Ulertezina beharko lukeena zera da: Sorturen, Eusko Alkartasunaren edo EH Bilduren prentsaurrekoak ia berdinak izatea. Instrumentu ezberdinek jotzen duten antzeko melodia bat. Esperientziaz –txikia bada ere–, badakit zeinen zaila den bozeramaile lana, batez ere garaiotan. Dena adostua dagoenez, ez dago tarterik inprobisaziorako eta erantzun guztiek, nahitaez, gidoiaren barruan egon behar dute. Baina, hori esanda ere (hori akatsa den baloratu gabe), aitortu behar dut gehien gustatzen zaizkidan bozeramaileak, sarri, koalizioaren ertzetan daudenak direla: Sabino, Patxi, Laura, Oskar… edo, elkarrizketak behartuta, diskurtsoaren ertzetara jotzen duten eledunak. Gure jardun komunikatiboaren parte handi bat komunikatzen duguna berdintzera edo, are, ez-komunikatzera bideratzen badugu, gizarteak ezin du mezu argirik ikusi. Eta horrek sortzen dizkigu benetako zirkuitulaburrak, ez aipatzen genuen fronte zabal horretan iritzi eta jarduteko modu ezberdinak egoteak.

Duela hiru urte hemen idatzi nuen «nire uste apalean saihestu beharko dugun mamuetako bat, ispilu-jokoaren bidez nolabait adierazteko, ezker abertzalea Bilduko HASI eta Bildu gizarteko HB bihurtzeko joera izango da». Ez dut uste mamu hori uxatu dugunik. Esango nuke guztiok ulertzen –eta errespetatzen– dugula 1980. hamarkadan gertatzen den HB baitako homogeneizazio prozesua estrategia politiko-militar baten ondorio dela. Baina ez genuke egun erabiltzen ari ez garen estrategia baten ondoriorik nozitu behar, ez zelako izan ondoriorik positiboenetako bat eta aukera egon zen guztietan horren kontra borrokatu zelako; alderdi politiko huts izan beharrean mugimendu, bloke, fronte izateko.

Arestian esaten nuen gure mazedonia izaera maite nuela. Hein berean beldurra ematen dit mazedoniatik purea egiteko dugun gaitasuna. Hautagaitzaren aurkezpenean, Yolanda Barcinak aitortu zuen «akats ugari egin duela eta haiengandik asko ikasi duela. (...) Une kritikoak pasa ditugu, baina bloke hori gara berriz ere».

Bloke aurrean eta hura behera botatzeko asmoz, izan gaitezen gu mazedonia.

Recherche