Mediku zuriaren zama
Behatokiari esker, Maxux Rekalderen berri izan dut, nola arreta euskaraz jasotzeko eskubidea ukatu zaion, eta horrek ekarri dion atsekabea eta bihozmina. Behatokiak bere lekukotza jasotzen duen ‘Gogoan izan’ izeneko dokumental bat sortu berri du. E-postaz bidali didate, baina ezin izan dut ikusi, Osakidetzako ordenagailuak ez didalako uzten. Pazienteak euskaraz bizitzeko hautua egin duen herritarra dela diosku Behatokiak. Hizkuntza kontzientzia sendoa duela bistan da, alegia, euskararekiko atxikimendua, maitasuna, grina baduela. Izan ere, ama hizkuntza bere nortasunaren parte dela gogoan du, kontzientea da, barrenak hala agindu dio. Zentzuz, asmo garbiaz, arreta soziala eta sanitarioa euskaraz eskatu ditu, behar den eran.
Bi gauza aipatu beharrekoak. Alde batetik, aipagarria da gaur egun euskarazko osasun arreta ez dela bermatzen Euskal Herrian, zerbitzua gure hizkuntzan jasotzea salbuespena dela alegia. Bigarrena, Maxux bera salbuespena dela, zer eta bere eskubideak aldarrikatzen dituelako. Esan daiteke salbuespen egoera batean bizi garela. Baina ez da horrela. Zoritxarrez hau arazo globala da, mundu osoan eremu urriko hiztun guztiak zamatzen dituena.
Medikua naizen aldetik, ez ditut nire eskubideak aldarrikatuko. Oraingoan ez behintzat. Ez dut berdintasunik aipatuko; zaharrak berri. Kalitateari buruz hitz egingo dut. Izan ere, kalitatezko osasun zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena baita, edo beste era batera esanda, kalitatea eta hizkuntza banaezinak dira. Gaur egun indarrean dagoen eta Munduko Osasun Erakundearen eredua da: biopsikosoziala, pazientean zentraturikoa, integratua.
Ikuspegi sistemikoaz kalitatea irizpideetan bana dezakegu. Onargarritasuna adibidez, erabiltzailearen gogobetetzea, bere itxaropenak, gogoak eta kultura errespetatuko dituen zerbitzua eskaintzea da. Atal honetan kale egin dugu. Ekitatea diskriminaziorik gabeko zerbitzua eskaintzea da; berriro huts egin dugu. Efizientzia baliabideen erabilera egokia da, baita giza-baliabideena ere, baina badira euskal guneak (UEMAko herriak esaterako) non ez dagoen mediku euskaldunik. Osasun arloan arnasguneak itolarrian. Segurtasuna, arriskuak ahal dugun heinean gutxitzea, funtsezkoa da. Ikusita gaude kardiologia zerbitzuan ospitaleratuak izan diren euskaldunak, pankreatitis akutuak jota zeuden arren; edo bihotzerreaz ospitalera joandakoak, zaintza intentsiboko unitatera bideratu dituztenak, bihotzekoak jota zeudelakoan.
Orain arte hizkuntza ez da kontuan hartu kalitate irizpideen artean. Hemen medikua kokatu dugu eztabaidaren erdigunean, eta mediku ona lehenesten da. Euskaltzale zein erdaldunak, guztiok oker gaude; pazientea da ardatza, erdigunean kokatu behar dena, eta ez medikua. Pazientearen ezaugarriek baldintzatzen dute behar duen zerbitzua, eta ez alderantziz. Hau da egia borobila.
Baina kulturak, aurreiritziek eta gizarte-mailak medikuntza baldintzatzen dute oraindik ere. Kultura aniztasunari eta menpeko hiztunen aldarrikapenei aurre egin ezinik, erronkaren zamak aztoratzen du mediku zuria. Ez da legea betetzen, ez da kode deontologikoa errespetatzen, pazienteen eskubideak urratzen dira, eta aldi berean ez dugu kalitatezko zerbitzurik bermatzen. Aztura zaharrei tinko eutsiz, mediku onaren mitoan bilatzen dugu babesa. Gure burua zuritzen jantziak gaude.
Hizkuntza kalitateari lotuta dago. Batzuentzat zentzugabekeria dena, pausoz pauso aurrera eginez gero, guztiok onarturiko errealitatea izango da laster. Galileok elizaren zimenduak ikara batean jarri omen zituen, baina ez zen hainbesterako. Elizak egia onartu zuen, ez zeukan beste aukerarik: lurra eguzkiaren inguruan biraka dabil. Hemen gauza bera gertatuko da: hizkuntza eta kalitatea banaezinak direla argi eta ozenki esateak ez dio kalterik egingo osasun sistemaren egonkortasun eta bake sozialari. Ez dugu esan nahi euskaraz ez dakien medikua txarra denik. Arreta pazienteak lehenetsi duen hizkuntzan izan behar dela besterik ez. Laster adiskidetuko dira egiarekin, beste aukerarik ez dutelako: hizkuntza eta kalitatea banaezinak dira.