Jon Argintxona Badiola
Gernika memoriaren lekuko

Mendebaldeko Sahara tinko

Haiek puztutako hainbat sute piztu dituzte gaur egun gupida gabeko munstro zeken harrapakariek, munduan. Ondorioz hainbat jende, herri, lurralde izugarrikeriak sufritzen ari dira. Gure gogoa, beti, ahal dugun neurrian, Gernikatik, beste Gernikei begira jartzea da, eta egunotan, beste behin ere, alarma sirenari eragin behar diogu, askatasunaren bila hamarkadak daroaten sahararren alde. Zenbat urte daroate askatasun borrokan! Espainiar kolonialismoaren kontra lehenengo; 1975etik −israeldarrak hemen ere inperialismoaren laguntzaile− Estatu Batuek sostengatutako marokoar estatu piramidalaren erasoari aurre eginez gero... Gainera, Mendebaldar «demokraziek» haien interes ekonomikoei eusteko, okupazioa eta garbiketa etnikoari «ez ikusiarena» egin izan dioten bitartean, lurraldea arpilatzen ibili dira urtetan: mineralak, itsasoaren errekurtsoak... Espainiar enpresak, frantziarrak, gureak, euskal herritarrak, ere bai. 

Sahararrak, borroka armatuari eutsiz, hor diraute, askatutako lurraldetan, erbestean, errefuxiatu kanpalekuetan, nazioarteko fronte diplomatikoan, tinko.1963tik Nazio Batuek deskolonizazio prozesuan dauden herrien zerrendan dago Mendebaldeko Sahara. Baina, 1975-76 tartean marokoar inbasioari lekua utzita, espainiarrek lurraldetik ihes egin zuten, nazioarteko zuzenbidearen arabera haien ardura zen autodeterminazio prozesua eratu barik.1976ko otsailaren 27an, ordea, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu eta borrokarekin jarraitu zuten sahararrek. Ez da txantxetakoa nazioartean lortu izan dutena ere, Saharako Errepublika, 1982tik Afrikako Batasunaren kidea da eta 84 herrialdek onartzen dute haien goi mailako ordezkaritza diplomatikoa, Nazio Batuek barne. 

Gerra hark 1975etik 1991 arte iraun zuen; urte horretan su etena sinatu eta Nazio Batuen erreferendumerako misio berezia eratu zen, Minurso, baina, marokoarrek beti oztopatu dute erreferenduma egiteko prozesua, eta, 2007an, beste aukera bat aurkezten dute, lurralderako autonomia estatutua. Ordutik Estatu Batuetako ordezkariek aukera hura saltzen ahalegindu dira nazioarteko topagune diplomatikoetan. 

2020an tregoaren haustura behartzeko asmo argiz, marokoar armadak anabasa militarra probokatu zuen eta Fronte Polisarioa borroka armatura itzuli zen. Asmoa argi zirudien, sahararrak, marokoar plana onartzera behartu. Bitartean, Nazio Batuen autodeterminazioaren bidea blokeatuta zirudienez, Trumpen lehen agintaldian jadanik, baina bereziki bere bigarren agintaldi honetan, estatubatuar ordezkaritzak ofentsiba diplomatiko orokorrari ekiten dio Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan. Urriko azken asteburu honetan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Minursoren luzapena eztabaidatu denean, estatubatuarren asmoa, misioarekin amaitzea eta marokoar plana «konponbide» bakartzat hartzea izan da. 

Aliatuak dira AEBak eta Maroko. Afrikako Ipar Mendebaldean Estatu Batuen base militar eta logistiko nagusia bihurtu da aspalditik, eta gero eta handiagoa da zonaldean duten presentzia; ekonomikoa eta militarra. Bestalde, lurraldea eskaintzeaz gain, Marokok, aliantzaren trukean Israeldar estatua onartzeko Abrahamen hitzarmenak sinatu, arabiar kausa albora utzi, palestinarren sufrikarioa ahaztu, eta Jerusalemen enbaxada zabaldu du. 

Ez zaizkie ordea estatubatuar-marokoar bikoteri (eta beren atzetik datozen frantziar eta espainiar interesdunei) dena borobil irten. Segurtasun Kontseiluan Errusiak betoa jarri dio estatubatuar proposamenari eta ez da onartu... Minursoren jarraipenari dagokionez gauza bera gertatu da Estatu Batuen aldetik. Ondorioz, Minursok ez du bere horretan jarraituko... Baina, Antonio Guterres azpimarratu duen bezala, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubideak jarraitzen du, nazioarteko legediaren barruan, saihestezinezko oinarri bakarra izaten. Kostatutako garaipena, itxaropenezko garaipena. Horregatik, Gernika Memoriaren Lekutik, diogu, haien borroka gurea ere badela, haien askatasuna gurea ere badela. 

Gora Sahara askea! 


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Recherche