Aitziber Sarobe Egiguren eta Edurne Huesa
Naturkon

Mendien eta basoen abandonua

Bada garaia basogintzara bideratutako dirulaguntzak eta politikak onura publikoaren baitan (osasuna, ura, bioaniztasuna, baliabideak, klima aldaketari aurre egiteko aukerak…) diseinatzeko.

Azken urteotan gure paisaiaren koloreak kezkatuta gauzka basozaleak ez ezik herritarrak ere. Basogintzak bizi duen krisia begi bistakoa da eta jabeen zein industriaren kexak hedabidetara iristen dira tarteka. Natur talde eta talde ekologistoi egurraren industriaren mesedetan eraikitzen diren diskurtsoak eta adiera faltsuak argitzea edota ezeztatzea dagokigu, auzi honetan argibiderik aurkituko badugu.

Gipuzkoako Basozaleen Elkarteko ordezkaria entzun berri dugu Euskadi Irratian banda marroiaren izurria (eta pinuak aspalditik dituen bestelako gaitzak) covid-19ak eragindako pandemiarekin alderatzen; ez baterako ez besterako ez geundela prestatuta esateko. Banda marroiaren eta gorriaren erantzuleak diren onddoak, baina, aurreko mendearen erdialdetik dira ezagunak hemen eta jakin badakigu monolaborantzan oinarritutako ekoizpen eredu intentsiboek horrelako onddoak zabaltzeko baldintzak erraztu besterik ez dituztela egiten. Basogintza eredu horrek, gainera, kaltea ez du zuhaitzetan bakarrik eragiten. Zuhaitz espezie horiek matarrasa teknikaren bidez ari dira ateratzen eta teknika horrek lurzoruan eragiten duen kalteari buruz ez dute hitzik esaten. Azken urteotan lurzorua higatzen eta galtzen ari gara: tona eta tona lur ari gara itsasoratzen baso-mozketa bakoitzean. Lurraren emankortasuna galtzen ari gara eta hori ez da izurrien eraginez bakarrik gertatzen ari: egurraren industriak eta basozaleen elkarteek, administrazioaren laguntzarekin, mantendu nahi duten basogintza eredua da horren erantzulea.

Konfinamendu garaian basogintza «aktibitate esentziala» izendatu zelako ez zen eten zuhaitz mozketa udaberrian. Basozaleen elkarteko ordezkariak egurgintza, papera eta etxegintzarako egurra ekoizteko beharrezkoa delako justifikatzen du erabaki hori. Baina, esan ez zuena da, Gipuzkoan ekoizten den papera egiteko erabiltzen den egurra itsasontziz ekartzen dutela eta eraikuntzarako eta bestelako erabileretarako baliatuko dena, kanpora eramaten ari direla kamioietan, egurraren industria kolapsatu egin baita hemen.

Tematuta daude basozaleen elkarteak eta egurgintzaren industria bioekonomiarako egurrak duen balioa goraipatzen. Ekonomia zirkularrarekin eta zero kilometro estrategiarekin nahasten dituzte kontzeptu denak. Egurrean oinarritutako ekonomia bioekonomia bezala definitzea onargarria da, baina bioekonomia, bere horretan, ontzat ematea ez. Hor daude, esaterako, Amazoniako eta Borneoko baso mozketek edo alboan ditugun Portugaleko edo Galiziako eukalipto landaketek eragindako kalteak. Horiek, noski, ez dugu uste bioekonomiaren izenean onartu beharreko ereduak direnik.

Gainera, badago gure basoetan benetan kaltegarria izan daitekeen praktika bat: landaketarik ez dagoen eremuetako biomasa (hildako edo berez etorritako egurra) ustiatzea. Lurzorua emankorra izango bada materia organikoa behar du; lurra onduko bada, bizidunak edota haien osagaiak usteldu behar dira bertan. Prozesu horiek zailtzen edota oztopatzen dituen ustiapen eredua ezin da jasangarria dela onartu.

Azkenik, aipatzekoa da ere lur jabe askok birlandaketak egiteari uko egin diolako, basozaleen elkarteek eta egurgintzaren industriak zabaldu nahi duten beldurra: suteen arriskua emendatuko dela diote. Nortzuk, eta eukaliptoa bezalako espezie pirofiloak landatzearen alde egiten ari diren berberek. Sutearen kontrako erremediorik onena baso helduak dira, oreka ekologikoan dauden basoak, guk ez dauzkagunak eta basogintza eredu intentsiboak oztopatzen dituenak. Baso “abandonatu” horiek dira gure berezko basoak berreskuratzeko daukagun aukerarik onena. Denbora beharko da, baina horiek dira sustatu eta saritu beharreko basoak.

Basogintza krisian dago gure herrian. Eredua aldatu behar da, sektorea modernizatu: alegia, ingurumen kalteen baitako ekoizpen eredua arautu. Hein batean diru-publikoak eusten du jarduera hau. Bada garaia basogintzara bideratutako dirulaguntzak eta politikak onura publikoaren baitan (osasuna, ura, bioaniztasuna, baliabideak, klima aldaketari aurre egiteko aukerak…) diseinatzeko. Landaketetatik basoetarako bidea egin behar dugu eta horretarako denbora behar da. Natur ingurune osasuntsua nahi badugu, denbora ordaindu beharko dugu, basoak birsortu eta biodibertsitatea berreskuratzeko denbora. Epe luzera begirako politikak diseinatzea eskatzen du horrek eta dagoeneko berandu gabiltza, bizi dugun pandemiak erakusten digun bezala.

Recherche