Larraitz Ugarte
Abokatua

Merke merkaua

Aurrekoan mitin batean hizlari bati entzun nion esaten ez zaizkiola hauteskunde kanpainak gustatzen. Mitin bat hasteko modu bitxia iruditu zitzaidan, kontraesankorra bere horretan, eta entzulearen belarrietara desegokia izan zitekeela ere pasatu zitzaidan burutik. Baina arrazoiak botatzen hasi eta berekin ados nengoela ondorioztatu nuen.

Gogoan ditut txikitako merkatuak, non, batek galtzerdiak 200 pezetatan saltzen bazituen, ondokoak ozenago oihu egin behar zuen, berak 150ean zituela aldarrikatzeko. Kanpainek hortik asko dute. Batek etxea erosteko aukera emango dizu eta, gainera, etxe hori erosteagatik deskontua egingo dizu errenta aitorpenean; besteak hainbat etxebizitza eskuratuko dizkizu, zure ametsetako autonomia irabaz dezazun. 48 ordu baino ez eta artatua izango zara. Konkreziorik gabeko eskaintzak ere badira nonahi. «Ez zaitut abenturatan sartuko» edo «nirekin egonkortasuna nagusi» bezalakoak... Arrasaten bertako merkatariek aldian aldiro merke merkaua antolatzen dute. Bada horixe dira hauteskundeak: merke merkauak.

Zarata horren guztiaren erdian ez da erraza galtzerdiak behar dituzun edo benetan asko iraungo duten kuleroen bila joan ote zaren gogoratzea. Eta agian, hainbeste garrasi egin gabe, lehiako eskaparatean egon arren, badago norbait erritmo pausatuago batean, patxadaz eta zintzo begietara begiratu eta esaten dizuna «200 pezetako galtzerdiak eskain diezazkizuket, baina hilabetera patata ederra izango duzu, botak estu samar badituzu». Agian galtzerdi horiek benetan behar dituzun galdetuko dizuna... Dudarik gabe hori da komeni zaizun saltzailea, merkatura abiatu aurretik parez pare aurkitu nahiko zenukeela uste duzuna, bertaratu ostean jada pentsatzeko gaitasuna zorabiatzen bazaizu ere.

Zer da ba behar duguna? Behar duguna sektore publiko indartsu bat da. Gure garapen ekonomikoa, ehun produktiboa etorkizunera eramateko lidergo eta interbentzio maila egokia garatuko dituena, hemen sortzen den aberastasuna hemen geratu eta hemen banatu dadin herritarrok gure bizi proiektuak duin garatu ahal izateko.

Sektore publiko indartsu bat, zerbitzu publiko kalitatezkoak ematen dituena. Badakigu baliabideak finituak direla eta zerbitzu publikoak ezin direla beti atarteraino iritsi. Baina baliabideak handitu ditzakegu esfortzu kolektibo batekin, eta zerbitzu hobeak izan. Zerbitzu publikoak hobetu antolatu daitezke, zerbitzu horiek ematen dituztenak eta erabiltzaileak arretaz entzun eta soluziobideak elkarrekin planteatzen badira. Kudeatzaile on profilak jartzen badira, alderdi bateko fideltasun irizpideen gainetik. Eta zerbitzu publiko horiek unibertsalak eta berdintzaileak izan behar duten konbikzio politikoa badugu.

Behar dugu herri anbizioa. Herri anbizioa, Euskal Herrira bere osotasunean begiratuko duena, gainontzeko euskal lurraldeekin elkarlanean, herri hau eraikiz, marka, identitatea, estatu egiturak... eta tresna juridiko eta administratiboak lortzeko anbizioa, estatuekin egungo subordinazio harremanetik berdinen arteko harremanera jauzi egin ahal izateko.

Behar dugu gurearen defentsa. Hizkuntz politika proaktibo eta ausart bat, territorioaren bertebrazioa eta artikulazioa, lurralde antolaketa egokiago bat, trantsizio ekosozial antsiosoago bat, politika publiko feministak eta segurtasun eredu propio ez hain zigortzaile bat. Behar dugu sektore publiko modernoago bat eta res publikoaren kontrol eta gardentasun handiagoa. Sare klientelarrekin amaitu eta administraziorako sarrera merituetan oinarritzea. Beste kolaborazio publiko-pribatu bat.

Baina batik bat behar duguna begirada luzeago bat da. Herri hau nora eraman nahi dugun aztertu, honaino nola iritsi garen eta nola gauden ondo diagnostikatu eta epe motzeko soluzioekin batera epe luzerakoak norabidetu.

Ez da erraza kanpaina baten erdian diskurtso pausatuak ezartzea, abstraktuagoak baitira, abstraktuegiak akaso, eta postu horretatik pasatzen zaren lehen aldian agian gehiegi erakartzen ez badizu ere, bigarrenean, beste postu guztiak ikusi eta hainbeste merkekeria entzun ostean arreta sortzen duela iruditzen zait. Arazo konplexuek inoiz ez baitituzte soluzio sinpleak. Osakidetza ez da gauetik goizera zutituko, zaintza sistema irauliko, Ertzaintza zentzatuko. Problema konplexuek soluzio konplexuak dituzte, eta horiek egikaritzeko denbora behar izaten da.

Ohituragatik betiko galtzerdiak erostea, jakinda hilabetera zulatuko direla, ulergarria da. Baina baldin badakizu zulatuko zaizkizula, zergatik ez frogatu... Tesitura horretan egongo dira hiru probintzia hauetako herritar ugari, zer egin jakin ezinda. Leialtasunak haustea gero eta errazago izanik ere, boto sentimental kuasi-erlijiosoa alderdi guztietan dago. Hala ere, konbentzituta nago sinesgarritasunaren lehia gailenduko dela oraingoan, merke merkauan sinesgarria izateak duen garrantziak pisu handiagoa hartuko duela. Eta sinesgarritasuna urteetako lanaren emaitza kontundenteenetakoa da ezker independentismoaren kasuan.

Astebete baino ez, inoizko hauteskunde lehia bizienak ospatzeko. Astebete, ezker independentismoak inkestek aurreikusten dituzten emaitza historikoak noraino iristen diren ebazteko. Herritarrek betikoa edo aldaketari bide ematea hobesten duten ikusteko. Kanpainako azken asteak beti izaten dira urduriak. Txapel azpitik txorakeriak bota edo kolpe baxuak emateko egunak. Pello Otxandianok maila altua emango zuen eztabaida proposatu zuen, baina zaila izango da datozen egunotan proposamen horri baikor erantzutea. Hala ere, sinesgarritasuna luzera begirako balorea da eta horretan pertseberatu behar da. Ze 22tik aurrera merke merkauko galtzerdiei zuloa ateratzeko egun bat gutxiago faltako zaie eta iraupen luzeko kuleroen arrakastak ez du egundaino goia jo.

Recherche